NBE Nazio Batuen Erakundearen bi txostenetan argi eta garbi eskatu dioten arren, 1977ko Amnistiaren Legeak sortzen dituen trabak kentzeko asmorik ez du batere agertu Espainiak. Genevan (Suitza), NBEren Giza Eskubideen Batzordeak 27. saioko elkarrizketak hasi zituen astelehenean. Espainiak memoria historikoaren inguruan garatu dituen politikak izan dituzte aztergaietako bat. Asteazkenean, Pablo de Greiff kontalari bereziak eginiko txostena aztertu zuten. Atzo, indarrez desagerrarazitako pertsonen lan taldearen txostenari buruz eztabaidatu zuten. Bi txostenek nabarmentzen dute 1977ko Amnistiaren Legea oztopo dela 1936ko gerrako eta diktadurako krimenak ikertzeko. Legeari trabak kentzeko eskatu du De Greiffek; legea indarrik gabe uzteko, desagerrarazien lan taldeak. Bi saioetan hitza hartu du Ana Maria Menendez Espainiako Estatuko ordezkariak, eta errefusatu egin ditu eskari horiek. Sendo eutsi dio Amnistiaren Legeari. Espainiako trantsizioa «ahanzturan eta barkamenean» oinarritu zela, eta, horretarako alderdi politikoek, adostasunez, «justizia penalari» uko egitea erabaki zutela adierazi du bi saioetan.
Are nabarmenago gelditu da Espainiako Estatuaren ordezkariaren defentsa, justu aste honetan Txilek indarrik gabe utzi baitu hango Amnistiaren Legea. Gainera, De Greiffek Uruguairi ere egin dizkio gomendioak aste honetan; betetzen saiatuko dela esan du Uruguaiko ordezkariak. Ez du jarrera bera eduki Espainiakoak. Kontalariari esan dio txostenean aipatzen dituen biktimen elkarteak ez direla biktima guztien ordezkari; ez duela behar bezala interpretatu epaileen lana. Eta desagerrarazitako pertsonen lan taldeari erantzun dio ez dagozkion eskumenak hartu dituela, NBE sortu aurreko gertakariak ikertzeagatik; ez duela zentzurik krimen haiek ikertzeak, egileak hilik daudelako; gobernuak egin duela eta egiten duela lan memoria historikoaren arloan; ez dagoela oztopo legalik artxiboetara sartzeko; gomendio batzuk ezin dituela ezarri, Espainiako legeen aurkakoak izateagatik. NBEren gomendioak ezeztatzen saiatu da, beraz, Espainiako ordezkaria.
Desagerrarazien lan taldeak iazko irailaren 23tik 30era egin zuen bisita Espainiara. De Greiff aurten izan da, urtarril bukaeran. Espainiari gomendio eta aholku sorta luzea egin diote aste honetan aztertu dituzten txostenetan. Hona horietako batzuk: indarrez eginiko desagerketak delitu gisa txertatzeko legedian, desagerrarazitako pertsonak bilatzeko plan bat egiteko, haiei buruzko informazioa eskura jartzeko, hobi komunen mapa eguneratzeko, biktimen senideei laguntza emateko, Erorien Haranaren izaera aldatzeko eta han baimenik gabe lurperatuen senideei hezurrak berreskuratzeko aukera emateko, gorpuak berreskuratzeko baliabideak eta laguntzak emateko, ziurtatzeko exhumazioetan justiziako ordezkariak izango direla, frankismoari loturiko sinboloak ezabatzeko, indar armatuak trebatzeko giza eskubideei buruzko gaietan... Indar armatuak trebatzeko eta desagerketaren delitua Zigor Kodean txertatzeko prest dago Espainia, hala jakinarazi du Ana Maria Menendezek Genevan. Ez du zehaztu beste eskariei buruz zer egingo duen gobernuak. Desagerrarazien lan taldeak 90 egun eman dizkio Espainiari, zer neurri hartuko dituen azaltzeko.
Txile eta Argentina gogoan
Euskal Herritik izan dira ordezkariak Genevan egunotan. Egiari Zor taldeko Pilar Garaialdek, Goldatu taldeko Joseba Ibargutxik eta Iñaki Egañak hitzaldia eman zuten atzo eguerdian, NBEren egoitzan. Pozik ziren harrerarekin. De Greiff ere bertaratu zen. Han azaldu zuen Espainiako justiziak baduela tartea gerrako zein diktadurako krimenak ikertu ahal izateko. Gogorarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Argentinako eta Txileko amnistia legeei aurka eginez hasi zituela hango diktaduren aurkako prozedurak.
Amnistia Legeari buruzko NBEren eskariei ere, ezetz
1936ko gerran eta diktaduran gertatu ziren krimenak ikertu behar dituela oroitarazi diote Espainiari. NBEren aholku sortari zer erantzun emango dion ez du argitu Madrilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu