Ana Urkizak Eusko Ikaskuntzako lehendakari gisa jarraituko du, bazkideen babesa jaso ostean Gipuzkoako Bazkundean egindako ezohiko batzarrean. Harekin batera, Kontseilu Errektoreko Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkariak ere aukeratu dituzte: hurrenez hurren, Asier Etxenike, Zelai Nikolas, Rikardo Bueno eta Isabel Elizalde.
Urkiza Gizarte eta Informazio Zientzietan lizentziatua da, eta Linguistikan diplomatua. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide da, eta, 2016an, Elhuyar saria jaso zuen enpresetan euskara bultzatzeko egindako lanagatik. Eusko Ikaskuntzako lehendakaria da 2020tik. Etxenike, Nikolas eta Elizalde ere ez dira berriak Kontseilu Errektorean. Etxenike Soziologian lizentziatua da, eta Aztikerreko ikerketa saileko berrikuntza arduraduna. Nikolas, berriz, legelaria da, eta gaur egun Eusko Legebiltzarrean egiten du lan. Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko kontseilari ohia da. Azkenik, Bueno Industria Ingeniaritzan doktorea da, eta BRTA aliantzako zuzendaria.
Batzarrean 2024tik 2028rako programaren oinarriak ere xehatu dituzte. Hala nola, helburutzat jarri dute bazkide gehiago erakartzea eta erakundearekin «hurbiltasun sentimendu» handiagoa izan dadin lortzea, baita hark egiten dituen proiektuen «kalitatea, inpaktua eta errotazioa handitzea» ere. Era berean, Eusko Ikaskuntzaren ikusgaitasuna eta erreferentzialtasuna hobetu nahi dituzte, eta erakundearen finantzaketa iturriak dibertsifikatu.
Era berean, lan ildoen artean ezarri dituzte lantaldearen «berrikuntza gaitasuna eta koordinazioa» hobetzea, «aliantza estrategikoak» indartzea eta erakundearen proiektuetan lurralde oreka zaintzea.