Mutil nafar baten historia azaltzen du Yon Etxaidek idatzitako Pedro Mari antzezlanak. Gaztea Ameriketara joateko irten da Baztandik, baina soldadu espainiarrek atzeman dute bidean. Kataluniako frontera eroan dute, frantsesen aurka borrokatzeko. Egun batean, lainopean galdu eta noraezean ibili da, lagun talde bat euskaraz kantatzen entzun duen arte. Baigorri aldeko soldaduak dira. Azkenean, espainiarrek preso hartu dute Pedro Mari, eta traidoretzat jo, «frantsesekin» egoteagatik. «Haiek nire odolekoak nituen eta mintzaira berbera zerabilten ezpainetan», esan die bere burua defendatzeko.
Erratzukoa izanik, nolaz izango dira arrotzak Baigorri, Banka, Aldude eta Urepeleko euskaldunak Pedro Marirentzat? Gazteari hizkuntzak sortzen dio herrikidetasun sentimendua. Euskalduna da, Izpegiz beste aldekoak bezala. Euskara da haien aberria, hein batean. Baina soldadu espainiarrentzat aberri bakarra dago: Espainia. Eta hiltzera kondenatuko dute Pedro Mari Belarra.
Aberria eta hizkuntza. Aberri Egunak eta Espainiako bozen kanpainak bat egin dute aurten. Mitinek hizkuntza erabileraren maila azaldu dute. Euskarari komunikazio tresna moduan ematen diogun balioa, garrantzia. Lau euskaldun izan dira egun berean Zarautzen: Andoni Ortuzar, Joseba Agirretxea, Jon Iñarritu eta Iñigo Arkauz. Laurek egin dute erdaraz. Bai, euskara ez da guztiz baztertuta egon, baina ez da pozgarria Zarautz bezalako herri batean politikari euskaldunek erdaraz hitz egitea. Arkauzen kasua ulergarria da, bere aberria Espainia baita, baina zer esan besteei buruz?
Praktikotasuna mezua zabaltzeko, badakizu. Eta hedabideen oihartzuna. Hain handia da Teleberri-ren itzala? Bai —hain da handia, non euskal kazetari ospetsu bat itsutzeraino irits baitaiteke. Gaztetako ametsa Teleberri aurkeztea zela esateraino. Zergatik ez Gaur Egun, euskalduna bazara?—. Espainieraren unibertsaltasunak diferentziak ezabatzen dituela adierazi du Felipe VI.ak, Cervantes Saria banatzeko ekitaldian. Espainieraren «familia handia» osatzen segitzeko eskatu du. Euskarak aniztasun folklorikoaren ukitu koloretsua agertzeko baizik ez du balio, antza. Kasu egingo diogu espainiarren erregeari? F... the king, f... the queen. You know what I mean.
Ortuzar, Agirretxea eta Iñarritu abertzaleak dira. Euskaltzaletzat joko dute bere burua, pentsatzen dut. Orduan, zergatik erdaraz Zarautzen? Euskararen herrian geografia linguistikoaren arabera sailkatzen dugu, sarri, hizkuntza. Erabilerak garrantzi handiagoa edo txikiagoa ematen dio euskarari, han eta hemen. Bilbo Handia —Ortuzar eta Iñarritu bertakoak dira— ez da Lea-Artibai. Euskara maila desberdinean dugu leku horietan. Hala ere, deigarri gertatzen da euskaldunek Zarauzko mitinean erdaraz hitz egitea. Eta mingarri belarrientzat. Batez ere, horietako hiru euskal abertzaleak direnean. Makal gabiltza normaltzat jotzen badugu Ondarroako politikari batek, bizkaieraz eta batuaz primeran dakienak, Zarautzen erdaraz egitea. Belarrietan minik eragiten ez badigu. Erdaraz, non eta Zarautzen, herritarren %79 euskaldunak diren herrian —Uemaren datuak dira, 2016koak—.
Zertarako eskatu Espainiako Legebiltzarrean edo Senatuan euskaraz egiteko, benetan behar den lekuan erdaraz egiten badugu? Uste zuten Madrildik Aste Santuan etorritako turistaren bat mitinean galdu eta herrian erroldatuko zela botoa emateko, haien argudioek konbentzituta?
Baigorrin, Juantorena tabernan, bertako herritar bat ezagutu nuen. Euskalduna. Frantziarrentzat, gaizkilea; espainiarrentzat, Erratzuko Pedro Mari bezalakoa. Aljeriako gerrara joateko deitu zuten, aberri kolonialistaren alde borrokatzeko, baina hark Ameriketara alde egin zuen. Han zegoela, aitaren berri jakin zuen. Hilzorian zegoen eta, hainbat urteren ondoren, ikusi egin nahi zuen. Semeak zirt edo zart egin behar izan zuen: Ameriketan geratuz gero, aitak ez zuen azken desioa beteko. Eta Baigorrira itzuliz gero, preso hartuko zuten frantsesek.
DARWIN ETA GU
Aberria, 'patria', 'patrie'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu