Amaitu gabeko borroka

AHTaren aurkako mendi martxari ekin diote hogei lagun inguruk, Bergaratik. Via Campesina mugimenduarekin egin dute bat, elikadura burujabetzaren aldeko borrokan. Bideoa albistearen amaieran.

AHT Geldituko kideak, atzo goizean, martxari ekiteko prest. MARISOL RAMIREZ/ARGAZKI PRESS.
Bergara
2017ko uztailaren 15a
00:00
Entzun

Mendiko botak estututa, kantinplorak iturrian beteta, eta motxila bizkarrean hartuta abiatu ziren atzo, Angiozar auzotik (Bergara, Gipuzkoa), hogei bat lagun. Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu! lelopean ekin zioten AHTaren aurkako mendi martxari, goizeko 10:30 inguruan. Via Campesina mugimenduarekin egin dute bat: elikadura subiranotasunaren aldeko borrokan, alegia; bi astez, nazioarteko kongresua egingo du bihartik aurrera Derion (Bizkaia). AHT Geldituk eta mugimendu sozialek eta ekologistek antolatutako martxa da, eta hiru egun iraungo du.

Lo zakuekin eta janariarekin bete zuten furgoneta goizean. Eguraldia alde zuten, gainera: ateri eta fresko, mendian ibiltzeko giro paregabea. 25 kilometroko ibilbidea zuten aurretik, baina sasoitsu hasi ziren. Atzoko helmuga Izurtza zen, Elorriotik (Bizkaia) igaro ostean. Eguerdian iritsi ziren lehen geldiunera. Han, gaztetxean bazkaldu, eta arratsaldean heldu ziren Izurtzara. Ekopolen txostenaren aurkezpena egin zuen EHUko irakasle David Hoyosek. Gaur, Larrabetzuraino joango dira, Zornotzatik (Bizkaia) igaro ondoren; bihar, Larrabetzutik Deriora, eta han bukatuko da asteburuko plana, « ekitaldi berezi batekin».

Ibilbide guztian zehar, AHTaren eraikuntzaren ondorioz eraldatuko diren eremuak eta dagoeneko dauden azpiegiturak ikusiko dituzte: «Azpiegiturak aurrez aurre ikusteko aukera izango dugu, eta horrela hobeto jabetuko gara arazoaz», esan du AHT Geldituko kide Bea Aranak.

Etekinak, zail

Ekopol txostenak azpimarratzen du diru laguntza publikorik gabe «ia ezinezkoa» dela AHTaren ustiaketan etekinak lortzea. Azaltzen du azpiegituraren funtzionamendua eta mantentze lanak «oso garestiak» direla, eta diru sarrerak ez direnez «nahikoa» izango kostua ordaintzeko, «etengabeko laguntza publikoak» beharko dituela tren azkarrak. Proiektuak 10.000 milioi euroko kostua izango duela dio.

Bestalde, ingurumen analisia ere egin du, eta azaleratu du «hainbat esparrutan» eragingo duela proiektuak: habitat zatikatzea, bioaniztasuna, lur emankorra okupatzea, eta abar.

Via Campesinaren aldarrikapenekin bat etorrita, elikadura burujabearen aldeko apustua egin dute AHT Geldituko kideek: «Euskal Herrian jaten ditugun elikagaien %3 bakarrik ekoizten ditugu bertan. Euskal Y-ak hartzen dituen 1.200 hektareetan, 60.000 bizikidetza unitaterentzako elikagai begetalak landu litezke». Azpimarratu dute elikadura burujabetzaren prozesuan premiazkoa dela lurra, eta azpiegitura handiak sekulako arazo direla prozesu horretan.

Gainera, Hego Euskal Herriko eremuen artifizializazioa salatu dute: «Hemengo lurraldeak Europan gehien artifizializatutakoak dira. Lurra da kapitalismoaren eta agintarien proiektuen oztopoa. Oztopoak gainditzen saiatzen dira beti, eta, horregatik, bortizki eraldatzen dute lurra». Bideoa: AHTaren aurkako martxa (Argazki Press).

[youtube]https://youtu.be/KUbUIUAp99A[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.