Zentsura

Anaitasunak ateak ireki dizkie pailazoei

Baluarten ematekoak ziren "Bizi dantza" ikuskizuna lekuz aldatu eta Anaitasuna kiroldegian emango dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, abenduaren 22an.

Ion Orzaiz.
2019ko azaroaren 29a
17:55
Entzun

Iruñean izanen zirela esan zuten, eta Iruñean izanen dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. Noiz? Abenduaren 22an, 17:00etan. Non? Anaitasuna kiroldegian. "Bizi dantza" ikuskizuna Baluarte auditoriumean ematekoak ziren pailazoak, baina Enrique Maia alkateak kontratua eten zien. Atzo, Katxiporreta konpainiak eta Iñigo Santxo abokatuak gauerdira arteko epea jarri zioten Iruñeko Udalari, hitzartuta zuten kontratua betetzeko, edo data berri bat emateko. Erantzunik ez dute jaso, eta ikuskizuna beste bide batetik antolatzea erabaki dute, bideo batean adierazi dutenez. Era horretan, "irtenbidea" aurkitu dutela azaldu dute pailazoek, eta ikuskizunera joateko deia egin: "Bizi euskara, bizi dantza!".

Iruñeko Katakrak liburu dendan egin zuten atzoko agerraldia, udalarekin duten auziaren nondik norakoak azaldu eta azken gertaeren inguruko iritzia emateko. Pailazoen abokatuaren arabera, «kontratu baten exekuzio fasean ez dago atzera egiterik. Iruñeko Udalak ezin du bere kabuz kontratua eten, edo atzera egin. Legez, hitzartutakoa bete eta ikuskizuna baimendu behar du, bai ala bai». Halakorik gertatu ez denez, ordea, eman beharreko hurrengo urratsak «patxadaz» aztertuko dituztela adierazi du Santxok.

Udalak kontratua etenda, horrek izan ditzakeen ondorio juridikoak ere aipatu zituen. Abokatuak nabarmendu zuen Nafarroako Kontseiluak asteazkenean emandako irizpena «loteslea» dela, eta udalak horri men egiteko beharra duela. «Prebarikazioaren marra oso fina da. Tentuz ibili beharko luke alkateak; ez du nondik heldu». Pailazoen ikuskizuna debekatzea «bidegabea» dela ebatzi zuen Kontseiluak.

Atzoko agerraldian, pailazoek azaldu zuten Baluarten egon nahi zutela, eta prest zeudela ikuskizuna emateko. Argi utzi zuten, dena den, auzi honek «nekea» eta «etsipena» eragin dizkiela. «Ez genuke orain hemen egon nahi, egoera honetan. Nagia ematen digu gai honek, eta, batzuetan, barruan daramagu pailazoa lurrera erortzen zaigu. Baina ez diogu inori gu zapaltzen utziko», esan zuen Aiora Zulaika Pirritx-ek. Halaber, haurren eta familien sostengua eta «aktibazioa» eskertu zituzten pailazoek.

EH Bildu: «Maia prebarikaziora hurbiltzen ari da»

EH Bilduren Iruñeko udal taldeak ere agerraldia egin zuen atzo, Maia alkatearen jarrera txarretsi eta kontratua bete dadin eskatzeko. «Aski da. Gogaituta gaude zentsurarekin, euskararen aurkako erasoekin eta Enrique Maiaren obsesioekin», azaldu zuen Joxe Abaurrea zinegotziak. Haren esanetan, udalak men egin beharko lioke Nafarroako Kontseiluaren irizpenari, eta pailazoen emanaldia baimendu. Kontrakoa egitea «prebarikazioa» izanen litzatekeela gaineratu zuen Abaurreak: «Gobernu zentsore baten obsesio politikoek ekarriko dute kalte-ordain bat diru publikoz ordaindu beharra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.