Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaien testuinguruan egin ziren protestetan izandako zenbait liskarren harira auzipetutako lau lagunen kontrako zigorra indargabetu du Bizkaiko Lurralde Auzitegiko bigarren aretoak. Amnistia legean oinarrituta ebatzi du zigorrak indargabe uztea. Lehen aldiz jarri dute indarrean amnistia legea Kataluniatik kanpo.
2019ko urriaren 19an protesta jendetsuak egin ziren Euskal Herrian, Katalunian aste osoan egiten ari ziren protestekiko elkartasunez, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurkako zigorra jakinarazi ostean. Bilbon izandako protestetan desordena publikoak eragitea eta autoritatearekiko erresistentzia agertzea egotzita zigortu zituzten lau lagun. Inhabilitazio publikoa eta isun ekonomikoak ezarri zizkieten.
Helegitea jarri zuten, eta Bizkaiko Lurralde Auzitegiko bigarren aretoak aintzat hartu du helegitea. Horrenbestez, 2024ko ekainean onartutako amnistia legearen arabera, Kataluniaren normalizazio politiko, sozial eta instituzionalerako «ardura kriminala indargabetu egiten da amnistiaren bidez edo indultuaren bidez». Testuinguru hartan egin ziren protestak ere jasotzen ditu legeak, eta, horrenbestez, ebatzi dute lau auzipetuei amnistia legea aplikatzea.
Ez dute ofizioz aplikatu
Lau zigorrak baliogabetu daitezen, ezinbestekoa izan da Oscar Sanchez abokatuaren ekimena; Bilboko protestengatik zigortutako pertsonetako baten abokatua da Sanchez. Amnistiaren Legearen ondorioak behin betikoak izango dira, hura aplikatzeko erabakiaren aurka egiteko hiru eguneko epea igaro baita, Sanchezek azaldu duenez. «Nire bezeroak ez du ordainduko isunik, eta ez du aurrekari penalik izango».
Sanchezek esplikatu du Espainiako Justiziak ez duela «ofizioz» aplikatu Espainiako Kongresuak onartutako legea; Sanchezek berak eskatu du; «hasieran ez zioten jaramonik egin helegiteari», esan dio BERRIAri. Azkenerako, baina, aitortu egin dute lege hori aplikatzea badagokiela, bai Sanchezen bezeroari bai beste hirurei. Horietako bati, isunaz gain, kartzela zigorra ere baliogabetu diote. Lau zigortuek ez dute aurrekari penalik edukiko.