Ana Ollo: «Europan, Nafarroa erreferente da elkarbizitzaren arloan»

Espainiako hainbat erkidegotan PP eta Vox «lege atzerakoiak» bultzatzen ari direla azpimarratu du Memoria eta Bizikidetza kontseilariak, eta «atzerapauso bakar bat ere» ez egiteko beharra nabarmendu.

Ana Ollo Memoria eta Bizikidetzako kontseilaria, Nafarroako Parlamentuan. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA
Ana Ollo Memoria eta Bizikidetza kontseilaria, Nafarroako Parlamentuan. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA
joxerra senar
2024ko maiatzaren 9a
15:30
Entzun

«Ez ditugu garai onak bizi memoriaren eta bizikidetzaren arloan». Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza kontseilaria kezkatuta azaldu da Espainiako hainbat autonomia erkidegotan frankismoaren krimenen negazionismoa bultzatzen duten legeak sustatzen ari direlako PP eta Vox. Adierazi duenez, horri aurre egiteko, memoria eta bizikidetza politikak eta neurriak proposatzen jarraituko du Nafarroako Gobernuak: «Europan, erreferenteak gara elkarbizitzaren arloan». 

Geroa Baiko Mikel Asiainek proposatutako interpelazio bati erantzun dio Ana Ollok, Nafarroako Parlamentuaren kontrol saioan. Gogora ekarri du legealdiaren hasieran ohartarazi zuela negazionismoaren arriskuaz edo indarkeria matxistaren kontrako politikak zalantzan jartzeak dakarren atzerapauso politikoaz. «Hori ikusita, 2015etik gobernuak agenda politikoaren erdigunean jarri ditu memoria gaiak hiru legealditan jarraian», haren esanetan. «Horregatik da garrantzitsua nafar agenda bati jarraitzea».

Memoriari eta bizikidetzari lotutako politika publikoen ardatz nagusia da biktima guztiek dutela egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea: «Giza eskubideen urraketa oro da salagarria, ez du inongo zilegitasunik». Nafarroan, ETAren eta frankismoaren biktimez gain estatuko segurtasun indarren zein eskuin muturreko taldeen biktimak aitortzeko beharra azpimarratu du. «Egoerak eskatzen duen mailan egon behar dugu, irizpide demokratiko batetik ongi egin ez den hori aitortzeko eta erreparatzeko».

Norabide horretan, balioa eman nahi izan dio berriki gobernuak motibazio politikoko lehen hamabi biktimak aitortu izanari, eta etorkizunean «gehiago» izango direla berretsi du: «Denok dakizuen bezala, asko kostatu da legea ezartzea, eskuinak eta eskuin muturrak aurkeztutako errekurtsoen ondorioz». 

Haren ustez, memoria arloko politika publikoek «egia bilatzea» izan behar dute ardatz, etorkizuneko belaunaldiek «berriro ez gertatzeko bermeak izan ditzaten». Hala, haren ustez, «gezurraren eta desinformazioaren aurkako txertorik hoberena hezkuntza da». Nafarroako Gobernua memoriaren arloko hainbat programa bultzatzen ari da hezkuntzan, eta bi aste barru Danimarkan egingo den EBko kontseiluaren bileran izango dira Ana Ollo eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria, eskola programa horiek ezagutarazteko. «Desintoxikazioei aurre egiteko, egiazko informazioa; eta demokrazia mehatxatzen dutenei aurre egiteko, prestakuntza. Soilik gizarte prestu eta kritiko batek nabigatu dezake manipulazioaren ur nahasietan».

Azken gogoeta egin du PP eta Vox bultzatzen ari diren «adiskidetasun» legeei buruz, memoria historikoko legedia indargabetzen ari direlako funtsean. «Frankismoaren apologiaren mugan daude. Ez dugu atzerapauso bakar bat ere egin behar. Indartsuago eta tinkoago lan egiten jarraitu behar dugu». 

Geroa Baiko Mikel Asiainek, interpelazioaren egileak, nabarmendu du oso garrantzitsua dela indarkeriaren biktima oro aitortzea, eta testuinguru bakoitza aintzat hartzea haren erabilera politikoa gaitzetsiz. Hala, garrantzia eman dio motibazio politikoko lehen hamabi biktimak aitortzeari, eta gogora ekarri du oraindik gehiago geratzen direla. Horien artean aipatu ditu Gladys del Estal, Jose Luis Cano, Jose Miguel Etxeberria Naparra... Halaber, sekretu ofizialean legeak indarrean jarraitzen duela gogorarazi du.

UPNko Iñaki Iriartek Ollori aurpegiratu dio elkarbizitzaren politikek «integratzaileagoak» izan behar dutela. Haren esanetan, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak frankismoaren legeak baliogabetu dituenez, beste biktimak «ahaztu» ditu. «Frankismoa diktadura doilorra izan zen, baina erabat bidegabea da ahaztea gerran ibaiak bi ertzetan egin zuela gainezka».

EH Bilduko Laura Aznalen hitzetan, motibazio politikoko lehen hamabi biktimak aitortu izana «urrats garrantzitsua da», haien errealitatea ezkutatu egin baita maiz. «Argi dugu hasiera baino ez dela», gaineratu du. Uste du premiazkoa dela aurrera jarraitzea ikusita beste tokietan atzera egiten ari direla arlo horietan. «Elkarbizitzaren aldeko uste sendoa dugu, bai hitzez, bai eta ekintzez ere. Diskrezioz aritzen gara, komunikabideen fokuetatik kanpo». 

Txibiteren gogoeta

UPNk eta PPk prentsa askatasunari eta demokraziari buruz galdetu diote Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari. Txibitek garrantzitsutzat jo du demokrazia sendotzea eta «polarizazioa eta irainak alde batera uztea». Dena den, ika-mika izan du Javier Esparzarekin. Haren ustez, gobernuaren hitzak eta asmoak «nahasi» ohi ditu UPNko eledunak. «Gobernuaren akordioak aipatzen dituzunean, ondorioztatzen da ez dela legitimoa, eta aurreko legealdi hasieran ere esan zenuen gobernua ez zela legitimoa». Txibitek azpimarratu du denak ez duela balio politikan. «Defentsa demokratikoan tinko ez jokatuz gero, sistema ahultzen saiatzen direnean, hori lortzeko edozein metodo erabiltzen dutenak ahalduntzen dira. Guztiok konprometitu behar dugu, eta hori egin dut nik hemen».

Aldiz, Esparzak aurpegiratu die sozialistei «arrisku bat» direla demokraziarentzat. «Guk gobernua kritikatzen jarraituko dugu. Zuek sasidemokrazia bat nahi duzue, zuen neurrira. Oso kezkatuta nago PSOE-PSNren politika egiteko moduaz, askatasunak arriskuan jartzen baitituzte». Buelta eman dio argudioari: «Gezur handi bat eraikitzen ari zarete, onen eta gaiztoen artean, demokraten eta faxisten artean». 

Txibitek azaldu du datorren astean Unai Hualde legebiltzarreko presidentearekin biltzeko asmoa duela «erakunde demokratiko sendoak izateko eta ideiak eta gogoetak trukatzeko». Gobernuak gardentasunari buruzko konpromiso «erabatekoa» duela adierazi du, eta nazioarteko gobernu irekiei buruzko aliantza baten partaide gisa hautatu dutela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.