ETAren armagabetzearen aurreko asteetan, 2017ko otsailaren 6tik martxoaren 30era bitarte, Mixel Berhokoirigoin eta Jean Noel Etxeberri Txetxbakegileek bederatzi bilera egin zituzten Eusko Jaurlaritzako arduradunekin, egun haren nondik norakoez eta gobernuak izan beharreko rolaz hitz egiteko. Azken bilera bat ere egin zuten behin armagabetzea igarota, maiatzaren 12an. Bakegileek ondutako aktak argitara atera dituzte orain, ez baitute bat egiten Jaurlaritzak bilkuren inguruan egindako analisi «gezurtiarekin». Dokumentuan azaltzen denaren arabera, tentsioak gora egin zuen bileraz bilera, hausturara arte.
Lehen bilera. Otsailak 6.
Hartu-emana hasteko bilera izan zen. Bakegileek armagabetzean parte hartzeko deia egin zioten Jaurlaritzari, eta haren ordezkariak prest azaldu ziren. Bazuten, baina, kezka bat: ETAk eta ezker abertzaleak izan zezaketen jarreraren inguruan mesfidati azaldu ziren, eta «propaganda eta dosifikazio operazioak» arbuiatuko zituzten. Izan ere, bakegileen arabera, Jaurlaritzak uste zuen Luhusoko ekinaldiak protagonismo handia eman ziola erakunde armatuari, eta haren asmoa izan zitekeela halako ekinaldiekin «tribuna bat» izatea. Horren aurrean, bakegileek erantzun zuten bazituztela bermeak adierazteko armagabetzea ekinaldi «masiboago eta denboran murritzago» batekin gauzatuko zela, eta ez «zazpi edo zortzi Luhuso» eginez.
Hurrengo asteetan, bakegileek aurrerapausoak egin zituzten beste esparru batzuetan. Hainbat eragilerekin hitz egin zuten armagabetzeak izan beharreko ezaugarrien inguruan, eta Frantziako Gobernuko kideekin elkarrizketak izan zituzten. Frederique Espagnac parlamentariaren bitartez, Parisek jakinarazi zien armagabetzea «baimentzea» erabaki zuela, hura «osoa» eta ekinaldi bakarrekoa baldin bazen. Parisek otsailaren 20an jakinarazi zion Madrili bere asmoa.
Bigarren bilera. Martxoak 1.
Bakegileek Jaurlaritzari esan zioten uda aurretik egin nahi zutela armagabetzea, eta, hori defendatzeko, Frantziako Gobernuarekin izandako elkarrizketen berri eman zieten, iturriak zehaztu gabe. Bakegileen arabera, hori entzunda, Jaurlaritza laguntzeko prest azaldu zen, nabarmenduz armagabetzeak «serioa eta osoa» izan behar zuela.
Une hartan, Jaurlaritza proposamen berri bat ontzen ari zen bake prozesuaren inguruan, 2014an egindakoa eguneratzeko, baina ez zuten hura argitaratzeko asmorik azaldu. Izan ere, propio galdetu zieten gaiaz bakegileek, uste baitzuten «polemika publikoak» saihestu behar zirela.
Martxoaren hasieran, armagabetze operazioaren lehen zirriborro bat helarazi zieten bakegileek ETAri eta NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari. Hartan, Frantziaren kooperaziorik gabeko armagabetze bat irudikatzen zen, egun bakarrekoa, Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Hirigune Elkargoaren babesarekin egina.
Hirugarren bilera. Martxoak 8.
Jaurlaritzako ordezkariek Etxeberriri eta Berhokoirigoini aurkeztu zieten bake proposamen berritua, eta horiek dokumentua aztertzeko prest azaldu ziren, uste baitzuten bazirela elkarguneak.
Laugarren bilera. Martxoak 12.
Etxeberrik eta Berhokoirigoinek euren asmoen berri eman zieten Jaurlaritzaren ordezkariei. Armagabetzea Frantziako presidentetzarako hauteskundeen aurretik egin nahi zen —apirilaren 23an izan zen lehen itzulia—, eta Parisekin elkarlanean. Halere, aurkeztu zieten eskemak Parisen babesik gabeko armagabetze bat zuen oinarri: 1) Baionako Herriko Etxean arma gordelekuen berri emango zitzaion nazioarteko ordezkaritza bati, eta ekitaldi instituzional bat egingo zen Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Hirigune Elkargoko lehendakarien parte hartzearekin; 2) begirale taldeak gordelekuetan izango ziren Frantziako Polizia iritsi arte; 3) mobilizazio bat egingo zen; eta 4) NEBek baieztatuko zuen armagabetzea «erreala eta osoa» izan zela. Horretarako data martxoaren 17an jakinarazi nahi zuten. Jaurlaritzak, baina, ez zuen «onargarritzat» jo berari emandako rola, «dekoratiboa» zelakoan.
