Munduko saltzaile digitalik handienak, Amazonek, atzo iragarri zuen eguzki plakaz osatutako bi parke berriztagarri egingo dituela Nafarroan. Bere logistika zentroek eta datu baseek duten argindar eskari handia asetzeko asmoz, gehienez 72 megawatt-eko potentzia izango dute bi parke horiek batera. Horiez gain, Espainian beste 10 proiektu fotovoltaiko eta eoliko egingo ditu enpresak. Horiek Nafarroakoekin batuta, 596 MW gehiago izango ditu Jeff Bezosen multinazionalak, eta Euskal Herrian izango dituen lehen parke berriztagarriak izango dira.
Gainera, 72 MW horiek bi parketan izango direnez, horien tramitazioa eta baimena Nafarroako Gobernuaren eskumena izango da, ez Madrilena; izan ere, 2013ko Sektore Elektrikoaren Legearen arabera, Espainiako Administrazio Orokorraren lana da 50 megawatt-etik gorako proiektuei baimena ematea.
Datu zentroen argindar eskaria
Teknologia enpresa handiak, gehienak Mendebaldean eta Txinan daudenak, argindar kontsumitzaile handiak dira. Internet bidez zerbitzuak ematen dituzten enpresa horiek —X, Facebook eta Instagram sare sozialak, Interneteko dendak...— datu zentro handiak behar dituzte; gainera, geroz eta zerbitzu gehiago eskaintzen dituztenez, zentro are gehiago behar dituzte eskaintzen duten hori bete ahal izateko. Hala, datu zentro horiek argindar asko kontsumitzen dute, baita ura ere, hozteko zirkuituak hornitzeko.
Informazioaren teknologiek munduko argindarraren %7 kontsumitzen dute, eta, Europako Batasunaren kalkuluen arabera, 2030ean %13ra iritsiko dira. Webguneak funtzionarazten dituzten datu zentroak bakarrik munduko argindarraren %2aren kontsumitzaileak dira, eta, kalkuluen arabera, %8ra igoko da 2030erako.
Amazon enpresak, esaterako, datuak kudeatzeko zentro handiak behar dituzte, baina baita logistika zentro handiak ere, saltzen dituzten produktuak jaso eta banatzeko. Horiek ere argindar asko eskatzen dute: Amazon da teknologia enpresa handien artean energia gehien kontsumitzen duena.