Amaia Cerejido Muñoz jaioberritan ebatsi zuten. Epaitegiek hala aitortu diote: filiazio faltsu baten biktima izan zen 1971n, eta haren ama biologikoa Maria Jose Muñoz da. Cerejidok gogorarazi du «pertsona zehatzak»egon zirela horren atzean. Ordea, argi du testuinguru zehatz baten babesean jokatu zutela pertsona horiek: frankismoan emakumeen aurka zegoen jazarpen giroa lagun izan zuten, hain zuzen ere. Oinarri horrek ahalbidetu zuen seme-alabatasun agiriak faltsutzea. Beraz, jazarpen hori aintzat hartzeko eskatu du, oinarri horren gainean egin zituzten beste filiaziofaltsuen auzibideetan lagungarria izan daitekeela pentsatzen du.
Cerejido Muñozek bere bizipenak ezagutarazi ditu, berriki, Eusko Legebiltzarrean. Hor adierazi zuen jazoera ulertzeko zein garrantzi izan zuen ingurumariak. 1944ko Espainiako Zigor Kodeak emakumeak gizonen menpe jarri zituen. Hamaika adibide daude. Besteak beste, ohoreagatik emaztea hiltzea onartua egon zen 1963ra arte. Emakumeen adulterioa ere zigortu zuen frankismoak: sei urteko espetxealdia jasan zezaketen andreek senarra ez zen gizon batekin harremanak izateagatik. Testuinguru horretan kokatu du Amaia Cerejido Muñozek bere amaren historia, eta, ondorioz, berea. Maria Jose Muñozek Gipuzkoara bidaiatu zuen; «urteak» zeramatzan senarrarengandik bananduta. Garai horretan, ordea, ez zegoen dibortziorik. 1971ko abuztuaren 6an izan zuen alaba, Donostiako Probintzia Ospitalean. Jaio eta berehala bataiatu zuen, ospitalean: Amaia. Agiri hori erabakigarria izan zen, gerora, filiazio faltsua egiaztatzeko, eta Amaiak bere ama biologikoaren nortasuna ezagutzeko.
Aitortza legedian
«Bizitza osoa» eman du Cerejido Muñozek bere historia argitu nahian. Bildutako datu eta lekukotasunekin kronika osatu du. Iñigo Santxo abokatuaren laguntzarekin, halaber, ama biologikoa nor zen ezagutu du. Ordea, gaia «ahaztutzat» jo aurretik, egoera bertsuan dauden pertsonei bidea errazten ahalegindu da: talde politikoei eskatu die aitor dezatela frankismoak legez jazartzen ziela andreei.
Amaia Cerejido Muñozek zehaztu du, adibidez, Nafarroan aitortza hori badagoela dagoeneko. 2017an txertatu zuten, 1936ko estatu kolpearen osteko jazarpenaren biktimei aitortza emateko legerian. «Genero jazarpen bat egon zen, emakume izateko eta ama izateko eredu bakarraren inposizioan oinarrituta», jaso du, hain justu, legeak. Testuinguru horretan kokatu ditu haur lapurtuen kasuak.
Halakoak araudian agertzearen balioa nabarmendu du Cerejido Muñozek: «Lortzen badugu emakumeek pairatu zuten egoerari buruz aitorpena lege batean agertzea, horrek erraz diezaieke beste pertsona batzuei haien historia ezagutzeko bidea». Laguntza, bi norabideetan hel daitekeela uste du. Batetik, aitorpen horrek doako justiziarako sarbidea eman dezakeelako. «Lan handia eginda, aukera izan dut prozesu osoa ordaintzeko; beste batzuek ezin dute hori egin, eta ez dago laguntza ekonomikorik».
Legezko aitortzak auzibideak abiarazteko eta ikerketak errazteko aukera ere eman dezakeela esan du. Hain zuzen ere, gogorarazi du ama biologikoa bere kabuz bilatu zuen urte guztietan trabak baino ez zituela topatu: «aurpegi ilunak», «erantzun txarrak», «ezezko borobilak», eta «bultzada batzuk» ere jaso zituen. Epaitegiek bere kasua aintzat hartu zuten unetik aurrera,aurkako jarrerak eta zailtasunak mantendu baziren ere, informazioa eta agiriak lortzeko erraztasun handiagoa izan zuen. Agirietarako sarbide horrek, hain justu, ama nor zen ezagutzeko aukera eman zion Cerejido Muñozi.
