«Anakronikoki» deklaratzera deituak

Heldu den astean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratuko dute Nafarroako hamabi gaztek, koroaren aurka egitea leporatuta. «Lasai» daude batzuk, «urduri» bertzeak, baina bat datoz: «Eskandalu bat da».

Lur Albizu Etxetxipia eta Unai Ekiza Zamora, asteartean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Iruñea
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Gazteak dira guziak, nafarrak, eta Iruñerrikoak gehienak. Eta Lur Albizu Etxetxipiaren ustez, (Artazu, Nafarroa, 1993) ez da kasualitatea: «Beste edozein tokitan gertatu izan balitz, segur aski ez genukeen deklaratu beharko». Hala uste du Unai Ekiza Zamorak ere (Mutiloabeiti, Nafarroa, 1995): «Altsasukoarekin berdin egin zuten». Albizuk erantsi du «gazteria kriminalizatu» nahi dutela, eta «beldurra sartu». Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute heldu den astean bi gazteek, bertze hamarrekin batera: urtarrilaren 12an, 13an eta 14an. Iruñetik eginen dute, telematikoki. Eta askotariko sentimenduak dituzte deklaraziora begira: urduritasunarekin batera patxada, zalantzarekin batera konbikzioa. Ezagutzen baitute auzitegia, eta aldi berean ziur baitaude gertatzen ari denaz: «Badakigu ez dela berria, baina horrek ez du kentzen eskandalu bat eta auzi politiko huts bat dela».

2020ko urriaren 12an egindako ekintza sinboliko bat dago auzibidearen oinarrian: Sortuk eta hainbat migrante elkartek hartara deituta, Kristobal Kolonen estatua bat eta Felipe VI.a Espainiako erregearen bertze bat eraitsi zituzten Iruñeko Diputazio Jauregiaren aitzinean. Ekitaldi horretarako beren-beregi eginak ziren estatuak: «Guztiz sinbolikoa zen», dio Albizuk. Estatua horiek ordezkatzen dutenari egin nahi zioten kritika: «Lagun talde batek bota zituen bi estatuak, L'estaca abestiarekin, 'eroriko da' kantatuz. Hori zen filosofia: 'Eroriko da erregea eta sinbolizatzen duen guztia'. Ez bakarrik monarkia: 1978ko erregimena ere bai. Bai eta Kristobal Kolon ere, horrek dakarren guztiarekin: Espainiako historia bortitza».

Ekitaldi «askotarikoa» izan zela azpimarratu du Ekizak, askotariko jendea bildu baitzen; eta Poliziaren presentzia «lotsagabea» izan zela. Baina ez zituzten gazteak identifikatu. «Egin zuten atestatua, eta txostena elkarlanean osatu zuten guardia zibilek eta Espainiako poliziek, beren kabuz, ekimenaren egunean bertan. Haiek joan ziren argazkiak egitera. Polizia dezente zegoen». Espainiako Poliziak Iruñeko Chinchilla karrikan duen egoitzara deitu zituzten deklaratzera hamasei gazte. Haietako hamabiren kasuek egin dute aitzina, eta, koroaren aurkako delitu gisa definitu dutenez, Auzitegi Nazionalera eraman dute orain.

Albizuren eta Ekizaren ustez, ordea, adierazpen askatasunaren aurkakoa da auzibidea. Albizu: «Hemen zentsuratzen ari direna adierazpen askatasuna bera da. Eta erregearen eta monarkiaren sinboloa bera ukiezin bihurtu nahi dute, ze kritika politikorik ezin zaio egin. 1978ko erregimenari, monarkiari, kolonialismoari... Espainiar proiektua oinarritzen den zutabeei kritika egitea gaur egun arriskutsua da, edo delitu ere izan daiteke». Haiek argi dute, ordea, kritika hori egiten segituko dutela: «Guk ez dugu eskatzen jendea ekimenekin ados egotea; nahi duguna da adierazteko askatasuna izatea».

Koroaren aurkako delitua existitzea bera «anakronikoa» dela uste du Albizuk. Baina baita hura kritikatzea zigortzea ere: «Demokrazia bati zilegitasuna kentzeko biderik zuzenena da estatuburuaren kontrako kritika politikorik ez onartzea», salatu du. «Are gehiago Espainian, non frankismoaren oinordeko baita», gehitu du Ekizak. Albizuk oroitu du, gainera, Espainiako erregearen «eskandalu» ugari azaleratu berri direla: «Baina Auzitegi Nazionalean esertzen garenak gu gara. Ez da bakarrik ez dutela zigorrik, baizik eta besteok jasotzen dugula».

Ikertu gisa deitu dituzten gazteak harreman bira bat egiten ari dira herri mugimenduko talde eta eragile politiko eta sindikalekin, adierazpen askatasuna oinarri hartuta. Manifestu bat ere prestatu dute, eta ahalik eta atxikimendu gehiena biltzea dute asmoa. Pozik daude oraingoz jaso duten erantzunarekin: «Orokorrean jendea harrituta eta larrituta dago, Espainiako Auzitegi Nazionalak suposatzen duenarekin... Shock hori badute. Jende pila batek elkartasuna adierazi digu, oso gertutik». Sostengua eman duten taldeen babesarekin, elkarretaratzera deitu dute heldu den astearterako, orduan deklaratuko baitute lehenbiziko gazteek. 10:00etan eginen dute protesta, Iruñeko Auzitegiaren aitzinean, eta Sortuk ere deitua du urtarrilaren 16rako, 17:30eko manifestaziorako.

Ez da Altsasu, baina...

Altsasuko gazteekin gertaturikoa eta Iruñerriko hamabi gazteena ez dira «konparagarriak», Albizuren ustez. «Edo hala espero dut», dio, urduritasuna ezkutatzen duen irribarrez. «Hasteko, Altsasukoa terrorismotzat jotzea zelako helburua, eta honek ez daukalako zerikusirik delitu tipifikazioan. Eta ez dira gure etxeetara atxilotzera joan, kanpaina mediatikoa egin zuten hasieran baina gero ez dute berriz egin... Eta ez dakit zenbateraino komeni zaien hainbeste erregearen figura orain mugitzea, dagoen polemika guztiarekin-eta».

Gehiago edo gutiago, haien bizitzetan badu eragina deklaratzera deitu izanak, halere. Ekizak azaldu du 20 urteren bueltakoak direla deitu dituzten gazte gehienak, eta «abisu» bat dela eman dietena: «Gazte gehienak auzo eta herrietan mugitzen diren pertsonak dira, eta nik gehienengan nabaritu dut atzerapauso hori edo beldurtxo hori sartu dietela. Hori lortzeko egin dute, eta hori lortzen ari dira, oraingoz». Ohartarazi du jende anitz zegoela urriaren 12ko protestan, baina ez dutela «edozein hartu». Albizuk ere azpimarratu du auzibidearen izaera baldintzatzailea: «Ez dut uste kartzelara joanen garenik, baina beste gauza bat da zein zigor ekar dezakeen ez bada artxibatzen, eta epaiketara heltzeak berak ere zer karga emozional, politiko eta ekonomiko duen atzetik». Pronostikoak askotarikoak dituzte. Alde guztietara, politikoki irabazten aterako direla uste du Ekizak: «Epaiketara eramaten baldin bagaituzte ere, gure alde jokatuko du: astakeria bat da. Eta txarrenean, isun ekonomikoa eta espetxea edo dena delakoa baldin badago, espainiar egiturak bere burua irainduko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.