Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

1,5 metro

2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Azken urteotan eskoletan nabarmen gehitu dira ikaskuntzaren oinarrian talde-lana proposatzen duten ikuspegi metodologikoak. Irakasleen artean eztabaidak sortu dira talde horiek noiz izan behar diren homogeneoak eta noiz heterogeneoak, ea taldean egindako lanetan ebaluazioa nola egin kideetako bakoitzari dagokionez, nola lagundu zailtasunak dituzten ikasleei, nola saihestu ikasle batzuek lanaren ardura nagusia hartzea, nola jardun irakasleok talde txikitan, nola sustatu euskararen erabilera testuinguru horretan... Zalantzak zalantza, egun inor gutxik eztabaidatzen du ikasleak elkarrekin aritzea beharrezkoa dela ikaskuntzarako.

Horregatik ziurrenik sortu du horrenbeste buruko-min metro eta erdiko aldentze betekizunak.Ikastetxe gehienetan distantzia gorde behar horri erantzun zaio ikasleak banan-banan lerro zuzenetan jarrita. Irakasle askok etsipenez onartu dute «aurten» horrela izan beharko dela. Argi dago, neurri horrek nabarmen aldatuko du irakasle-ikasleen arteko elkarrekintza gauzatzeko inguramendua, eta ikasleek hitz egiteko dituzten espazio-denboren murriztea ekar dezake bestelako neurririk hartu ezean.

Nola eutsi egoera honetan elkarrekintzak ikasleen garapenarentzat dituen abantailei? 2019an Journal of the Learning Sciences aldizkarian argitaraturiko artikulu batean Howek eta Cambridgeko bere lankideek erakutsitakoaren arabera, badirudi elkarrekintza aberatsak sustatzeak ikasleen emaitzetan eragina duela, ez bakarrik talde txikitan ari direnean, baita irakaslea talde osoarekin ari denean ere. Izan daiteke talde osoarekin elkarrekintza aberastea irakasleon aurtengo erronka?

Talde osoarekin ditugun elkarrekintzak aberastuko baditugu, irakasleok hitzaren jabetza askatu behar dugu. Ohikoa da gelan irakasleok hitz egitea nagusiki eta ikasleek hitza hartzea irakasleon galderei erantzuteko, askotan aurrez badakizkigun erantzunak emateko. Elkarrekintza emankorrak, aldiz, eskatzen du gelan benetako elkarrizketak sustatzea, ikasleei erantzun luzeak emanaraztea, ikuspuntu desberdinak garatu eta eztabaidatzea, besteak entzutea, solaskidearen hitzak jaso eta osatzea edota hitz egiteko giro seguru-goxoa sortzea.

Deweyk aipatzen zuen moduan, inguramendua aldatzen denean ezinbestekoa da harekiko dugun harremana berregokitzea. Egoera berri honek irakasleoi eskatzen digu gure lan egiteko moduak berriro pentsatzea, ondo arakatzea zein alternatiba eskaintzen diguten ikastetxeko espazio eta denborek, zein aukera dugun taldekatzeekin jolasteko, ahozkoari zein leku eman, gure berbaldia nola moldatu... Metro eta erdi hori ez dadila izan, behintzat, azken urteotan ikasleei emandako hitza berriz geureganatzeko arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.