2020ko maiatzaren 9an, arrain ugari hilik agertu ziren Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) azpiko Arkaitzerreka errekastoan gertatutako amoniako isuri baten ondorioz. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak azaldu zuenez, erraustegitik kanpoko kamioi bat deskarga bat egiten ari zela gertatu zen isurketa, «zirkuitu itxi batean». Gertatutakoa ikertzen hasi ziren Guardia Zibila eta Europol, Donostiako fiskaltzaren Ingurumen alorrak hala aginduta, eta ikerketa horren emaitzen berri eman du GuraSOS taldeak orain.
Zubietako errauste plantaren aurkako plataformak salatu duenez, erraustegia martxan jartzeko prozesuan gertatutako «irregulartasun eta legez kanpoko jarduera larri ugarik» eragin zuten ezbeharra: «Obrak bukatu gabe eta kutsadura prebenitzeko sistemak prest egon ez arren, GHK-k erabaki zuen planta 2019ko azaroan martxan jartzea, segurtasuna, osasuna eta ingurumena gutxietsita». Are: GuraSOSek salatu du amoniako isuria detektatu ostean ere erraustegiko arduradunen lehentasuna izan zela «frogak ezkutatzea, gainerako agintariei jakinarazi gabe eta instalazioen ikuskaritza galarazita».
Plataformaren ustez, errauste plantaren arduradunek «amoniakodun ur kantitate izugarriak isuri zituzten kontzienteki», jatorrizko isuriaren aztarnak ezabatze aldera: «Aukera izan zuten larrialdi zerbitzuei eta hondakin arriskutsuen kudeatzaile bati deitzeko, kubetako isuria jaso zezan, baina beldur ziren agerian geratuko ote zen sistema estankoaren diseinua aldatu zutela, eta funtzionamendua ez zela legearen araberakoa».
Horrez gain, GuraSOSek azaldu du Guardia Zibileko perituek «klaroalkano neurri oso handiak» detektatu dituztela ezbeharrean hildako aingiretako batean: «2004az geroztik debekatutako substantzia bat da, oso toxikoa eta minbizia eragin dezakeena. Ikertzaileek uste dute Zubietako plantako plastikoen, gomen eta bestelako hondakinen erraustea dagoela gai toxiko horren jatorrian».
Hamabost ardi hilik
Erraustegiaren aurkako taldeak jakinarazi du amoniako isuri hartan, ehunka arrain ez ezik, hamabost bat ardi ere hil zirela, kutsatutako ura edan eta gero. Eta salatu dute 2020ko maiatzekoa ez zela gisa horretako lehen isuria izan: «Bi hilabete lehenago, 2020ko martxoaren 18an, beste isuri bat gertatu zen». Horregatik guztiagatik, GuraSOSek uste du GHK eta Ekondakin erakundeei dagokiela gertatutakoaren erantzukizun nagusia, «ingurumen baimenik gabe eta obra amaitu gabe jarduteagatik», eta Zubietako planta geldiarazteko eskatu du, «arriskurik ez dagoela egiaztatu arte».
Amoniako isuria, «erraustegia legez kanpo ari zela estaltzeko»
GuraSOSek salatu du ehunka arrain eta hamabost ardi hil zirela iazko maiatzeko ezbeharrean. Zubietako planta geldiarazteko exijitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu