Joan den irailaren 30ean Amalur Mendizabal Amaiurreko senataria buruan zauritu zuen ertzainari diziplina espedientea ireki dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Estefania Beltran de Heredia sailburuak atzo Eusko Legebiltzarrean jakinarazi zuenez, litekeena da ertzain horrek indarra eta defentsarako tresnak «modu desegokian» erabili izana, eta hargatik zabaldu diote txostena. Espedientea irekita, barne ikerketari ekingo dio Segurtasun Sailak, gertatutakoaren inguruko informazioa bildu, arrazoiak zehaztu eta, hala badagokio, erantzukizunak argitzeko. Izan ere, diziplina espedientea zabaltzeak ez du, berez, ertzainaren aurkako zigorra ekartzen.
EH Bilduk eskatuta, Ertzaintzaren jokabideari buruzko argibideak emateko agerraldia egin zuen atzo Beltran de Herediak. Aurretik, Mendizabalek berak ere gertatutakoaz azalpenak eman zituen. Izan ere, duela hamar egun herritarren aurkako oldarraldian Ertzaintzak Mendizabal jo zuen, Guardia Zibilak Herrira-ren Hernaniko egoitza miatu eta gero. Senatari txartela eskuan bazeraman ere, bost zentimetroko ebaki bat egin zioten buruan borra batekin, eta zortzi puntu eman behar izan zizkioten zauria ixteko. Senatariak Ertzaintzaren aurkako salaketa jarri zuen gero Donostiakoepaitegian, buruan zaurituzuen ertzaina identifikatzeko asmoz.
Beltran de Herediak azaldu zuenez, egun horretan geratutakoa «argitzeko» barne protokolo guztiak «berehala» abiatzea adostu zuten Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak. Hala, senataria kolpatu zuen ertzaina identifikatu ostean, hark indarra «modu desegokian» eta defentsa tresnak «modu okerrean» erabili ote zituen argituko dute orain. Amaiurreko senatariak salatu zuen agintean zen ertzainari eskatu ziola beraknork jo zuen esateko, baina ez ziola datu hori eman. Ertzainen identifikazioa ez zegoela ikusgai adierazi zuen, halaber. Beltran de Herediaren arabera, ordea, polizia operazioan zeuden ertzain guztiak «ezin hobeto identifikatuta» zeuden.
Oso bestelako bertsioa eman zuen Mendizabalek hitza hartu zuenean. Hark berretsi zuen inork ez ziola esan jo zuen ertzainaren identifikazio zenbakia zein zen. Senatari agiria eskuan zuela une oro «lasaitasuna» eskatzen aritu zela azpimarratu zuen, eta, beraz, bera jotzeko arrazoirik ez zela egon. Bere esanetan, «neurrigabeko erasoa» izan zen, inolako justifikaziorik gabekoa, egoera hartan «istilurik ez zegoelako».
Taldeen txandan, EH Bilduk ez gainerako taldeek Ertzaintzaren «profesionaltasuna» goraipatu zuten. EAJrentzat «gertaera bakan» bat da Ertzaintzaren barruan. EH Bilduk, ostera, Mendizabalek pairatutako «erasoa» salatu, eta Ertzaintzaren halako jokabideak «iraganekoak» direla azpimarratu zuen.
Amalur Mendizabal jo zuen ertzainari espedientea ireki dio Segurtasun Sailak
Amaiurreko senataria zauritu zuen ertzainak indarra «modu desegokian» erabili ote zuen argitu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu