Aiaraldeko Komunikabideak jakinarazi du 6.000 euroko laguntza kendu diola Amurrioko Udalak. «Gertaera oso larria eta onartezina zaigu, eta egoera bideratzeko eskatzen diogu tokiko erakundeari», adierazi dute. Halaber, gaineratu dute udalak ez diola erantzun egoeraren larritasuna aztertzeko eginiko bilera eskaerari.
Gogora ekarri du Aiara eskualdean euskarazko komunikabide bakarra direla, eta Laudio, Urduña, Aiara, Okondo, Artziniega, Orozko, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko udalen babesa jasotzen dutela. Halaber, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatzen eta finantzatzen dute. Bi erakundeen plan estrategikoetan azpimarratzen da euskarazko komunikabideen garrantzia estrategikoa, baina azaldu dute Amurrioko Udalak ez duela hori kontuan izan.
Komunikabidea «itotzeko saiakera»
Haien esanetan, «inolako jakinarazpenik eman gabe» izan dute erabakiaren berri, eta euskarazko komunikabide bakarra «itotzeko saiakera» dela deritzote. «Euskara biziberritzearen aurka hartu dituen erabakien azken mugarria da», esan du komunikabideak, eta aurrekariak zerrendatu ditu.
Adibidez, iazko hauteskunde kanpainan Kontseiluarekin biltzeari muzin egin zion udalak, euskalgintzaren erakunde horrek euskararen inguruko konpromisoak hartzeko proposamena egin zionean. Uztailean, euskararen teknikari lanpostua udal langileen zerrendatik kendu zuen. Urtarrilean, Amurriko kiroldegiko lizitazio publikoan bertan behera utzi zuen bertako langileek euskara eskakizuna nahitaez eduki beharra. 2016tik Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin hitzarmena «izoztuta dago»...
Hori ikusirik, behar-beharrezkotzat jo dute komunikabidea eta udala biltzea. Gainera, eskatu diote diru laguntza berrezartzeko «lehenbailehen». Euskararen aurkako eraso guztiak eten ditzala galdegin diote udalari. Euskararen biziberritzean oztopo izateari uzteko eskatu diote.
Aiaraldea Komunikabidea duela hamalau urte abiatu zen. Herritarren hauspoa izan du hasieratik, eta hari bultzada eman diote eskualdeko udalek eta alderdi politiko guztiek.