Amanda Acedo PSNko hautagai izateko lehiatuko da Txibiterekin

PSNk esandakoa bete behar duela adierazi du, eta autokritika egin.Ofizialki irailaren 29an hasiko dira hautagaiak bermeak aurkezten

Amanda Acedo, PSNko idazkari izateko hautagaia. JAGOBA MANTEROLA / A. PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nafarroan ere lehia egongo da. Urriaren 19an, PSNk foru hauteskundeetako hautagaia aukeratzeko primarioetan, gutxienez bi lehiakide izango dira. Espero bezala, Maria Txibitek gutxienez Amanda Acedorekin lehiatu beharko du. Larunbatean iragarri zuen Acedok hautagaitza. Ofizialki aurkezpena datozen egunetan egingo badu ere, hautagai sozialistak koherentzia eta autokritika aldarrikatu ditu lehen adierazpenetan. Otsaileko gertaerak gogoan, PSNk esandakoa bete behar duela deritzo: «Ez da posible UPNrekin ez dela gobernatuko esan eta ondoren gobernatzea. Eta ezin da esan Bilduren babesik ez duela jasoko eta gero euren beharra duen zentsura mozio bat iragarri».

Amanda Acedo parlamentari izan zen hiru legealditan, 2003tik 2011ra bitartean. Roberto Jimenezen zuzendaritzarekin kritiko azaldu den sektoreko ordezkarietako bat da. Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiaren salaketaren ondotik Jimenezek egindako gestioarekin gogor mintzatu zen. Hala, duela sei hilabete, BERRIAri emandako elkarrizketan, Acedok ez zuen baztertu berriro politikaren lehen lerrora jauzi egitea: «Ez dut ideiarik. Ziurta dezaket ez dakidala. Orain alderdia eraldatzeko ekarpena egiten ari gara; alderdia behetik gora aldatu behar da. Garai garrantzitsua da».

2008an, alderdiko idazkari nagusi izateko lehiatu zen Roberto Jimenezekin, eta, 2011n, Manuel Campillo Tuterako hautetsiaren alde egin zuen. Babes horren eraginez, zerrendetatik kanpo geratu zen iragan hauteskundeetan, baina orain zerrendaburu izateko lehiatuko da. Irabaziz gero PSNko idazkari nagusi izateko aurkeztuko dela aurreratu du.

Ofizialki, primarioetarako hautagaitzak irailaren 29an hasiko dira. Egun horretarako sinadurak bildu beharko dituzte Txibitek eta Acedok, eta nahikoa berme izanez gero ofizialki hautagai izendatuko dira urriaren 3an.

Esporrinen zain

Orain falta da jakitea zer egingo duen Maite Esporrinek. PSOEko idazkari nagusi izateko lehian Pedro Sanchezen alde egin zuen, eta Txibitek Eduardo Madina babestu zuen. Jarrera hark bere alde joka zezakeen, baina PSOEko buruzagi berriak Txibite Senatuko eledun hautatu berri du, eta PSN barrura mezu argia igorri du. Ikusteko dago kolpe horren aurrean Esporrinek Acedorekin hautagaitza hitzartuko duen, karreratik aterako den edo hautagaitza propioa aurkeztuko duen. Noticias taldearen arabera, Esporrinek Iruñeko zerrendaburu izatea du orain xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.