Udal eta foru hauteskundeak

Ana Otadui hautatu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari, hirugarrenez

Batzar nagusietako 51 batzarkideetatik 34ren babesa jaso du Ana Otaduik gaurko osoko bilkuran: EAJrena, PSE-EErena eta PPrena. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zuri bozkatu dute.

Ana Otadui, aginte makila eskuetan. ARITZ LOIOLA/ FOKU
2023ko ekainaren 22a
11:54
Entzun

Ana Otaduik (EAJ) beste legealdi bat egingo du Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari karguan. 2015ean eta 2019an ere hautatu zuten kargu horretarako, eta gaur Gernikan egindako bilkuran ere berak jaso du boto gehien. EAJko, PSEko eta PPko 34 diputatuen babesa jaso du, eta zuri bozkatu dute EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko hamazazpi batzarkideek.

Mahaiaren eraketari dagokionez, PPk ez gainerako taldeek lortu dute eserlekua. EAJren esku geratuko da, lehendakaritza ez ezik, baita idazkaritza lehena ere (Jane Eyre Urkieta); PSE-EErena izango da lehendakariordetza lehena (Begoña Gil); EH Bilduk lehendakariordetza bigarrena eskuratu du (Idoia Buruaga), eta Elkarrekin-ena izango da bigarren idazkaritza (Ricardo Vaquero).

Batzar Nagusietako lehendakari modura egindako lehen mintzaldian, Otaduik taldeei eskatu die «eztabaida antzuak» alboratzeko eta herritarren aldeko akordioak bilatzeko. Agintaldi berrirako erronkak ere aipatu ditu: besteak beste, batzar nagusiak ezagutzera eman nahi ditu, eta emakumeen eta gizonen arteko «benetako berdintasunaren» alde lan egingo du.

Arabako Batzar Nagusiak astelehenean osatu zituzten, eta bihar egingo dute Gipuzkoakoak osatzeko bilkura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.