Ana Beltranek Pablo Zalba ordezkatuko du PPko buruzagi gisa Nafarroan

Alderdiak kongresua egingo du martxoaren 24 eta 25ean, eta batzorde kudeatzaileko buruak erabaki du lema uztea, Beltrani bidea erraztuz

Beltran, Jose Manuel Soria ministro ohia eta Pablo Zalba, 2015ean. J. DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ana Beltran Nafarroako PPko egungo aurpegi ezagunenak alderdiaren lema hartuko du aurki. Diario de Noticias taldeak atzo aurreratu zuenez, Pablo Zalbak alderdi barruan jakinarazi du bi urte eta erdiz alderdia zuzendu duen batzorde kudeatzaileko buruzagi izateari utzi egingo diola. Nafarroako PPko iturriek atzo berretsi zuten berria, eta agentziek nabarmendu zuten Genovako zuzendaritzaren oniritzia duela Beltranek. Horrenbestez, bidea libre du Ana Beltran PPko eledunak presidente izateko. Martxoaren 24 eta 25ean egingo du alderdiak kongresua, eta Beltranek aldez aurretik iragarria zuen hautagaitza. Lehiarik gabe, ez du oztoporik izango.

Alderdiak ibilbide laburra darama Nafarroan, baina azken bi presidenteek ez dute ondo amaitu. Nafarroako PP 1989an sortu zen, eta Jaime Ignacio del Burgo izan zen lehen presidentea. 1991n Jose Maria Aznarrek UPNrekin hitzarmena egin ostean, bere siglak desagertu egin ziren foru erkidegoan, harik eta Miguel Sanzek 2008an ituna hautsitzat jo zuen arte. Ia ezerezetik birsortu egin behar izan zuten alderdia, eta 2009ko abenduan egindako kongresuan Santiago Cervera izendatu zuten PPko presidente. Alta, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkeztu zen Cervera 2012an, eta haren tokia Enrique Martin de Marcok bete zuen. Urte hartako abenduan, Cerverak PP utzi behar izan zuen, Guardia Zibilak Iruñeko harresietan atxilotu baitzuen Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidente ohiari xantaia egitea egotzita —2015ean epaitegiak errugabetzat jo zuen—.

Enrique Martinek, berriz, 2014ko uztailaren 23an gutun bidez dimisioa eman zuen. Parlamentari eta presidente ohiak salatu zuen Genovako zuzendaritzak ez zuela ez aintzat hartzen, ez babesten. «Konfiantza falta» egotzi zion Mariano Rajoyk zuzendutako alderdi nagusiari. Barne krisiaren aurrean, Espainiako PPk batzorde kudeatzaile bat izendatu zuen, eta haren lemazain Pablo Zalba europarlamentaria jarri zuen.

Epe horretan guztian, batzordeak ez du kongresurik antolatu, eta behin-behineko egoera hori denboran luzatu da. Alta, azkenik, martxoaren 24an eta 25ean egingo dute kongresua. Sei urte eta lau hilabete iragan dira aurreko batzarrean Cervera presidente izendatu zutenetik. Beltrani itzal egin ziezaiokeen balizko hautagaien artean zegoen Zalba, baina alderdiak bilatu dio kargu oparoa. Azaroan Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuko presidente izendatu zuten, eta nahiago izan du orain Beltrani tokia egin.

Ikusi beharko da orain Beltranek zer zentzu ematen dion alderdiari, eta 2019ko foru hauteskundeei begira UPNrekin bat egitea bilatzen duen. Hautagaitza aurkeztu zuenean, adierazi zuen «oposizio ausarta eta arduratsua» egiten ari direla. Aldiz, azken egunetan hitz gogorrak erabili ditu gobernuaren aurka, Ikurren Legearen indargabetzearen edo motibazio politikoko biktimei egindako omenaldiaren harira.

Ez da aldaketa bakarra izango. Nafarroako Ezker Batuan, Marisa de Simon parlamentariak Jose Miguel Nuinen tokia beteko du. Gaur aurkeztuko du hautagaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.