Babesgabetasuna baliatuta
Cerejido Muñozek uste du bere amaren kasua xehatutako testuinguruaren adibide argia dela. «Amaren babesgabetasun egoera erabatekoa zen: ez zuen ni beste familiarik Gipuzkoan; ezin ninduen erregistratu, gizonezko batek babestu behar zuelako niri abizena emateko; adulterioagatik espetxeratua izateko beldurra izan zezakeen; ez zuen baliabide ekonomikorik...». Hain zuzen ere, egoera horrek ahalbidetu zuen gerora gertatuko zena.
Maria Jose Muñozen egoeran zeuden emakumeek aukera bakarra izan ohi zuten: seme-alabak sehaska etxeetara eramatea. Erakunde erlijiosoek kudeatzen zituzten azpiegiturak ziren, non sartzen baitzituzten umezurtzak, edota familia txiroen zein Maria Jose Muñozen egoeran zeuden emakumeen seme-alabak. Ordea, bigarren aukera bat eskaini zion lagun batek: egoera arautu bitartean, jaioberria lagun baten ahizparekin utziko zuen, eta, gerora, eraman ahalko zuen berriz.
Bigarren aukeraren alde egin zuen. Egoerak, ordea, beste norabide bat hartu zuen. «Abuztuaren 11n utzi ninduen Abanton, eta adopziozko familiak abuztuaren 24an alaba biologiko gisa erregistratu ninduen; halaber, berriz bataiatu ninduten bi egun geroago». Cerejido Muñozek uste du hori guztia ama biologikoak jakin gabe gertatu zela. «Ni ikustera etorri zen tarteka, baina adopzioko amak trabak jartzen zizkion, eta adulterioagatik salatzearekin mehatxatu zuen; azkenean, uko egin zion ni berreskuratzeari».
Adopzioa faltsutzeko prozesuan zenbait pertsonaren laguntza jaso zuen adopziozko familiak, Cerejido Muñozek azaldutakoaren arabera. Mediku bat:«Jaiotza agiria sinatzeko». Moja bat: «harremanak» egiteko prozesuan parte hartu zutenen artean. Guardia Zibil batzuk: prozesuari «bermea» emateko. «Epaitu diren beste kasuetan pieza horiek errepikatu dira, pertsona ezberdinekin».
Bide penala etenda
Amaia Cerejido Muñozek 5 edo 6 urterekin jakin zuen ez zela gurasotzat zituen pertsonen alaba biologikoa. Bizilagun batek esan zion. Ordutik «egia» ezagutzeko borrokatu dela nabarmendu du. Hasieran bere kabuz, eta, 2011. maiatzetik aurrera, Iñigo Santxo abokatuaren laguntzarekin. Bitartekari lana egin zuen emakumezkoaren aurkako prozedura penal baten barruan aritu da. Babes horri esker lortu zuten, auzibide penalaren barruan, Donostia ospitalearen bataiatzearen agiria, baita ama biologikoa nor zen ezagutzea ere.
Berandu zen, baina. Ordurako Maria Jose Muñoz zendua zen. «Kolpe latza izan zen; ama aurkitu nuen behingoz, baina beranduegi». Horrek zaildu zuen bien arteko lotura egiaztatzea. Amak, ordea, seme-alaba gehiago zituen, eta horien bitartez lortu zuten frogatzea: Amaia Cerejido Maria Jose Muñozen alaba zen. Hori jakin eta berehala fiskalak auzibide penala artxibatzeko eskatu zuen, eta epaileak ontzat jo zuen eskea. Ordea, prozedura zibil bidez lortu zuten erregistroan ager zedin bi emakumeen arteko lotura: ama eta alaba dira.
Bidea zaila izan da. Froga zenbait epaitegian eskatu, eta ukatu egin zizkieten. Cerejido Muñozek une bortitzak ere gogoratzen ditu.Donostiako epaile batek, adibidez, nortasun agiria «modu txarrean» bota zion. «Inoiz ez dut halako harridurarik sentitu: ez nigatik, ohituta nengoelako, baizik eta horrelako mespretxuzko tratua izateagatik abokatu baten aurrean». Hori dela eta, Cerejido Muñozek bere bidea «itxitzat» jo badu ere, hel daitezkeen auziak errazteko beharra berretsi du.
Amari erauzia, garai ilunen itzalean
Amaia Cerejido Muñoz jaioberritan ostu zuten. Adopziozko gurasoek alaba biologikotzat erregistratu zuten, benetako ama engainatuta. Cerejidoren iritziz, emakumeek frankismoan jasan zuten jazarpena dago gertaera horien muinean; indarkeria hori legez aitortzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu