Joxe Mari Auzmendi

Ametsak bete zituen ameslaria

Joxe Mari Auzmendi Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren bultzatzailea hil da. Herrigintza eta sareko lana izan ziren haren jarduneko zutarriak. Herri kohesioa ikuspegi nazionaletik eta euskaratik jostea zuen helburu.

JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren hamabosgarren urteurrenean, 2010ean, haren sortzaile Joxe Mari Auzmendiri (1954-2020) galdetu zioten ea proiektua jaio zenean imajinatzen ote zuen bide emankorra egingo zuela. «Tira, ametsetan bai, baina, errealista izanez gero, argi eta garbi ikusten genuen ezinezkoa zela», erantzun zuen. Ametsetan ikusten zuen, beraz, eta behinolako ametsa bete ahal izan zuen, bai: ikasleak, «haur arduratsuak», erdigunean jarriz, eta euskara eta berrikuntza uztartuz, Hik Hasi erreferente pedagogiko bat da gaur egun. Joxe Mari Agirretxe pailazoaren esanetan, «ameslari bat» izan zen Auzmendi. «Amets txikiak, ertainak eta handiak zituen, eta pentsatzen zuen amets guztiengatik borrokatu behar zela». Nora Salbotx egitasmo pedagogikoko aholkulari batzordeko kidearentzat, «esna amets egiten duten horietakoa» zen: «Amesteko grina eman zigun». Auzmendi, ametsak bete zituen ameslaria, atzo hil zen, minbiziak jota.

Hezkuntzaren bidez eta euskaratik, «auzoan, komunitatean eta Euskal Herri mailan ere» herri kohesioa ikuspegi nazionaletik jostea izan zen beti haren helburua, Hik Hasiko lantaldeak BERRIAri helarazitako ohar batek nabarmentzen duenez. «Taldeko arima zen». Printzipio horiek aintzat hartuta, bere jarduna ez zen mugatu Hik Hasi egitasmoaren proiektu paraleloetara, edo horien bueltan antolatutako hamaika jardunaldi, ikastaro eta topaketetara. Azken urteetan, Bizipoza elkartea eta Oinherri herri hezitzaileen sarea bultzatzen aritu da.

Azkaraten (Nafarroa) jaio zen, baina haurra zela Legazpira (Gipuzkoa) joan zen bizitzera. Kimika ikasketak egin zituen, eta kimikari aritu zen herriko Patricio Etxeberria lantegian. Baina haurrek bizi zuten, eta, herritik mugitu gabe, Haztegi ikastolan hasi zen irakasle, UNEDen irakasletza ikasketak egiten ari zen bitartean. Irakasle Elkartera jo zuen handik, eta euskaraz ikasten zuten haurrentzako aldizkari baten premia sumatu zuen. 1990eko hamarkadaren hasiera zen. Isilik izan zen lehen ahalegina. Gero heldu zen Hik Hasi: egitasmoaren «lehenengo urratsa», hauspotzailearen beraren hitzetan.

Irakasle Elkarteko kide batzuk eta UEU Udako Euskal Unibertsitateko pedagogia talde bateko partaide zenbait elkartuta jaio zen Hik Hasi. «Garai hartako 50.000 pezetako [300 euro inguru] 30 parte hartze sortu genituen, eta modu horretan sortu genuen elkarte mugatu bat». Lehen hazia jarri zuen proiektuak, eta, Auzmendiren ustez, «ekarpen berriak» eta «bereziak» egin behar zituzten euskal hezkuntza sisteman: «Inork beteko ez duen hutsune bat dagoela ikusten badugu, orduan gu betetzen saiatuko gara».

Horren erakusle izan ziren egitasmo hark egindako lehen urratsak. Duela bi hamarkada inguru, haur jolasekin hiru disko kaleratu zituen Hik Hasik, baita Zatoz jolastera eta Jolasen altxorra DVDak ere, besteak beste. Agirretxek orduan ezagutu zuen Auzmendi, Takolok, Pirritxek eta Porrotxek lan horietan parte hartu baitzuten. «Komunitatean, herrigintzan, elkarlanean sinesten zuen. Iruditzen zitzaion herri baten heziketa denon ardura zela. Herri aktibo saretu baten alde egin du». Biak lagun handiak ziren orduz geroztik, eta Oinherrin eta Bizipozan elkarrekin aritu ziren.

«Eragiten» asmatu zuen Auzmendik, Salbotxen iritziz. «Bidegilea» izan zen. Agirretxerentzat, txikitik mundura pentsatzen zuen, eta horregatik ekarri zituen Euskal Herrira atzerriko hezkuntza esperientziak. Salbotxek zerrendatu ditu: «Estoniakoak, Finlandiakoak, Italiakoak, Kataluniakoak, Kubakoak...». Pailazoaren aburuz, dinamika horiek «gurea aberasteko» balio zuten.

Aholkulari batzordeko kideak argi du: «Oso irakasle gutxi topatuko dituzu Hik Hasi ez dutenak erreferente pedagogikotzat. Joxe Mariri zor diogu». Salbotxen aburuz, «antzeko» proiekturik ez dago Euskal Herrian: «Ez dut irudikatzen euskal hezkuntza sistema Hik Hasi gabe».

«Jendea zaintzen jakin du»

Halere, Hik Hasiko kideek nabarmendu bezala, Auzmendi ez du «soilik» haren lanak deskribatzen. «Goxotasuna, baikortasuna eta gizatasuna izan dira haren izaeraren zigiluak». Eta horiek transmititu zituen. «Jendea zaintzen jakin du». Agirretxek «energia» zuela aipatu du; Salbotxek, «maitakorra» zela.

Auzmendi ez zegoen « desengainatuta» gizartea «asko» aldatzen ari zela iruditzen zitzaiolako. Baina pentsatzen zuen «elkartasun handiagoa» zegoela «lehen». 2010eko esanak dira. Hamar urte geroago, lehengo astean, Agirretxerekin egon zen, bilera batean, nahiz eta gaixotasunaren ondorioak oso agerikoak ziren ordurako. «Oso pozik joan da, itxaropentsu, bere ametsak osasuntsu ikusten dituelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.