Amalur Mendizabal senatariak salaketa jarri du

Amaiurreko senatariak epaitegira jo du, Hernaniko istiluetan buruan kolpatu zuen ertzaina identifikatzeko

Amalur Mendizabal, Maite Aristegi diputatua eta Iñaki Goioaga eta Alberto Unamunzaga senatariak atzean dituela, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2013ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Amalur Mendizabal Amaiurreko senatariak salaketa jarri zuen atzo Donostiako epaitegian, iragan asteko astelehenean buruan zauritu zuen ertzaina identifikatzeko asmoz. Astebete besterik ez da igaro herritarren aurkako oldarraldian Ertzaintzak Mendizabal jo zuela, Guardia Zibilak Herrira-ren Hernaniko egoitza miatu eta gero. Senatari txartela eskuan bazeraman ere, bost zentimetroko ebakia egin zioten buruan, eta zortzi puntu eman behar izan zizkioten zauria ixteko.

Hala, oraindik «minduta» dagoela aitortu arren, senatari anoetarrak ez du gehiago itxaron nahi izan, eta epaitegira jo du gertakarien kontakizuna egitera eta zaurien erantzulea nor den argitzera. Salaketaren xedea «zartakoa» eman zion ertzaina identifikatzea bada ere, erantzukizun politikoak hartzea eta horrek ekar ditzakeen ondorioak finkatzea ezinbestekotzat jo du. «Inork ez zidan esan jo ninduen ertzainaren identifikazio zenbakia. Edonola ere, buruen eta agenteen gainetik politikariak daude, eta oldartzeko agindua egon ote zen argitu beharko da», adierazi zuen atzo Mendizabal Amaiurreko senatariak, aldundiko ordezkariak eta hainbat abokatu alboan zituela.

Ildo horretan, EAJk kontuak eman behar dituela uste du, eta, hala, Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak legebiltzarrean egin beharreko agerpenaren eguna zehaztearen esperoan daudela esan du. Egunotan politikari ugariren babesa jaso du Mendizabalek, baina oraindik ere Lakuako gobernuko «inork» ez diola deitu jakinarazi du. Halaber, Amaiur koalizioko senatariak gaineratu du bere kasua ez dela bakarra izan, joan den asteko istiluetan herritar askori «eraso» baitzieten. «Zauritu ugari egon ziren, ni baino larriago».

Hori dela eta, dagokionari aurpegia emateko eskatu dio, Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas gaztea hil zuela hemezortzi hilabete bete direla gogora ekarrita. «Gertaerok argitzen ez diren bitartean, beti egongo da arriskua horrelakoak berriz gertatzeko», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.