Beste eztabaidagai bat ere izan zen. Bezperan, martxoaren 11n, Diario Vasco egunkariak bakegileek izandako elkarrizketen inguruko artikulu bat argitaratu zuen, informazio «desitxuratua» emanez. Jaurlaritzak, baina, ukatu egin zuen filtratu izana.
Bosgarren bilera. Martxoak 16.
Etxeberrik eta Berhokoirigoinek Eusko Jaurlaritzari jakinarazi zioten hurrengo egunean, martxoaren 17an, «Frantziako hedabide handi batean» —Le Monde-n izan zen— armagabetze egunaren berri emango zutela, eta hurrengo astean haren inguruko xehetasunak ezagutaraziko zituztela. Berri hura ez zen gobernuko ordezkarien gustukoa izan, eta hala jakinarazi zieten bakegileei bileran eta gau berean izandako telefono dei batean: «Lehendakariak uste du bihar ez litzatekeela prentsan ezer argitaratu behar. Ez da batere zuhurra». Hain zuzen, ordezkarien esanetan, ez zuten argi Iñigo Urkulluk zer jarrera izango zuen iragarpena atzeratu ezean. Argudiatu zuten Madrilek ez zuela «begi txarrez» ikusi armagabetzea «laster» egitea, eta hori baliatu beharra zegoela.
Hurrengo bileretako eztabaiden oinarri izango den beste elementu bat ere mahaigaineratu zen orduan. Jaurlaritzak berretsi zuen armen entrega eta haren inguruko mobilizazioa bi egun ezberdinetan egin nahi zituela. Bakegileak ez ziren iritzi berekoak, baina iragarri zuten ekimena «ezker abertzalearen mobilizazio errepertorio tradizionaletik» aldenduko zela.
Martxoaren 17ko 12:30ean argitaratu zuen Le Monde-k Txetx Etxeberrik esandakoa: «Apirilaren 8ko iluntzerako ETA guztiz armagabetuta egongo da». Arratsalde hartan, Jaurlaritzako ordezkariek eta bakegileek telefonoz hitz egin zuten. Lehenak bigarrenei jakinarazi zien Madrilen harrera ez zela «txarra» izan, eta Parisekin ere «harreman ez-zuzenak» hasi zituztela. Hala, berretsi zuten «gehiegizko asaldura» saihestu behar zela. Bakegileentzat, baina, jada «berandu» zen atzera egiteko, uste baitzuten Parisek hurrengo gobernuaren esku utzi nahi zuela afera.
Seigarren bilera. Martxoak 20.
Jaurlaritzako ordezkariek gogor kritikatu zuten bakegileek nola kudeatu zuten afera. «Gobernuak uste du bakearen artisauek zirku bat muntatu dutela», dago jasoa aktan. Jakinarazi zieten testuinguru hartan Urkulluk ez zuela parte hartuko, eta proposatu zieten armagabetzea zortzi egun aurreratzea; hala, bereizi egingo lirateke hura eta mobilizazioa.
Bakegileek erantzun zuten martxoaren 23an armagabetze egunaren inguruko zenbait xehetasun emango zituztela prentsaren aurrean. Eta, oihartzun mediatikoa hizpide, filtrazioen afera mahaigaineratu zuten berriro. Jaurlaritzari leporatu zioten informazioa zabaldu izana: «Filtratutako informazioek ia gobernuak soilik zituen datuei egiten diete erreferentzia. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren adostasuna zuten planaren elementuak soilik eman ziren ezagutzera». Bakegileen aktaren arabera, Jaurlaritzako ordezkariek zenbait filtrazio egin izana aitortu zuten.
Martxoaren 20an eta 21ean egindako bilera banatan, Frantziako Gobernuak Jean Rene Etxegarai Hirigune Elkarteko presidenteari eta bakegileei helarazi zien Parisko fiskaltzari esan beharko ziotela non zeuden armak. Haiek, berriz, zehaztu zuten operatiboaren inguruko zenbait afera argitzeko zeudela.
Zazpigarren bilera. Martxoak 22.
«Tentsio handiko» bilera izan zen, bakegileen aktaren arabera. Batetik, Jaurlaritzak ekintzaileei «fartsa bat» antolatzea leporatu zien. Bestetik, jakinarazi zieten bi baldintza bete ezean publikoki adieraziko zutela ez zutela parte hartuko, eta horrek eragin zezakeela Nafarroako Gobernuak eta Etxegaraik ere ez parte hartzea. Zehazki, exijitu zuten gordelekuen inguruko informazioa bezperan ematea autoritateei eta horietan behatzailerik ez egotea. Dokumentuaren arabera, argudiatu zuten posible zela Poliziak egunak behar izatea bertaratzeko.
Bakegileak ez ziren iritzi berekoak. Aldaketek orekak haustea eragin zezaketela uste zuten, eta zalantzan jarri zuten Frantziako Poliziak hain geldo jokatzea. Eta Etxegarairekin izandako elkarrizketak zirela medio, ez zuten uste hark atzera egingo zuenik.
Zortzigarren bilera. Martxoak 26.
Adostasun baten faltan, bilera atzera begirako bat egiteko baliatu zuten Etxeberrik eta Berhokoirigoinek. Besteak beste, Jaurlaritzak egindako eskaeren artean martxan zen prozesura txertatutakoen berri eman zuten: prozesua bizkor egitea, ekinaldi bakarrean, eta ETAk protagonismoa izan gabe; Jaurlaritzak prozesuan parte hartzea; jardunaldia bi ataletan bereiztea, Jaurlaritzaren «estatus instituzionala» bermatzeko; armak ez indargabetzea; behatzaileen izenak ez argitaratzea...
Era berean, baina, uste zuten Jaurlaritzak «marra gorri» gehiago ezarri zituela aurrera egin ahala: armagabetzea zortzi egun aurreratzea, behatzailerik ez izatea, eta armagabetzea eta mobilizazioa bi egun ezberdinetan egitea. Hain zuzen, Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek «arriskutsutzat» jo zuen behatzaileak egotea. Hala, berretsi zuten Jaurlaritza ez zela Baionan egongo armak beste modu batean entregatu ezean.
Bederatzigarren bilera. Martxoak 30.
Armagabetze egunaren aurreko azken bilera, eta bi aldeen arteko harremanaren amaiera. Aktaren arabera, tentsio uneak izan ziren bilera hartan, eta Eusko Jaurlaritzak gogor erantzun zien bakegileek emandako azalpenei: «[Eusko Jaurlaritzako] Ordezkariak adierazi zuen, eskua mahaiaren ertzerantz eraman eta erortzen utzita: ‘Amildegira zoazte, eta operazioaren porrotera’». Izan ere, Jaurlaritzak uste zuen plazaratutako eskemak «ETAren irudia garbituko» zuela, eta berriz ere armagabetzea eta mobilizazioa bereizteko eta behatzaileen presentziaren inguruan negoziatzeko eskea egin zuen. «Ez da posible ikuspegi teknikotik, ezta desiragarria ere ikuspegi politikotik», izan zen bakegileen erantzuna. Eta horraino elkarrizketak.
Armagabetze eguna iritsi aurretik, bakegileek zenbait bilera egin zituzten Frantziako Estatuko ordezkariekin, eta, besteak beste, armagabetzea aurrera eramateko bermeak ezartzea eta kokalekuen berri Baionako Auzitegiari ematea adostu zuten. Bestalde, Jaurlaritzak bilera bat egin zuen Nafarroako Gobernuko, Hirigune Elkargoko eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko ordezkariekin. Haren ostean, Jaurlaritzak zirriborro bat bidali zion Etxegarairi, sinatzeko. Hartan, ez zitzaien aipamenik egiten bakegileei eta gizarte zibilari, eta Etxegaraik uko egin zion sinatzeari. Azkenean, adostu zuten txertatzea «positiboki» baloratzen zutela «gizartearen» ekarpena.
ETAk apirilaren 7an jakinarazi zuen armagabetu zela, eta hurrengo goiza espero bezala hasi zen. Arma gordelekuetarako bidea hartu zuten behatzaileek, eta horiek Frantziako Poliziaren esku geratu ziren. Bernard Cazeneuve lehen ministroaren ohar batekin amaitu zen eguna: «Espero dut indarkeriazko bost hamarkadaren amaiera ezartzea».
Azken bilera. Maiatzak 12.
Balantzea egiteko bilera izan zen, baina bakegileen harridurarako, Jaurlaritzak apirilaren 8an gertatutakoaren inguruko interpretazio negatiboa egin zuen: «Harentzat, bakearen artisauek akordio bat itxi zuten ETArekin eta ezker abertzalearekin, eta gainerakoei inposatu zieten». Hala, gobernuko ordezkariek berretsi zuten «akats handi bat» izan zitekeela parte hartu izana.
Bilera hartan, bakegileen arabera, Jaurlaritzak ez zuen onartu haren «zalantza, beldur eta informazioak okerrak» izan zirela. Hala, gogoratu zuen gobernuak ezinezkotzat jotzen zituen zenbait afera egin zirela: Frantziako Gobernuarekin ituntze eskema bat ezarri zen, ez zen atxiloketarik edo istilurik izan, NEBek eta Etxegaraik parte hartu zuten...