Alderdi sozialistaren zimenduak kolokan jarri dituzte igandeko emaitzek. Aurreikusitakoa baino handiagoa izan da PSOEren deskalabruak eragindako lurrikara politikoa. Alfredo Perez Rubalcabak egin du iragarpena aurrena, eta Roberto Jimenezek, gero. Biek ala biek iragarri dute PSOEko eta PSNko idazkaritzak utziko dituztela, igandean izandako emaitza kaskarren ondorioz. Rubalcaba ez da berriro aurkeztuko kargurako, eta Jimenezek uko egin dio 2015ekoforu hauteskundeetako hautagaia izateari.
Europako hauteskundeetanalderdi sozialistak izandako emaitza txarrek are gehiago ireki dute alderdibarruko zauria. Eta horretan lagundu dute, neurri handi batean, Roberto Jimenezek egindako adierazpenek. Rubalcabak kargua utziko duela iragarri eta ordu batzuk beranduago agertu da komunikabideen aurrean PSNko idazkari nagusia, eta PSOEren zuzendaritzaren aurka gogor jo du.
Europako hauteskundeetako emaitzen inguruko balorazioaz harago mintzatu da Jimenez, Iruñeko egoitzan egindako agerraldian. «Gaur hitz egiteko gogoz etorri naiz». PSNko idazkari nagusiak horrela iragarri du ondoren esatera zihoana. Jakinarazi du ez dela izango PSNren hautagaia 2015eko udal eta foru hauteskundeetan, eta PSNri proposatu diola primaria prozesu bat abiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaia aukeratzeko. Argitu du, hori bai, horrek ez duela esan nahi dimisioa eman duela. Ezohiko kongresua egiteko ere eskatu dio PSNri, zuzendaritza berria izendatzeko. Jimenez ez da aurkeztuko ez hauteskundeetara eta ezta PSNko idazkaritzara ere. 2014a amaitu aurretik bukatuko dituzte bi prozesu horiek, eta berak legebiltzarkide izaten jarraituko du legealdia amaitu arte.
Irmo mintzatu da, ondoren,PSOEren zuzendaritzaren aurka,Nafarroako Gobernuko krisian gertatutakoa azaltzeari ekin dioenean. Jakinarazi duenez, hasiera batean PSOEren zuzendaritzak babestu egin zuen Yolanda Barcinaren aurkako zentzura mozioa aurkeztea, baina handik gutxira erabakian atzera egin eta berak agindua bete beste aukerarik ez zuen izan. Azaldu du martxoaren 2an jakin zuela Barcinaren aurkako zentsura mozioa ez zela aurkeztuko, eta egun horretan bertan erabaki zuela PSNko idazkaritzara eta Nafarroako presi- dentetzara berriro ez aurkeztea. Ez zuten, ordea, horren berri eman, Ferrazekin hitzartu zutelako Europako hauteskundeak igaro artejarraitzea karguan, «alderdiari bozetan kalte ez egiteko». Azpimarratzekoa da PSOEk martxoaren 5eko gauean jakinarazi zuela ez zuela zentsura mozioa aurkezteko asmorik.
PSOEren aurkako kritikak, baina, ez dira hor amaitu. Jimenezek aitortu du Nafarroako Gobernuan sartzea PSOEko zuzendaritzak «agindu» ziola, eta berak «zalantza handiak» izan zituela horren aurrean. Haatik, alderdiarekiko «leialtasunagatik» eta «Nafarroarekiko arduragatik» onartu zuen agindua, bere esanetan. Aitortu du, halaber, sarritan «PSOEko militante» gisa jokatu duela, eta «batzuetan gogoz kontra» aginduak bete dituela. UPN Nafarroako gobernuan mantentzea, ordea, «izugarrikeria» dela uste du.
Europako bozetan izandako emaitzen inguruan ere oso kritiko aritu da: «PSOEk eta PSNk bizkarra eman diegu hautesle progresistei». Azaldu du ez dakiela neurtzen UPNren kontrako zentsura mozioa ez aurkezteak emaitzetan izan duen eragina, baina ziur dela ez duela «lagundu». Alderdi sozialistak «aldaketa eta birsorkuntza» behar dituela gaineratu du, «oinarrietatik egitura federalaraino». Hain justu ere, aldaketa hori gauzatu dadin Alfredo Perez Rubalcabak ordu batzuk lehenago iragarritako ezohiko kongresuan «gogotsu» parte hartuko duela esan du.
«Ardura nirea da»
Eguerdian eman du albistea Rubalcabak, Madrilen: PSOEko idazkaritza utziko dulela iragarri du. Beherakadaren ardura bere gain hartu du alderdi sozialistako buruak: «Emaitza txarren ardura alderdiaren zuzendaritzarena eta bereziki idazkari nagusiarena da». Alderdiaren etorkizuna beste talde batek zuzendu behar duela iritzita, PSOEk ez ohiko kongresua egingo duela iragarri du. Uztailaren 19an eta 20an izango da, eta biltzar horretara ez duela bere burua aurkeztuko jakinarazi du. Haren esanetan, «aspaldi» zuen erabakita Espainiako presidentetzara ez aurkeztea.
Rubalcabaren erabakia PSOEk inoiz izandako emaitzarik kaskarrenen ondoren etorri da. Izan ere, hondamendia erabatekoa izan du. Orain arte ez bezala, PPren beheranzko joerak ez dio mesederik egin Espainiako bigarren alderdi nagusiari, eta PSOEk ere bederatzi eserleku eta 2,5 milioi boto utzi ditu bidean. PPren gainbehera kontuan hartzen bada, bi alderdien nagusitasuna kolokan dago Espainian.
Igandean jasotako porrota aztertzeko bilera egin du PSOEren zuzendaritzak, Ferrazen. Hiru orduko batzarra izan da. Ondoren agertu da Rubalcaba, buru makur. Onartu du igandeko emaitzak «oso txarrak» izan direla eta sozialistek ez dutela jakin herritarren konfiantza berreskuratzen, «jendea gaizki pasatzen ari delako». Konfiantza hori berreskuratzeak «denbora eta lan handia» eskatzen duela uste du, eta aurrerantzean «formak» aldatu beharko direla, «bai alderdi barnean, bai herritarrekiko ere».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, Rubalcabak esan du hautagaia aukeratu baino lehen aldatu behar duela zuzendaritza PSOEk, zuzendaritza berriak gidatu dezan prozesua. Haren esku egongo da, halaber, hautagaia zehazteko egutegia adostea.
Igandeko hauteskundeen deskalabruak are gehiago okertu du alderdi sozialistaren barne krisia. PSOEren egoera ez da ona, eta ez emaitza horiengatik bakarrik. Barruan dagoen zatiketa nabarmena da, eta, are okerrago, ez du ematen norabide bat finkatzeko baldintzak eskura dituztenik. Alderdia berritzearen aldeko oihuak ugariak dira, baina orain arte Rubalcabak ez du lortu noraezean doan ontzia menderatzea.
PSOEren gidaritza hartu zuen Rubalcabak duela bi urte, Carma Chaconi irabazita, alde txikiarekin. Jarraitutasunak irabazi zuen orduan,Rubalcaba Zapateroren Gobernuan kide erabakigarri eta zenbait arlotan erabakigarriena izan zelako. Alderdiaren erreferentzietako bat da Rubalcaba 1980ko hamarkadatik: Gonzalezen konfiantza irabazi zuen eta Hezkuntza ministro lehenik etaPresidentetza ministroa eta gobernuaren eleduna izan zen ondoren. Zapateroren garaian, Barne ministroarenak egin zuen ezagun, ETAk su-etena eman eta bi astera hartu zuelarik kargua.
PSOEk une delikatuenak bizi izan dituenean hartu du alderdiaren lema: hala gertatu zen Felipe Gonzalezen agintaldiaren azken urteetan, Zapaterorenean eta Gorteetarako azken hauteskundeetan. PSOEk emaitzarik txarrenak lortuta ere, idazkari nagusi izateko aurkeztu zen. Batasuna eta aldaketa aldarrikatuta hartu zuen PSOEko idazkari nagusi kargua 38. kongresuan, baina ez ditu ez bata ez bestea lortu.
Lopezen agerraldia gaur
Rubalcabaren erabakiak lehia bizia irekiko du alderdiaren gidaritza eskuratzeko. Eta horietako batzuk, Carma Chaconek eta Eduardo Madinak esaterako, primario irekiak egiteko eskatu dute, kongresua beharrean. Patxi Lopez PSEko idazkari nagusia ere hauteskunde primarioen lehian ikusten dute askok, nahiz eta hark ez duen oraindik baieztatu hautagai izango denik. Hark ere emaitzen inguruko autokritika egin du: «Emaitza txarrak dira, zer edo zer gaizki egin dugun seinale». Gaur aztertuko ditu emaitzak PSEko zuzendaritzak Bilbon, eta Lopezek aurreratu duenez «garrantzi handiko» bilera izango da. Agerraldia du gero.
Europako hauteskundeak
Amore eman dute biek
Sozialisten deskalabruak ondorioak izan ditu: Rubalcabak PSOEko idazkaritza utziko du, eta Jimenez ez da aurkeztuko 2015eanPSNko idazkariak jakinarazi du martxoaren 2an hartu zuela ez aurkezteko erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu