Amurrioko Udalak euskara teknikaria jarriko du «hilabeteko epean»

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak adierazi du udalak konpromisoa bete ezean irailean berriz «aktibatuko» dituztela ekinaldiak

Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Amurrioko Udalak (Araba) euskara teknikariaren lanpostua kentzea erabaki zuen joan den ostegunean egin zuten osoko bilkuran. Udal lanpostuen zerrendan egin zituzten aldaketa batzuen harira hartu zuten erabakia. Horren aurrean, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak egoera salatu zuen,eta Amurrioko alkate Txerra Molinuevorekin eta euskara zinegotzi Arantzazu Saratxaga de Islarekin bildu zen astelehenean, hartutako erabakiaren inguruan hitz egiteko. Egindako bilerek eta Kontseiluak martxan jarritako zenbait ekinaldik fruitua eman dute: Amurrioko Udalak konpromisoa hartu du euskara arloan erabat jardungo duen jardunaldi osoko langilea ezartzeko. Udalak hilabete izango du konpromisoa betetzeko. Gainera, langile horren kontratuan euskara arloko funtzioak agertuko dira soilik. Kontseiluak «ontzat» eman du udal gobernuak hartutako konpromisoa, betiere «hitzeman bezala» betez gero. Christian Alemany Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko dinamizatzaile eta koordinatzaileak adierazi duenez, ez dakite konpromisoa beteko duten edo ez, beteko dutela «sinesten» duten arren:«Guk hilabete itxarongo dugu, eta ea esandakoa betetzen duten».

Horiek horrela, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bertan behera utzi ditu, oraingoz, gai horren inguruan hurrengo egunetarako martxan zituen ekinaldiak. Hala ere, adierazi du udalaren konpromisoa betetzen ez bada irailean berriz ere «aktibatuko» dituela ekinaldiak.

Udalak hartutako konpromisoaren aurrean, Alemanyk argi utzi du Kontseiluak ez duela aldatu gertatutakoaren inguruko analisia: «Emandako pausoa larria dela salatu genuen, eta oraindik ere horrela pentsatzen dugu. Oso larria da udalak horrelako erabaki bat hartzea».

Euskarak Amurrion duen egoera larriaren argazkia egin du: «Gaur egun, Amurriok euskararen normalizazioa lortzeko dituen erronken aurrean, udalak oso ekarpen mugatua egiten dio herriari». Azaldu duenez, euskarak Euskal Herri osoan duen «bidegurutze bera» du Amurriok. Hala ere,azaldu du eskualde mailan «oso atzeratua» dagoela euskararen normalizaziorako bidean: «Hasteko eta behin, Amurrioko Udalak, euskararen arloan, ez ditu gutxienekoak betetzen: udalean ez dago langilerik euskararen arloan %100ean lan egiteko».

Desadostasunak

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak esan duenez, egoera aztertzeko garaian agerian geratu zen «desadostasun nabarmenak» zeudela udal gobernuaren eta Kontseiluaren artean. Alde batetik, euskara teknikariaren lanpostua kentzearen inguruko balorazio «arras desberdina» egin zuten: «Udal gobernuarentzat, hartutako erabakia barne mailako berrantolaketa bat da, euskarari kalterik egiten ez diona, lanpostuaren izendapenetik harago euskara teknikariaren funtzioak beste udal teknikari batek betetzen baititu. Euskalgintzarentzat, berriz, larria da erabakia, eta mezu zuzena bidaltzen du: ez da behar euskararen normalizaziorako teknikaririk».

Kontseiluak gaineratu duenez, zerbitzu soziokulturaletako koordinatzaileak hainbat alor betetzen ditu: hezkuntza, osasuna, elkarbizitza eta euskara. Horren inguruko balorazio desberdina egiten dute udal gobernuak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak; izan ere, Kontseiluaren ustez, lanpostu horretan dagoenak euskarari eskain diezaiokeen denbora «ez da nahikoa». Kontseiluak, «balorazio objektibo» bat egiteko asmoz, proposatu zuen argitara ateratzea zer funtzio dauzkan kontratuan kargu hori duenak.

Plana zenbateraino betea

Egoera ikusita, Kontseiluak iritzi dio «eskasak» direla udalak euskararen arlora bideratzen dituen giza baliabideak: azken Euskara Plana egiteko, langile bat kontratatu behar izan zuten sei hilabetez. Bestalde, salatu du 2018-2022ko Euskara Plana ez dela behar bezala bete. Azkenik, nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak aholkatzen du euskara sailean lau langile izatea 10.000 biztanle inguruko Amurrio bezalako herri batean.

Alkatearen arabera, euskarari laguntzeko bidea ez da funtzionario gehiago izatea. Baliabide falta hori konpontzeko, udalak adierazi zuen «kanpo kontratazioak» aukera bat direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.