Oihana Elduaien Uranga.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa

75 aulkiko mahaia

2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Lehendakari berria historiara pasatuko da. Presoak Euskal Herrira ekarri zituen lehendakari gisa, edo presoak Euskal Herrira ekarri zituztenean agintean zegoen lehendakari gisa. ETAren desarmatzearen eta amaieraren lehendakari gisa ere pasa daiteke. Krisia gainditzeko gogor lan egin zuenaren gisan. Edo neurriekin asmatu ez, bakarrik geratu eta kargua utzi behar izan zuen lehendakari gisa... Zer lortuko duen asmatzen ez da erraza, baina zer landu beharko duen begi bistakoa da.

Gatazkaren ondorioen korapiloak askatzen, behinik behin, egin beharko du eginahala, alderdiekin hainbat adostasun lortzen saiatuz. Bakea eta normalizazioa, euskal preso eta iheslariak, biktima guztien errekonozimendu eta erreparazioa, adiskidetzea, egia...

Guztien iritziak hartu beharko dira kontuan, eta, horretarako, gune egokia izango da urriaren 21eko emaitzen ostean sortuko den legebiltzarra. Nolabaiteko alderdien mahaia izango da legebiltzarra, Hego Euskal Herriko lau ideologia nagusi eserita egongo diren mahaia, eta, gainera, herritarrek emandako botoen araberako pisuarekin osatuko dena. 75 lagun egongo direnez, ikusi batean, ez da oso mahai eraginkorra izango, baina, sakontasun gehiagorekin edo gutxiagorekin, gatazka eta haren korapiloak (ere) hizketagai izango diren mahaia. Gune praktikoagoak ere izango dira, deitu Bake eta Normalizaziorako lantaldea, edo beste izeneko bat izan.

Aieteko Nazioarteko konferentziaren inguruan sor daitekeen mahaiak izango ez duen ezaugarri bat izango du, gainera, legebiltzarrekoak: PPren parte hartzea.Alderdi eta eragileen mahaia sortzeko iradokitzen du Aieteko Adierazpenaren laugarren puntuak: «Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira beste gai batzuk, lagungarriak eta aztertu beharrekoak. Alde horretatik, eragile ez-bortizkeriazkoak eta ordezkari politikoak bildaitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko [...]».

PPk ez du Aieteko Adierazpenaz ezer jakin nahi, uko egiten dio ezker abertzalearekin aldebiko bilerak egiteari, eta, zer esanik ez, gatazkari zein ondoriei buruzko elkarrizketei ekiteari.

Aieteko eragileek hauteskundeen ondoren egingo duten barne bileran PP ez da egongo. Gainerako eragileek osoko bilkuran hitz egingo dute Aieteko edukietan sakontzeko zein bide jarraitu. Han, PP ez, baina eragile politikoak ez ezik gizarte eragileak eta eragile sindikalak ere batuko dira. Legebiltzarrak ez daukan osotasuna edukiko du, baina hainbat akordio lortzeko itxaropen eta bokazio argia dute.

PP faltako da han, eta Legebiltzarrean eragileen parte hartzea faltako da —zuzeneko parte hartzea bederen—. Bi mahaiak osagarri eta bateragarri egiteaizango da gakoa eta erronka, Aieteko bide orrian sinesten dutenentzat.

Legebiltzarrak ekar dezake nola edo hala PPren jarrera biguntzea. Udal eta Foru hauteskundeez geroztik ari da normalizaziorantz bidea egiten. Ez duela EH Bildurekin hitz egin nahi, ez duela hitzegingo, ezetz. Baina hitz egin gabe lortu al zuen atzo jakinarazi zen akordioa Gasteizko Udalean autobus geltokiari buruz? Eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan bidesarien gaian elkar hartu zutenean, ez al zuten hitzerdirik egin aurretik?

Ikusi batera, jarrera kontrajarrienak dituten bi ideologia politikoek hitz egiteko ez ezik akordioak lortzeko gaitasuna ereerakutsi dute, gatazkaz aparteko gaietan. Normaltasun hori, hitz egiteko jarrera hori, elkar ulertzeko gaitasun hori gai korapilatsuetara pasatzea da falta dena. Eta PPri amaitzen ari zaizkiouko egiteko arrazoiak edo aitzakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.