Gure Esku Dago

Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk hartuko dute Oiarbide eta Nikolasen tokia

Alvarez eta Etxaburu hasieratik dira Gure Esku Dago-ko kideak, eta igandean hartuko dute bozeramailetzaren lekukoa, Bilboko Euskalduna jauregian egingo den ekitaldian.

2019ko martxoaren 29a
10:23
Entzun

Zientzia juridiko eta politikoen arloko ikerlaria da Amalur Alvarez (Donostia, Gipuzkoa, 1988), eta irakaslea Josu Etxaburu (Ondarroa, Bizkaia, 1961). Biak dira Gure Esku Dago-ko kideak. Orain, dinamika abian jarri eta sei urtera, Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas ordezkatuko dituzte erakundeko bozeramaile lanetan.

Igandean Bilboko Euskalduna jauregian egingo den ekitaldian hartuko dute Alvarezek eta Etxaburuk lekukoa, azken urteetan lan horretan aritu diren Oiarbide eta Nikolasen eskuetatik. Plataformak berak komunikatu batean azaldu duenez, egindako ibilbidea balioan jarri eta etorkizuneko erronkak mahai gainean jartzeko abagunea izango da igandeko ekitaldia. Han izango dira hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariak ere.

Gure Esku Dago-k gogorarazi du garrantzitsua dela aldez aurretik izena ematea ekitaldian parte hartu ahal izateko. Horrez gain, zuzenean ere emango dute GEDen webgunean eta sare sozialetan, bertaratu ezin direnek hari kasu egiteko aukera izan dezaten.

Nikolasek eta Oiarbidek joan den martxoaren 13an jakinarazi zuten mugimenduaren lehen lerroa uzteko asmoa zutela. Biek ala biek GEDen jarraituko dute aurrerantzean ere, baina ez eledun lanetan. Mugimenduak berak iragarri duenez, ez da hori izango igandeko berritasun bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.