enekoitz esnaola
ANALISIA

2011n ez bezala

2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Orain bost urteko urriko lehen bi asteetan, Aieteko konferentziaren prestatze lanak zirela medio, Paul Riosek Aiete hotelean hartu zuen ostatu, eta atzo autoa berriro haren parean utzi zuen, Foro Sozialaren ekitaldira joateko. Bakearen Etxerako bidean, harrituta zen armagabetzeaz zenbait hedabidetan sortu zen ikusminarekin. Bost minutu lehenago, Aieteko parkearen atarian Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall jaitsi ziren Riosen autotik.

2011ko konferentzian ez bezala, atzo gorbatarik ez zen Aieten. Ordukoa hitzordu historikoa zen, zetorrenagatik: ETAren jardun armatuaren bukaera. Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem Brutland, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powell etorri ziren. Gorbatak agerian. Eta sekretu pean, «konpromisoak». Rufi Etxeberria: «ETAren eta Espainiaren konpromisoen isla bat zen Aieteko Adierazpena». Ez da hori esan duen bakarra; Currini ere aipatu zioten bazeudela. Orain ez dago ezer. Baina Foro Sozialak adierazi du gatazkaren ondorioak ixteko bidean, «arrazoizko epe batean» ETAren armagabetzea behar dela. «Azken faseari ekiteko garaia da».

Ordea, orain ez da espero berehalako neurririk. Ez da gauza bera jardun armatua uztea edo armagabetzea. Aurrena, erabaki eta komunikatu egiten da. Armagabetzea ere erabaki bat da, eta ETAk erabakia du, baina behar ditu azpiegitura eta bermeak. Armagebetzeak eta «armategien suntsiketak» behar dute laguntzarik, eta Foro Sozialak «prozesuaz» hitz egin du. 2011n erabakigarria izan zen nazioarteko komunitatea. Orain ere rol bat jokatzeko eskatu dio foroak, baina bereziki euskal gizarteari zuzendu zaio. Lankidetza giro bat nahi du.

Atzo Aieteko ekitaldian izan zen batek zioen bezala, gorbata, berriro, «hau itxitakoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.