Jaurlaritzak aurrea hartu nahi dio horrela Espainiako Gobernuari. Madrilek zortzi asteko aitatasun baimenak indarrean sartu dituen egun berean iragarri du bere egitasmoa Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek.
Haren esanetan, dekretu berria argitaratzen dutenetik —udazkenerako espero dutela esan du sailburuak— hamasei asteko baimena izango dute erditu ez diren bikotekide guztiek (aita-ama ez-biologikoek), baita familia gurasobakarrek ere.
Umea jaiotzen den unetik, hamabi hilabeteko epea izango dute aipatu baimena hartzeko; horrek, baina, ezingo du denboran bat egin amatasun baimenarekin, eta jaiotza baimenean jasotako laguntza ekonomiko berbera izango du epe horretan, Artolazabalek argitu duenez.
Dekretu horretan, halaber, beste neurri batzuk jaso nahi dituzte: Sailburuak azaldu duenez, horiek eragingo diete, besteak beste, familia ugariei, %50etik gorako desgaitasunen bat duen kideren bat duten sendiei, eta genero indarkeriaren biktima izan diren amei.
«Familiei laguntzeko sustapen politiketan Europan aurreratuen dauden herrialdeen artean kokatuko gaitu dekretu horrek», azpimarratu du Artolazabalek.
Zortzikoa jada
Aitatasun baimena zortzi astekoa da gaurtik. Apirilaren 1etik aurrera jaiotzen diren haurren gurasoei eragingo die neurriak. Espainiako Gobernuak onartu berri duen berdintasunerako premiazko lege dekretuak ahalbidetzen du hori.
Lehenengo bi asteak hartzeko aukera erditze egunean hasiko da, eta bi gurasoek batera hartu beharko dituzte hamalau egun horiek; gainerako sei asteak gurasoek erabakiko dute noiz hartu, haurrak urtebete izan arteko epemugarekin. Baimena besterenezina da, eta osorik ordaindua.
Legeak aurreikusten du modu mailakatuan luzatzea aitatasun baimenak: zortzi astekoa aurten; hurrengo urtean, hamabi hilabetekoa; eta bi urte barru, hamaseikoa. Parekatzean, lehenengo sei asteak nahitaezkoak eta jarraituak izango dira, eta gainerakoa gurasoek erabakiko dute, betiere haurrak urtebete egin baino lehen.
Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorraren oniritzia behar du neurriak —nahiz eta indarrean dagoen jada—. Asteazkenean bilduko da Diputazio Iraunkorra, eta Berdintasun Ministerioak berri agentziei azaldu dienez, gobernuak ez du aurreikusten parlamentuko taldeek atzera botatzea.