Elkartasun ekintza batengatik epaituko dituztela uste dute migratzaileei laguntzeagatik auzipetuek

Urtarrilaren 28an epaituko dituzte iaz 36 migratzaileri Irunen eta Hendaiaren arteko muga igarotzen lagundu zieten aktibistetako zazpi, eta haiei babesa agertzeko mobilizazioa izango da bihar. Irungo Ficoban hasiko da, 11:30ean, eta Hendaian bukatu.

Korrikan migratzaileen aldeko desobedientzia ekintzarengatik auzipetutakoei babesa adierazteko autoinkulpazio kanpaina aurkeztu zuten azaroaren 20an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Korrikan migratzaileen aldeko desobedientzia ekintzarengatik auzipetutakoei babesa adierazteko autoinkulpazio kanpaina aurkeztu zuten azaroaren 20an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jakes Goikoetxea - Edurne Begiristain
2025eko urtarrilaren 25a
13:08
Entzun

Mugarik ez! izan zen iazko martxoaren 24an gehien errepikatutako eskaeretako bat Korrikak Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko bidea egin zuenean. Eskaera horixe egingo dute bihar, igandea, goizean ibilbide bera egingo duten dozenaka lagunek: elkartasunari mugarik ez, immigrazioari mugarik ez.

Izan ere, Korrikarekin batera, 36 migratzailek pasatu zuten Irun eta Hendaia arteko muga, eta zazpi lagun auzipetu zituzten: asteartean epaituko dituzte Baionako epaitegian, pertsonen trafikoko talde antolatuaren ustezko delitua egotzita. Manifestazioa antolatu dute biharko, 11:30ean, Irungo Ficobatik Hendaiara, auzipetzea salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko.

Auzipetuek artikulu bat igorri diote Kazeta.eus-i. Biharko mobilizazioarekin bat egiteko eskatu diete herritarrei. «Elkartasun ekintza batengatik epaituko gaituzte», haien esanetan. «Euskal Herria zatikatzen duen muga honetan eta honengatik jada bederatzi pertsona hil dira. Zer egin beharko genuke? Beste norabait begiratu? Gizaki gisa eta politikoki ezinezkoa zaigu».

Mendebaldeko herritar pribilegiatuen eskubideak ez dituztenentzat eskubide berdintasuna eskatzeaz gain, elkartasuna erakutsi ere egin behar zaiela diote. Nabarmendu dute hala egiten dutela hainbat herritarrek: etxeko atea zabalduz, otordu bero bat emanez, autobus txartel bat ordainduz, autoz lagunduz, arropa edo altzariak emanez... «Estatu frantsesaren errepresioak ez digu eragotziko gure jendartearen ezaugarri sendoak atxikitzea, hots, atzerritarrei harrera eta herrien arteko elkartasuna».

«Euskal Herria zatikatzen duen muga honetan eta honengatik jada bederatzi pertsona hil dira. Zer egin beharko genuke? Beste norabait begiratu? Gizaki gisa eta politikoki ezinezkoa zaigu»

 Migratzaileei muga pasatzen laguntzeagatik auzipetuak

Estatuen erantzukizuna agerian utzi nahi izan dute: alde batetik, ihesi doazenei mugak legez zeharkatzea eragotzita, pertsonen trafikoan aritzen direnen eskuetan uzten dituztelako, bidaiak arriskutsuagoak bihurtuta; bestetik, Europara iritsita ere, asilo eskubidea legez onartuta badago ere, lortzeko gero eta baldintza zailagoak jartzen dituztelako; eta, horiez gain, lan baimenak ukatzen dizkietenez, prekaritatean bizitzera behartzen dituztelako, «laguntza sistema eskas baten» mende, ezkutuko ekonomian edo «delinkuentzian». 

Hogei bat elkartek, alderdi politikok eta sindikatuk beren gain hartu zuten iazko martxoko desobedientzia ekintzaren erantzukizuna. Europako migrazio politikak salatu zituzten, eta Euskal Herria harrera herria dela ziurtatu. Horixe bera esan dute auzipetuek manifestazioaren eta epaiketaren aurretik: «Mendeetan, Euskal Herria beti izan da harrera herria miseriatik, diktaduratik, gerlatik edo gosetik ihesi zihoazen emakume, gizon eta haurrentzat».

Geroztik autoinkulpazio kanpaina bat bultzatu dute, eta mila lagunek baino gehiagok bat egin dute. J'accuse (salatzen dut) izenarekin egiten ari dira autoinkulpazio kanpaina, eta baita biharko manifestazioa ere.

Auzipetuek deialdia egin dute astearterako: 13:00etan elkartuko dira Baionako epaitegiaren aurrean, «Europako migrazio politikak salatzeko eta elkartasuna betebeharra dela aldarrikatzeko». Jasotako autoinkulpazio guztiak eramango dituzte epaitegiaren atarira.

50 eragilek bat egin dute

50 eragile politiko, sozial eta sindikalek bat egin dute J’accuse kanpainarekin. Biharko mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Horien artean daude Bizi, CIMADE, Ernai, EH Bai, EHE, ELA, ESK, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, LAB, Sortu, Steilas...

AI Amnesty International erakundeak gaur jakinarazi du bat egiten duela kanpainarekin eta protestarekin. Babes horren bidez, bistaratu nahi du arbuiatu egiten dituela Europan oro har egiten ari diren migrazio politikak. Biharko protestan, AIk bengalak piztuko ditu Irun eta Hendaia batzen dituen zubian, manifestazioaren ibilbidean, orain bederatzi urtetik Mediterraneoa zeharkatzen duten migranteen egoeraren gaineko arreta pizteko, Mallorcan (Herrialde Katalanak) sortu eta beste herri batzuetara zabaldu den protestaren bide beretik. Urtean behin egiten dute ekintza hori, eta migratzaileen aldeko elkartasuna irudikatzen dute dorreak eta talaiak argiztatuta.

Manifestazioan kanpainaren antolatzaileek diru bilketa abiatuko dute, kanpaina ordaintzeko. Internet bidez ere egin ahalko da diru ekarpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.