Ana Ollo: «Ezin dugu onartu Erorien Monumentuan ezer ez egitea»

Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordearen arabera, eraikina eraldatzeko akordioak «adostasun nahikoa» lortu du, nahiz eta ez izan erabatekoa. Carlos Guzmanek salatu du akordio programatikoa urratu dela, eta Ollok «tranpa egitea» egotzi dio.

Erorien Monumentuaren aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Erorien Monumentuaren aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2025eko otsailaren 4a
12:55
Entzun

Erorien Monumentuaren eztabaida Nafarroako Parlamentura heldu da. UPNren irudiko, eraikina dagoen bezala utz daiteke, 1942an eraiki zeneko esanahia nahikoa aldatu delako; Zurekin Nafarroak eraispena defenditu du, irmo; PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik Erorien Monumentua eraldatzeko akordioaren edukia babestu dute. PP eta Vox ez dira Memoria batzordera bertaratu. Bertan, Ana Ollo bigarren presidenteordeak adierazi du «nahikoa adostasun» lortu dela, nahiz eta ez den erabatekoa. «Ezin dugu onartu Erorien Monumentuan ezer ez egitea».

Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek hala eskatuta joan da Ollo legebiltzarrera. Hasieran zalantzan jarri du hara bertaratzea beharrezkoa ote zen, eraikinaren jabea Iruñeko Udala baita, eta hari baitagokio azaroaren 20ko akordioa aurrera eramateko «erritmoa eta bide orria zehaztea».

«Batzuetan desadostasunak ditugu elkarteekin, nola ez, baina ziurtatu dezaket haiekin lan egin dugula beti, ahots kualifikatu bat direlako. Uler dezaket haien atsekabea»

ANA OLLO Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza kontseilaria

Eraikinarekin zer egin zehaztean, Ollok argi utzi du «Nafarroan frankismoa goratzen duen eraikinik lotsagarriena» dela. UPNk dioenaren kontra, ez du uste haren esanahia nahikoa aldatu denik. Dena den, gogora ekarri du juridikoki auzitan jarri dela irakurketa hori iraganean. 2008an, Administrazio Auzitegiko legelari Miguel Izuk —Ezker Batuko parlamentari izandakoa— ebatzi zuen eraikina ez zela ikur frankista bat, haren sinbologia ezkutatu egin zutelako. Gerora, ebazpen horrek beste hainbat epai «elikatu» ditu, Olloren arabera, eta epai horietan ondorioztatu da gaur egun ez dela eraikin frankista bat. Horregatik, beharrezkotzat jo du 2013ko memoria historikoaren legea aldatzea, «horrelako irakurketa murriztuak eragozteko».

Zurekin Nafarroari erantzun dio akordio horrek ez duela urratu PSNren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren arteko akordio programatikoa. Akordioak dio proiektu hitzartu bat bultzatuko zutela hiru indarrek Erorien Monumentuaren etorkizuna zehazteko. «Hori sinatu genuen hiruek, eta atal hori ez zen sartu desadostasunetan». Horrez gain, Nafarroako sinbologia frankistaren erregistroa eguneratuko da, «aurrera egiteko eremu publikotik kentzeko bidean». Hitz horiekin «tranpa egitea» leporatu dio Carlos Guzmani; izan ere, Erorien Monumentua aurretik egindako erregistroan zegoen jada, eta Zurekin Nafarroak ez zuen eraisteko aukera mahai gainean jarri negoziazioetan.

Ollok onartu du eremu horri Maravillas Lamberto izena jartzeak «alferrikako mina» eragin dezakeela. Gaineratu du ETAren biktimen elkarteekin, memoria historikoko elkarteekin eta estatuaren indarkeriaren biktimekin lan egin duela Memoria eta Bizikidetza kontseilari aritu den hamar urteetan. «Batzuetan desadostasunak ditugu, nola ez, baina ziurtatu dezaket haiekin lan egin dugula beti, ahots kualifikatu bat direlako», esan du, eta gaineratu: «Ulertzen dut elkarte memorialisten atsekabea». 

