Amurrioko Udalak konpromisoa hartu du euskara teknikari bat jartzeko, «hilabeteko epean»

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bertan behera utzi ditu, behin-behinean, hurrengo egunetarako martxan zituzten ekinaldiak. Hala ere, udalak konpromisoa beteko ez balu, Kontseiluak berriz ere abiaraziko lituzke ekinaldiak irailean.

Korrikaren hasiera ekitaldia eta lehenengo kilometroak Amurrion. RAUL BODAJO / FOKU
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 2a
15:18
Entzun

Amurrioko Udalak (Araba) euskara teknikariaren lanpostua kentzea erabaki zuen joan den ostegunean egin zuten Udal Osoko Bilkuran. Udal lanpostuen zerrendan egin zituzten aldaketa batzuen harira hartu zuten erabakia. Horren aurrean, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua Amurrioko alkate Txerra Molinuevorekin eta euskara zinegotzi Arantzazu Saratxaga de Islarekin bildu zen herenegun, kendutako euskara teknikari lanpostuaren inguruan hitz egiteko. Egindako bilerek eta Kontseiluak martxan jarritako hainbat ekinaldik fruitua eman dute: Amurrioko Udalak konpromisoa hartu du euskara arloan osorik jardungo duen jardunaldi osoko langilea ezartzeko. Udalak hilabete izango du konpromisoa betetzeko. Gainera, udalak jakinarazi du langile horren kontratuan euskara arloko funtzioak agertuko direla soilik. Kontseiluak «ontzat» eman du udal gobernuak hartutako konpromisoa, betiere «hitzeman bezala» betez gero.

Beraz, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bertan behera utzi ditu, oraingoz, gai horren inguruan hurrengo egunetarako martxan zituzten ekinaldiak. Hala ere, adierazi du udalak bere konpromisoa betetzen ez badu berriz ere «aktibatuko» dituztela ekinaldiak irailean.

Argi utzi dute erabaki horrek ez dituela «desaktibatzen» elkartearen aldarrikapenak, ezta «ezeztatzen» ere Amurrioko egoera eta udalaren erabakiaren inguruko analisia. Horren aurrean, azaldu dute elkartearen genetikan dagoela «aurrerapausoak lortzea» eta «elkarlana sustatzea» Aiaraldeko euskararen normalizazioan «aurrera egiteko».

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak adierazi duenez, egoera aztertzeko garaian agerian geratu zen «desadostasun nabarmenak» daudela udal gobernuaren eta Kontseiluaren artean. Alde batetik, euskara teknikariaren lanpostua kentzearen inguruko balorazio «arras desberdina» egin zuten bileran: «Udal gobernuarentzat, barne mailako berrantolaketa bat da, euskara arloari kalterik egiten ez diona, lanpostuaren izendapenetik harago euskara teknikariaren funtzioak beste udal teknikari batek betetzen baititu. Euskalgintzarentzat, berriz, larria da erabakia, eta mezu zuzena bidaltzen du: ez da behar euskara normalizatzeko teknikaririk».

Kontseiluak gaineratu duenez, zerbitzu soziokulturaletako koordinatzailearen lanpostua duen langileak hainbat alor betetzen ditu: hezkuntza, osasuna, elkarbizitza eta euskara. Horren inguruko balorazio desberdina egiten dute udal gobernuak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak; izan ere, Kontseiluaren ustez, lanpostu horretan dagoen pertsonak euskarari eman diezaiokeen denbora «ez da nahikoa». Horren harira, Kontseiluak, «balorazio objektibo» bat egiteko asmoz, proposatu zuen argitara ateratzea kargu hori duenak kontratuan jasota dauzkan funtzioak. Egoera ikusita, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak iritzi dio udalak euskara arlora bideratzen dituen giza baliabideak «eskasak» direla. Hori argudiatzeko, azaldu du azken Euskara Plana sortzeko langile bat kontratatu behar izan zutela sei hilabetez. Bestalde, salatu du 2018-2022ko Euskara Plana ez dela behar bezala bete. Azkenik, nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak aholkatzen du euskara sailean lau langile izatea 10.000 biztanle inguruko Amurrio bezalako herri batean. Alkatearen arabera, euskarari laguntzeko bidea ez da funtzionario gehiago izatea. Baliabide falta hori konpontzeko, udalak adierazi zuen «kanpo kontratazioak» aukera bat direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.