Asier Etxenike.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. IRITZIA

A-10, eta orain zer?

2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Estatuko hauteskundeen zenbakiei begira, hauteskunde hauen errepikapenean ardura nagusia izan dutenek —PSOEk eta Podemosek— zer irabazi dute aurretik akordioetara ez iristearen trukean? Orain dela sei hilabetetik hona, zer aldatu da?

PSOEren eta Podemosen arteko indar harremanak ez du aldaketa handirik izan, nahiz eta Podemosek zertxobait gehiago egin duen behera. Ezingo dute esan herritarrek arrazoia eman dietenik haien egiteko moduetan edo hartutako erabakietan.

Vox bereziki, baina eskuina orokorrean, indartuta ateratzea aurreikusten zuten inkestek. Lehenengoa bete da; bigarrena, ez—Ciudadanosekin batera hiru eserleku galduko dituzte orotara—. Voxen igoera asko(k) beldurtzeko modukoa da. Haren igoeraz gain, gainera, kanpainan ikusi denaren arabera, ikusteko dago haren diskurtsoak izan duen zabalkundea eskuineko alderdietan zein PSOEn bertan, eta zein ondorio izan dezakeen autoritarismoaren eta eskubide urraketen egikaritzean. Edozein kasutan, marko edo joko eremu orokorra, blokeei dagokienean —PSOE ezkerrean sartzen bada—, orain dela sei hilabeterekin alderatuta, ez da hainbeste aldatu.

Aldiz, blokeak bere horretan ez, baina gauza bat nabarmen aldatu da. Gobernu progresista bat nahiko balitz Madrilen, alderdi subiranisten beharra handiagoa litzateke. Gainera, horiek, Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian, emaitza hobeak lortu dituzte. Eta gainera, subiranisten artean posizio argiagoa defendatzen dutenek hobetu dituzte gehiago beren emaitzak. CUPen presentziak ere izango du eraginik Kongresuan. Beste aldean, eskuin eta eskuin muturren batuketa antzekoa bada ere, alderdi antiautonomistak indartsuago daude. Beraz, ardatz hori, subiranismoa vs zentralismoa, argiago marraztu dute bozkatu duten herritarrek.

Euskal Herrian, EAJk eta EH Bilduk biek lortu dituzte oso emaitza onak. Ataka honetan espero ahal zituzten onenak —EAJren Bizkaiko azken diputatua oraindik PPrekin dantzan egon daitekeen arren—. EAJk irabazi du, baina botoak galdu ditu eta EH Bildu hurbildu zaio. EH Bildu, abstentzioa igo arren, 15.000 boto baino gehiago igo da lau herrialdeetan. Hori lortu duen alderdi bakarra da, eta horri esker lortu du, lehen aldiz, Espainiako Gorteetarako hauteskunde batzuetan bai EAEn bai Nafarroan Podemosen aurretik geratzea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan geroz eta argiago geratzen da EAJren eta EH Bilduren artean dagoela lehia elektoral nagusia. Nafarroan, lehia beste bat da.

PSOEk eta Podemosek, biek, lau herrialdeetan izan dute boto jaitsiera nabarmena, eta diputatu bana galdu dute. PPk botoetan gora egin duen arren, berriro ere diputaturik gabe geratu da EAEn. Voxek apirileko boto kopuru ia berdina lortu du.

Eta orain zer? Hauteskunde hauek eman dituzten zenbakiek ez dute desblokeoa konponduko. Bozkatu dutenek, tentsio nazionalek bultzatuta edo, haien posizioak modu argian adieraztera jo dute. Polarizazioa areagotu da. Abstentzioan geratu direnen mezua interpretatzea zailagoa da. Orain politikariei haien ardurak asumitzea eta politika egitea tokatzen zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.