Guzman, haserre

Guztiz bestelako irakurketa egin du Carlos Guzmanek. Haren ustez, «Cuelgamuroskoaren ondoren bigarren ikur frankista handiena» betikotu du PSNren, EH Bilduren eta Geroa Bairen arteko akordioak. Salatu du haren taldeak hura iragarri bezperan, azaroaren 19an, izan zuela akordioaren berri. Guzmanek irmo kritikatu du ez dela bete gobernua osatzeko akordio programatikoa: «Ez du aurrera egiten sinbologia frankista kentzeko bidean, eta proiektua ez da gurekin hitzartu, negoziazioetan eraikinaren etorkizuna mahai gainean jarri zuen alderdia garen arren», esan du. «Zer balio dute Maria Txibiteren eta Uxue Barkosen sinadurek? Zer balio dute PSNren eta Geroa Bairen hitzek? Ez dute ezer balio. Ez dira akordioa betetzen ari, inondik inora».

Iraingarritzat jo du Maravillas Lamberto izena jarri nahi izatea eraikin eraldatuari, eta 36ko gerraren biktimak berriz biktimizatzea leporatu die azaroaren 20ko akordioaren sinatzaileei. Haren esanetan, mikrofonoetatik kanpo hiru alderdietako parlamentariek esan diote ez daudela ados euren alderdien ikuspegiarekin. «Esan digute ez dutela akordioarekin bat egiten, baina itxita zegoela, eta alderdiaren diziplina bete behar dutela», azaldu du Guzmanek; ohartarazi du aurrera joko dutela, eraispenaren alde.

«Zer balio dute Maria Txibiteren eta Uxue Barkosen sinadurek? Zer balio dute PSNren eta Geroa Bairen hitzek? Ez dute ezer balio. Ez dira akordioa betetzen ari, inondik inora»

CARLOS GUZMANZurekin Nafarroako eleduna

UPNko Javier Esparzaren arabera, «Zurekin Nafarroaren haserrea itxurakeria hutsa da, boto batzuk lortzeko asmoa». UPNren ustez, gaur egungo eraikinari beste esanahi bat eman zaio jada, eta ez da beharrezko ezer egitea. «Gehiago egin daitekeela? Eztabaidatu daiteke». Dena den, epaiek diotenaren gainetik jauzi egin nahi izatea leporatu die akordioaren sinatzaileei, eta gaineratu du EH Bilduk ez duela horretarako zilegitasunik.

PSNko Inma Juriok Guzmani adierazi dio gezurra esan duela Txibiteri eta Barkosi konpromiso falta egotzi dienean, eta ohartarazi dio «trapu zaharrak etxe barruan garbitu» behar direla. Gogora ekarri dio sozialistek aspalditik adierazi dutela ez direla eraispenaren aldekoak, eta eraikinari beste esanahi bat ematea defenditu dutela.

«PSNk eta ezker antikapitalista federalak kontra bozkatu zuten. Aukera handi bat galdu zen. Atea itxi zitzaion legearen bidez Erorien Monumentua eraisteari»

ARANTXA IZURDIAGAEH Bilduko parlamentaria

EH Bilduko Arantxa Izurdiagak argudiatu du eraikin horrek ezin duela geratu gaur egun dagoen bezala, eta eraldaketa sakon bat behar duela. Izurdiagak gogora ekarri du 2022ko Memoria Demokratikoaren legearen eztabaidan EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu zuela Erorien Monumentuan «mugarik gabe esku hartzeko», legean espresuki jaso zedin eraldaketa sakon bat egiteko edo eraikina eraisteko aukera. «Zuzenketa hori ez zen aurrera atera, ez zuelako nahikoa botorik lortu. PSNk eta ezker antikapitalista federalak kontra bozkatu zuten. Aukera handi bat galdu zen. Atea itxi zitzaion legearen bidez Erorien Monumentua eraisteari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.