Sanchezen inbestidura saioa

Amnistiaren inbestidura

Gaur hasiko da PSOEko hautagai Pedro Sanchezen inbestidura saioa, eta, ezustekorik izan ezean, lehenengo bozketan lortuko du gehiengo osoa, bihar, aldeko 179 boto bilduta.

Pedro Sanchez Europako Sozialistak taldeko buru Stefan Loefvenekin, larunbatean. JORGE ZAPATA / EFE
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 14a
18:10
Entzun

Hilabete pasatxoren ondoren, bukatu dira negoziazioak, eta azken kolpea ematea besterik ez zaio falta PSOEko hautagai Pedro Sanchezi beste behin Espainiako Gobernuko presidentetza hartzeko. Gaur hasiko da haren inbestidura saioa, eta, ezustekorik izan ezean, bermatua du lehenengo bozketan gehiengo osoa lortzea —aldeko 176 boto—: PSOEren 121 boto, Sumarren 31, ERC Esquerra Republicanaren zazpi, JxC Junts Per Catalunyaren zazpi, EH Bilduren sei, EAJren bost, BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren bat eta CC Koalizio Kanariarraren beste bat; denera, 179. Horra iritsi baino lehen, ordea, hitza hartu beharko du gaurko eztabaidan, 12:00etan. Haren ondoren hitz egingo dute Kongresuan ordezkaritza duten beste taldeetako ordezkariek, eta litekeena da Kataluniako indar subiranista nagusiekin (JxC eta ERC) adostutako amnistia legea izatea guztien agerraldien hizpidea.


Uztailaren 23ko Gorteetarako bozetan 121 diputatu lortuta —denera 350 eserleku daude behe ganberan—, Sanchezentzat funtsezkoak izan dira beste talde parlamentarioen babesa lortzeko negoziazioak. Hori bai, alderdi batzuekin —ERCrekin eta JxCrekin, batez ere— besteekin baino estuago ibili da tirabiran. Katalanek bi eskaera nagusi jarri zituzten mahai gainean euren diputatuen botoen truke: Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako amnistia, batetik; eta nazio auzia argitzeko erreferenduma, bestetik.p>

Galdeketaren afera bigarren planoan gelditu da, baina bestea aurrera doa. Francina Armengol Kongresuko presidenteak herenegun iragarri zuen Sanchezen inbestidura saioak noiz izango ziren, eta PSOEk egun horretan bertan erregistratu zuen amnistiaren lege proposamena Kongresuan; bihar Sanchezen alde bozkatzekoak diren alderdi guztien oniritziarekin, baina horien sinadurarik gabe. Neurri horrek bertan behera utziko lituzke 2012tik 2023ko azaroaren 13ra artean Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako prozesu judizialak. Horrek guztiz haserretu ditu alderdi eskuindarrak, eta kontrako manifestazioak egin dituzte Espainiako zenbait hiritan.p>

Halere, ERC eta JxC ez dira izan PSOEren egoera euren helburuak lehenesteko baliatu duten alderdi bakarrak. Sumarrekin egin zuen PSOEk lehendabiziko akordioa. Bi alderdi progresistek 230 neurri jaso zituzten 48 orrialdeko itunean; horietan berritzaileena, 2025erako asteko lanaldia 37,5 ordura murriztea, lansaria apaldu gabe. Horren berri eman eta egun eman zuen baiezkoa EH Bilduk. Akordioaren inguruko xehetasun handirik eman gabe, alderdiko buru Arnaldo Otegik hiru ardatz zehaztu zituen legegintzaldiak iraun bitartean sozialistekin lantzeko: nazio auzia, eskubide sozialak, eta bakea eta elkarbizitza.

Ikusi gehiago:Nestor Rego, BNGko diputatua: «Zintzoki esanda, ez gara askorik fidatzen PSOEz»

Azken bi asteotan, ia errenkadan iritsi dira Sanchezen inbestidurari bide emateko falta ziren akordioak. Hil hasieran iragarri zuten ERCrekin ituna egina zutela, eta joan den astean plazaratu zituzten JxCrekin, BNGrekin, EAJrekin eta CCrekin hitzartutakoak. Hain justu, kanariarren jarrera izan da azkenera arte argitu ez direnetako bat —PPko hautagai Alberto Nuñez Feijooren alde egin zuen haren inbestidura saioan, irailaren 29an—.

Inbestidurari begira, gobernuko presidentetzari eusteko egin beharrekoen zerrenda bete du Sanchezek, eta, ezustekorik izan ezean, lau urteko beste legegintzaldi bat hasiko du ostiralean. Dena den, orain artekoa negoziazioen lehenengo partea baino ez da izan, zazpi alderdirekin egindako itunak betetzeko lan egin beharko baitu gero.p>

Berotzen ari da eskuinap>

Irailean, huts egin zuen Feijooren inbestidura saioak —ez zuen gehiengo osoa lortu lehenengo bozketan, eta gehiengo soila ere ez bigarrenean—, eta horrek ateak ireki zizkion Sanchezen inbestidurari. Ez da espero abstentziorik egotea egunotako bozketan, hautagai sozialistarekin akordiorik ez duten –eta halakorik nahi ez duten– alderdiek argi baitute zer egin. Etziko bozketan kontrako 171 boto jasoko ditu Sanchezek: PPkoen 137, Voxekoen 33 eta UPNren bat.p>

Eskuina orain zenbait hilabete hasi zen PSOEri oposizioa egiten, eta berdin jarraitu du haren negoziazioek aurrera egin duten heinean. Amnistia legearen harira egin dizkiote kritika gehienak, eta, PPk hala eskatuta, haren tramitazioa atzeratzea onartu zuen atzo Senatuak —PPk gehiengo osoa du hor—. Horrela, lege proposamena onartzen dutenean bi hilabete izango dituzte hura tramitatzeko, eta ez, orain arte bezala, hogei egun.p>

Antzeko jarrera agertu dute eskuin muturreko Voxekoek. Adibidez, alderdiko buru Santiago Abascalek Sanchezen aurkako kereila bat jarri zuen herenegun Espainiako Auzitegi Gorenean. Horren bitartez, eskatu zuen Sanchezen inbestidura saioa bertan behera utz zezatela behin-behinean.p>

Baina Kongresuan bakarrik ez, kalean ere aurkituko du oposizioa Sanchezek. Azken bi asteotan milaka eskuindarren topaleku bilakatu da Madrilgo Ferraz kalea, eta, pixkanaka, beste hiri batzuetara ere hedatu dira PSOEren eta amnistia legearen aurkako manifestazioak. Hortaz, ikusteko dago osteguneko bozketaren ondoren protesta horiek barealdia izango duten edo areagotuko dituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.