Suteak izan baino lehenago egin zitzaion elkarrizketa Oihan Mendo Garesko alkateari, EH Bildukoa (Gares, 1986), udal politikaz eta aurreko astertako gertaerez mintzatzeko. Suak ingurune dena kiskali du, eta, ondorioei begira, min handia dute Garesen zein Izarbeibarko eskualdean.
Nola bizi izan dituzu egunok?
Intentsitate handiarekin, urduri, beldurrez eta ezintasunez. Larunbat eguerdian hasi zen, deitu ziguten esanez Legarda eta Obanos hustuko zituztela sute handi baten ondorioz, eta Garesen herritarrak jasotzeko eskatu ziguten. Azkar batean, frontoia ireki genuen, eta elkartasun olatua sortu zen: gazteak gerturatu ziren laguntzera, ostalariek edariak eta janaria ekarri zituzten, dendariek ere bai... Lo egiteko tokien zerrenda egin genuen, baina handik ordubetera sutea jada Garesen genuen.
Arazoa zuengana heldu zen.
Suteak oso abiadura handian egin zuen aurrera. Zabalgain auzoa husterako, deitu ziguten une horretan hegoaldeko partean zela eta hustu behar genituela beste bi auzo. Egun osoa lanean eman genuen. Burua hotz, bestela urduritasunak janda, kontrol gabe geundekeen. Guztira, bost auzo hustu behar izan genituen. Emozioz bizi du egoera jendeak, denek nahi zuten lagundu sua itzaltzen, eta hori dena ere antolatu behar zen. Zorionez, gauerako Garesen mundu guztia bere etxera itzuli zen, eta egoera nahiko baretu zen. Igandean, egon ginen mendia ureztatzen sute berriak ez sortzeko, eta hasi ginen ondoko herriak laguntzen. Artazura joan ginen, eta bertako jendea hartu genuen, herria hustu zutelako.
Ondorioak neurtzeko garaia da?
Bai, egoera kontrolpean dago. Urduritasuna amorru bilakatu zaigu. Kalkulatzen dugu Garesen lurraren %70 kiskalita dagoela, bai eta gure basoen %90 ere. Obanosen eta Legardan, oraindik gehiago. Amorrua sortzen du. Pena ematen du, 500 urteko basoak genituelako: haritzak, artadiak... Altxor ekologiko bat galdu dugu.
Nekazarientzat uzta biltzeko garaia zen hau. Galera gogorra da.
Bai, oso gogorra. Espero dugu aseguruak hor egotea. Dagokion balioa eman nahi diet nekazarien lanari. Egunak eta egunak eman dituzte suebakiak egiten. Adibidez, Garesen funtsezkoak izan ziren, Zabalgain auzoaren inguruetan sutea etxeetara ez ailegatzeko.
Zer eskatu nahi duzu?
Birlandaketa ezin da herrien edo auzolanaren eskuetan utzi bakarrik. Guk joan den urtean 200 zuhaitz landatu genituen; aurten, beste horrenbeste, eta jarraituko dugu landatzen, baina suaren ondorio hauek orokorrak dira. Plan berezi bat behar dugu, eta basoaren bestelako kudeaketa bat. Gainera eskertu egin nahi nieke bai zerbitzu publikoei eta bai boluntarioei. Gazteei, batez ere. Pandemian oso kritikatuak izan dira, eta Garesen hor egon dira, edozertan laguntzeko prest. Eskertzekoa da.
Suteen aurretik, bi lan istriputan hiru langile hil ziren. Bi dolu egun deklaratu zenituzten.
Oso egun gogorrak izan dira. 3.000 biztanleko herri baten bi lan istriputan hiru lagun hiltzeak gogor jotzen du gizartea, eta nola ez, udala. Pertsonak ezagutzen dituzu, eta oso gertutik bizi izan duzu.
Herrian 0-3 zikloko haur eskola duzue, eta langileak greban dira maiatzaren 2tik. Zer iritzi duzu lan gatazkari buruz?
Guk haur eskola kudeatzen dugu, baina inposatuta datorkigu. Udalean erabaki genuen hezitzaileen lan baldintzak hobetzea, soldatak osatzen ditugu, kontratatzen dugu langile gehiago garbiketarako eta jantokirako, baina udalaren ahalmena mugatua da. Uste dugu langileen aldarrikapenak bidezkoak direla eta Hezkuntza Departamentuak haiekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin negoziatu behar duela, konponbide batera ailegatzeko lehenbailehen.
Zer zailtasun eta abantaila ditu Gares kudeatzeak?
Euskal Herri mailan, ziurrenik herri txikia gara, baina Nafarroako errealitateari begira, tamaina ertaina du, eta gure eskualdean motor moduan funtzionatzen du. Izarbeibarko herriekiko erantzukizun bat dugu, zerbitzu batzuk eskaini behar dizkiegulako: eskola, haur eskola, osasun etxea. Oso argi dugu gure erantzunak izan behar direla komunitarioak: guztion esfortzua da. Adibidez, 2016an lan poltsa bat jarri genuen abian langabeei lanpostu bat eskaintzeko, eta, orain, Garesekin batera, Obanos, Mañeru, Mendigorria eta Zirauki daude. Ez du zentzurik Gares gisa soilik lan egitea.
Politikoki, EH Bilduk ez du gehiengorik. Alderdi tradizionalik ez egoteak errazten al du?
Izan liteke. Hauteskundeetan talde independenteak aurkezteak errazten du akordioak egitea, ez direlako hain zurrunak. Batzuetan, independenteak baldintza gabeko talde gisa ager daitezke, baina baldintza politikoak eta ekologia propioa dituzte gizartearen barruan, eta hori ere kontuan izan behar da. Garesen ikasi dugu elkarrekin lan egiten eta hiru talde ditugu. Gobernu erantzukizunak ditugu; batzuek gehiago, besteek gutxiago. Bilatu dugu modu bat elkarrekin lan egiteko. EH Bilduk hori ere lortu du beste herri batzuetan; adibidez, Tafallan eta Galdakaon. Gertutasunean oinarritutako politikak erraztasun horiek ditu.
Nafarroako udal finantzaketaren erreforma da Legealdiko mugarririk garrantzitsuenetako bat.
Gaurkotu egin du zahar geratu zen finantzaketa sistema. Bermatzen du eragile diren herriek zerbitzuak eskaintzea ibarreko herriei.
Zer ahalbidetzen dizue?
Oso urte konplikatua izaten ari da. Adibidez, argindarraren prezioa nabarmen igo da: iaz, 80.000 euro ordaindu genuen kaleko argiterian, eta, aurten, 160.000. Udalek behar ditugu baliabideak, eta oso garai onean etorri da. Dena den, ez ditu erantzun guztiak ematen.
Navarra Sumak, aldiz, kontra egin du, eta Iruñea hiriburua kaltetua izango den mezua zabaldu du. Zer deritzozu?
Biktimarena egin du. Iruñeak baliabide ugari ditu, eta horregatik kexatzea ere! Udal gehienek babestu dute erreforma, eta horren aurrean biktima gisa aurkeztea, ez da zentzuzkoa. Tutera bera ere kexatu da, nahiz eta finantzaketa hobetzen zaion.
EH Bilduk Euskal Eredua izeneko estrategia aurkeztu du. Zer ekarpen egin dezakezue hor udalek?
Krisi anitzeko une batean gaude: ekonomikoa, zaintzarena, energetikoa... Udalek asko dugu horri buruz esateko, txikitasunetik zein handitasunetik. Herritarrengandik gertuen den administrazioa gara, eta horrek baliabide batzuk ematen dizkigu herritarrekin lan egiteko. Hori da EH Bilduren eredua: eragileekin eta herritarrekin lan egitea, proiektuak elkarrekin ateratzea eta erronka horiei guztiei erantzun propioak ematea.
Garesen, adibidez, zertan ari zarete?
2015etik daramagu lanean proiektu energetikoekin. Ibilbide luze horretan asko ikasi dugu. Trantsizio energetikoan oso garrantzitsua da nola ekoitzi, baina baita nola murriztu kontsumoa eta behar energetikoak ere. Ezingo dugu dena elektrifikatu, eta horrek eramaten gaitu kontsumo eredua aldatzera. Adibidez, uste badugu auto elektrikoarekin gure parke guztia elektrifikatuko dugula, oso zaila izango da. Garraiorako beste ereduak sustatu behar ditugu. Oso erronka sendoa eta konplexua da, baina aldi berean oso interesgarria.
Bestelako gobernantza eredua aldarrikatu duzue.
Gure eredua da herritarrekin eta eragileekin lan egitea eta komunitatea ahalduntzea. Erabakiak hartzeko aukera eman behar zaie, eta hori errespetatzea funtsezkoa da, gustatu edo ez. Garesen, adibidez, igerilekuak eraberritu behar genituen legedira egokitzeko, eta erabaki genuen hori herriarekin batera egingo genuela. Gestio kolektiboa da gure ezaugarrietako bat, baita beste taldeekin lan egiteko gaitasuna ere.
Udal arloan lehen indar munizipalista da EH Bildu, 1.100 zinegotzirekin. Zein da erronka: eustea ala haztea? Eta nola?
Oso norabide onean gaude. Udalek urtebete dugu lan egiteko. Ez dugu saldu behar, herritarrek ikusten dutelako egiteko beste modu bat dugula. Norabidean antzematen da: 2015ean, EH Bildu ezinbesteko izan zen aldaketan, bai gobernuan eta bai hainbat udaletan. 2019an, lehen indar munizipalista bihurtu ginen, eta, 2023koari begira, perspektiba onak ditugu. Laura Aznal da gure hautagaia gobernurako eta Joseba Asiron Iruñerako.
Oihan Mendo. Garesko alkatea
«Amorrua eta pena dugu, altxor ekologiko bat galdu dugulako»
Garesen eta Izarbeibar eskualdean oso une zailak bizi izan zituzten asteburuan. Behin sutea itzalita, basoen %90 galdu dituztela esan du Mendok, eta berriz landatzeko plan berezia eskatu du: «Suaren ondorioak orokorrak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu