Anai Arteak argira ekarri du Frantziak gatazkan izan duen esku hartzea

Liburu bat ekoitzi du bost hamarkadatan Frantziak egindako atxiloketekin eta espetxeratzeekin

Anai Artea elkarteak ekoitzi duen liburua aurkeztu zuen atzo, Baionan. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Frantziaren esku hartzea euskal gatazkan izeneko liburua aurkeztu du Anai Artea elkarteak. Azalak beltzak dira, apaindurarik gabekoak, eta barnean zerrenda luzeak daude: alfabetikoki agertzen dituzte 1964tik gaurdaino Frantziak preso sartu eta atxilotu dituen pertsonen izenak. Horien ondoan, urtea eta herria ageri dira. Preso eta atxilotuen zerrenda eskualdeka ere ageri da. Frantziaren esku hartzea frogatzeko lehen zerrenda gisa aurkeztu dute, Mixel Mendiburuk euskaraz, eta Battitta Larzabalek frantsesez. Izan ere, zerrendan ez daude sarturik atxiloketa guztiak, eta zerrendan iheslari edo preso ohi gisa ageri diren batzuek ez lukete zerrenda horretan egon behar. Hurrengo argitalpenetan dauden hutsak zuzenduko dituztela jakinarazi dute.

Zerrenda osatzeko bi irizpide baliatu dituzte, Ipar Euskal Herriko biztanleak izatea edo bertako batekin ezkonduta egotea. Horregatik ez dira zerrenda horretan ageri Frantziak egotzi dituen ehunka iheslari politikoak, nahiz eta eranskinean ehunka izan direla zehaztu. 1964az geroztik mila pertsonatik gora egon dira Frantziako espetxeetan preso eta gaur egun 138 preso daude oraindik. Espainian ere Ipar Euskal Herriko sei herritar daude preso. Liburuan aipatzen da mundu zabalean ehunka iheslari politiko daudela barreiaturik eta Ipar Euskal Herrian eta Frantzian ere ehunka daudela oraindik. 1971tik 1979ra 65 pertsonari egoitza behartua ezarri zien Frantziak. 1984an lehen estradizioak onartu zituen eta Espainiara igorritako iheslariez gain, 87 iheslari deportatu zituen hirugarren estatu batera.

Gerra zikina

Gerra zikinaren (AAA, Batallon Vasco-Español, Guerrilleros de Cristo Rey eta GAL) eta Frantziaren esku hartzearen atal bat badago liburuan. 1974an kokatzen dute lehen atentatua, Perez Revillaren aurkako atentatua aipatuz. Azkena 1988an kokatzen dute aipatuz«inkontrolatuek» Sylvie Garat bahitu eta torturatu zutela. Orotara 12 hilketa leporatzen dizkiete indar para-polizialei eta 27 GALi.

Bahitu eta desagertutakoen zerrenda ere osatzen du Anai Arteak. Zerrendan ageri dira Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur 1976an, Tomas Hernandez 1936ko iheslaria 1979an, Miguel Etxeberria Naparra 1980an, Jean Louis Larre Popo 1982an eta Jon Anza 2010ean. Bertze bi kasu ere ageri dira, nahiz eta horren inguruko argitasunik ez den ematen. 1976an Annie Intxauspe eta Patrick Lee Urdanabia desagertu ziren Donibane Lohizunen.

Agertzen dira gatazkaren ondorioz hil diren militanteak ere, elbarriturik gelditu direnak eta espetxean hildakoak. Horrekin batera, hildako poliziak ere ageri dira. Guztiak gatazkaren ondorio direla nabarmendu du Anai Arteak. Gatazkaren konponbidean urratsak egin ahal izateko, bortizkeria pairatu duten pertsona guztien zerrenda osatu behar dela azpimarratu du. Liburua oroimen ariketa dela azpimarratu du Anai Arteak, Euskal Memoria osatzeko ekarpena.

«Nahiago genuke atxiloketa eta presoen zerrenda hori, ondoan ageri diren zerrendak bezala, iraganeko kontuak izatea, baina, zoritxarrez, ez da horrela».Aieteko adierazpenean bide orria zehaztu arren, Frantziak eta Espainiak ez dutela norabide horretan urratsik egin, azaldu zuen Mendiburuk. «Desegiteko ere, norbaitekin solastatu behar da ETA».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.