Zurine Rodriguez

Amildegia eta sabana

2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Aurreko hauteskundeetan, inoizko hauteskunde feminizatuenen aurrean egon arren, kanpaina feminista batetik urrun geundela demostratzearekin obsesionatu nintzen. Egia aitortuta, hauteskunde guztietan emakumeekin obsesionatzen naiz. Haien profilak kirurgikoki aztertzen ditut eta kanpainan zehar horren voyeur bihurtzen naiz. Gainera, alderdiek beren programetan dakartzaten proposamen feministak begiratzen ditut. Kanpaina hasi berri dela, gutxienez hiru gauza baieztatu ditzakegu: batetik, maila handiko emakume hautagaiak ditugula, lidergo, formakuntza eta aniztasun handiarekin; bestetik, kremailera-zerrendei esker parekidetasuna ziurtatuta dagoela; eta, azkenik, feminismoak programetan duen presentzia desorekatua dela. Asko aipatzen dute EH Bilduk, Sumarrek eta Podemosek; politikoki zuzenak dira PSE eta EAJ; PPri berriz ez zaio batere axola.

Hori bai, inoizko kanpaina feminizatuenetik, emakumerik ez dago eta ez da ezer gertatzen kanpainara pasatu gara. Hori da, konparatiboki, alderik nabarmenena. Ez dakit zuek, baina ni behintzat tristatzen nau. Zergatik ote? Emakumeek, politikan, kristalezko amildegia sufritzen dute. Metafora ekonomikoa da hori, baina ondo datorkigu EAEko hauteskundeak azaltzeko.

Emakumeek nagusiki krisi eta arrisku garaietan bereganatzen dituzte lidergoa, ikusgarritasuna eta boterea; hain zuzen ere, balizko porroten errua haiei egozteko, amortizatutzat jotzeko eta amildegitik behera erortzen uzteko. Beste modu batean esanda, hurrengo eraberritze politikoan gizonezkoen hierarkiak bere horretan mantentzea da gakoa. Badakizue, politika maskulinitate heteroaren guda zelaia da.

Horregatik, ez da kasualitatea biziraupena jomugan duten bi indar politikoek emakumeen lidergoaren alde apustua egitea. Miren Gorrotxategik eta Alba Garciak beren espazio politikoa onik ateratzeko erantzukizuna daramate bizkar gainean. Bitartean, David Soto eta Lander Martinez, alderdi bakoitzeko bi gizon indartsuak, eta, besteak beste, huts egindako akordioa negoziatu zutenak, aulkitik begira daude hankak zabal-zabalik dituztela.

Une erabakigarriak iristen direnean, ordea, ez dago amildegirik: gizonez beteriko sabana besterik ez dugu, arrakastaren protagonistak izateko prest. Momentu horietan biziki kostatzen zaie atzerapauso bat ematea. Aurten ez gaude inoiz izandako hauteskunde feminizatuenen aurrean: oraingoan, inoiz izandako lehiarik handieneko hauteskundeak biziko ditugu. Horren erreala den lehiak, emakumeak aldendu, eta gizonak lehen lerroan jartzen ditu.

Horregatik ere, ez da kasualitatea gobernagarritasunerako benetako aukerak dituzten bi alderdiek lidergo maskulinoaren aldeko apustua egin izana. Udal eta foru hauteskundeak laborategi ona izan ziren guztientzat, baina hitzordu erabakigarriaren aurrean ez arriskatzea hobe.

Hori bai, desberdintasun nabarmenak daude gizonak Ajuria Enera eramateko apustua egin duten alderdien artean. Emakumerik hautatu ez izanak ez gaitzala eraman denak berdinak direla pentsatzera. Findu dezagun analisia!

Emakumerik hautatu ez izanak ez gaitzala eraman denak berdinak direla pentsatzera. Findu dezagun analisia!

Konplexurik gabeko PPk benetako gizonaren aldeko apustua egin du. Javier de Andrés matxista agerikoa da, edozein feministari azkura ematen diguna, baina, borroka feministaren garaipenak tarteko, gizon suminduen artean funtziona dezakeena. PSEk liderra aldatu du, baina ez du lidergoa berritu, ordea. EH Bildu indartsu batekiko buruz burukoan, EAJk gobernua berresteko PSEren beharra du inoiz baino gehiago. Une erabakigarria eta sendoa da sozialistentzat; beraz, Idoia Mendia amildegira eror dadila Andueza euskal sabanan dabilen bitartean. Hori bai, sozialistak jakitun dira partida Araban jokatzen dela, beraien lurralde fetitxean, eta bertan lehia bizia hiruren artekoa da. Araba sozialisten amildegia da, eta hor Aroa Jilete apustu nagusi gisa aurkezten da, kanpainaurrean presentzia handia izan du, gaztea da eta lidergo oso markatua erakutsi duen hautagaia.

EH Bildurena eta EAJrena, berriz, beste kontu bat da. Belaunaldi-berrikuntzaren aldeko apustua egin dute biek, funtsezko aldaketa dela esan dezakegu, baina ez benetako aldaketa denik. A priori, estetikoki ez dago alde handirik haien artean: gizonak, adin ertainekoak, karisma gutxikoak eta antzeko gustu estetikoarekin. Ezberdintasuna markan dago. EH Bilduk ibilbide feminista oparoa, karisma eta presentzia handiko profil baten alde egin du: Oihana Etxebarrieta. EAJk, berriz, bere aktibo femenino berri eta indartsuenari euskal kanpainaurrean presentzia eman dion arren, Europako hauteskundeetarako gorde du. Oihane Agirregoitiak estetikoki EAJren marka eralda zezakeen: gaztea, emakumea, estetikoki beste molde batekoa; baina ez da garrantzitsuenak diren erkidegoko hauteskundeetarako apustua izan.

EAJk sabana batean dabilela uste du, baina egiazki amildegiaren ertzean dago. EH Bilduk, ordea, kostata gauza dezake aldaketa erradikala, eta pausoz pauso joatea lehenetsi du, tradizioa bermetzat hartuta, etorkizunean erradikala dena egikaritzeko esperantzarekin. Maiteak, kanpainan gaude, inoizko kanpaina femeninorik eskasenean!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.