Ana Galarragak Rikardo Arregi sarien ohorezko mugarria jasoko du

Galarragak zientzia dibulgazioan egindako ekarpena nabarmendu dute kazetaritza sariek.

Ana Galarraga Aiestaran kazetaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ana Galarraga Aiestaran kazetaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 4a
14:15
Entzun

Rikardo Arregi kazetaritza sariek ohorezko mugarria emango diote Ana Galarraga Aiestaran kazetariari. Azaroaren 27an izango da sari banaketa, Andoainen (Gipuzkoa). Orduan jakingo da nork jasoko dituzten kazetaritza eta komunikazio sariak. Sarien antolatzaileek etzi jakinaraziko dituzte sariak jasotzeko finalistak.

Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziaduna da, eta zientzia komunikazioan aritzen da, Elhuyarren. Elhuyar zientzia dibulgazioko aldizkariaren zuzendarietako bat da —Egoitz Etxebeste Adurizekin batera—; baita zientzia eta teknologia ikuspuntu feministatik lantzen dituen Uhin ultramoreak podcastaren zuzendaria ere —Alaitz Otxoa de Eribe Agirrerekin batera—.

Galarraga Aiestaran erreferentzia da euskarazko zientzia dibulgazioan, eta hainbat komunikabidetan kolaboratzen du, BERRIAn besteak beste. Dibulgatzaile «jori eta eskuzabala» dela adierazi du epaimahaiak: euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu baseak berak idatzitako 250 artikulu baino gehiago biltzen ditu.

Rikardo Arregi kazetaritza sariek ohorezko mugarri edo aipamen bat emateko aukera izaten dute, euskal kazetaritzaren historian «ezinbesteko erreferentzia» izan diren erakunde, egitasmo eta pertsonei: «Ohorezko aipamena, beraz, bete-betean lotzen zaie euskarazko kazetaritzaren joan-etorrian eragin erabakigarria izan duten gertakariei zein ibilbide pertsonalei».

Ikuspegi feminista «iparrorratz»

Epaimahaiak Galarraga Aiestaranek hiru eremutan egindako ekarpenak nabarmendu ditu: lehenik, «desinformazioa nonahi dagoen garai honetan», zientzia dibulgazioaren garrantzia mahai gainean jartzeko egiten duen «ahalegin eta ekoizpen aparta»; bigarrenik, «iparrorratz darabilen ikuspegi feminista, asko aurreratua dagoen arren, oraindik ere erresistentziak eragiten dituen gaia ere baden garaiotan»; eta, hirugarrenik, komunikazio jarduna euskaraz eta «zero kilometrotik» egitea, «gertuko begirada hori geruza globalekin ere osatuta hainbat plataforma, formatu eta esparrutan».

Honako kide hauek osatzen dute Rikardo Arregi kazetaritza sarien epaimahaia: Miren Berasategi Zeberio Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, Eneko Bidegain Aire idazle eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakasleak, Itxaro Borda idazleak, Angel Erro Jimenez idazle eta itzultzaileak, Pantxika Maitia kazetariak, Libe Mimenza Castillo EHUko irakasle eta ikerlariak, Marta Lasa Goñi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotziak eta Arantza Aguado Perugorria Andoaingo Udaleko euskara teknikariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.