Urkulluk, Ortuzarrek eta Anduezak legealdia aztertu dute, bozen atarian

Hauteskundeetara deitu aurreko beste mugarri bat jarri du Urkulluk, gobernua osatu duten bi alderdietako buruekin bilduta. Otegik eskatu du «ez jolasteko» deialdi horrekin, «herritarren eskubidea» delako lehenbailehen jakitea bozak noiz izango diren.

(ID_17083336515115) ANDUEZA, URKULLU ETA ORTUZAR.
Andueza, Urkullu eta Ortuzar, gaurko Ajuariaeneako bileran. LEHENDAKARITZA
xabier martin
2024ko otsailaren 19a
11:40
Entzun

Lehenik, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia  hartu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, gaur goizean, Ajuriaenean, eta, handik ordu erdira, biko bilera hori hirukoa bihurtu da, EAJko EBBko presidente Andoni Ortuzar batu zaienean. 10:30erako amaitu da Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdi bietako buruen eta lehendakariaren arteko bilkura hori. Egungo egoera politikoa aztertzea eta legealdiaren balantzea egitea izan dute helburu.

Bileraren ostean, Urkulluk esker ona adierazi die Ortuzarri eta Anduezari, txio baten bidez, «emandako babes leialarengatik». Uste du gobernu koalizioa «emaitza onak» ematen ari dela.

EAJk ohar bidez jakinarazi duenez, Ortuzarrek Urkulluri «aintzatespen osoa» adierazi dio «legegintzaldi produkzio hain handian egindako lan onagatik». Halaber, gobernu koalizioak «konfiantza eta errespetu giroan» lan egin izana goretsi du.

Anduezak esan du Urkulluri adierazi diola PSE «gustura» dagoela gobernuak egindako lanagatik, «baldintza bereziki zailetan, pandemian». Horrez gain, PSE-EEko idazkari nagusiak esan du «asko» dagoela egiteko «oraindik», baina balioa eman behar zaiola alderdi biek «erakundeei emandako egonkortasunari». Uste du EAJren eta PSEren artean «kolaborazio zintzoa» egon dela azken lau urteotan. Urkulluk lehendakari gisa izandako «rigorea eta dedikazioa» azpimarratu ditu; «onena» opa dio etorkizunean.

Legealdia laster bukatuko da, Urkulluk hauteskundeetara deitu bezain laster, baina hura ezartzen ari da epeen nondik norakoak, eta gaurko bilera ere bozetara deitu aurreko mugarritzat jo daiteke. Anduezaren hitzek ere agur giroa areagotu dute, edo laster arte baten kutsua behintzat.

Urkulluk zehaztu du eguna

Eusko Jaurlaritzak agendan sartutako lege guztiak onartu dira jada Eusko Legebiltzarrean, Gardentasun Legea salbu; aurreko astean, legealdiko azken hiru legeak onartu zituen Gasteizko ganberak: Haur eta Nerabeena, Lankidetzarako eta Elkartasunerakoa, eta transexualen eskubideen arauaren moldaketarena.

Urkulluk erabakia du bozak noiz egingo diren, baina ez du jakinarazi, eta EAJk Espainiako Gobernuarekin adostutako transferentziak noiz gauzatuko diren jakitea izan daiteke azken mugarria plazaratzeko zer egun aukeratu den hauteskundeak egiteko. Edonola ere, gutxienez, hauteslekuak ireki baino 54 egun lehenago desegin behar du legebiltzarra, legearen arabera, eta aski zabaldua da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 21ean izan daitezkeela. Horrela balitz, egun gutxi batzuk baino ez ditu Urkulluk hauteskundeetara deitzeko.

Gaurko bilera beste mugarri bat litzateke Urkullu bera gobernatzen ari den epeen prozesuan, beraz. EAJk beste lehendakarigai bat aurkeztu du boz horietarako, Imanol Pradales, baina Urkulluri dagokio hauteskunde deialdia egitea, eta oso argi uzten ari da harena dela oraindik legealdiaren kontrola.

«%70etik gorako ordezkaritza izango dute subiranismoak, independentismoak eta nazionalismoak. Hori izango da argazkia Eusko Legebiltzarrean». 

Arnaldo OtegiEH Bilduko koordinatzaile nagusia

Hain zuzen, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik Urkulluri eskatu dio «ez jolasteko» hauteskundeen deialdiarekin «abantailak ateratzeko», hauteskundeetara deitzea haren eskuduntza bada ere «herritarren eskubidea ere badelako lehenbailehen jakitea» zer egunetan egingo diren. Ziurtatu du denek dakitela «apirilean» izango direla, itxura guztien arabera, eta egun zehatzari erreparatuz, gogoratu du apirilaren 28a San Prudentzio eguna dela. «Ez dut uste arabarrei hori egingo dienik...», esan du, aurreko igandera seinalatuz, apirilaren 21era alegia.

Otegiren irakurketa

EH Bilduren Mahai Politikoaren osteko agerraldian hartu du ahotan bozen deialdia Otegik, kazetarien galderei erantzunez. Aurretik, azaldu du koalizio abertzaleak aurreikusi duela EH Bildu izango dela «gehien haziko dena» bozetan; baina «siglen irakurketa horretatik harago» aritu nahi du koalizioak, «herri mandatuari» erreparatuz. Otegik ziurtatu du «%70etik gorako ordezkaritza» izango dutela «subiranismoak, independentismoak eta nazionalismoak». Boto emaileek Eusko Legebiltzarrean utziko duten «argazkia» horixe izango da, gehiengoei erreparatuta.

«Beste gehiengo bat ezkerreko politiken aldekoa izango da», esan du Otegik. Erantsi du EH Bildu dela politika abertzale eta ezkerrekoen «mandatu horren ordezkari onena». Gaineratu du boto emaileena dela azken hitza, baina uste du hauteskundeen emaitzek islatzen dituzten aldaketen aurretik «gizartean» gertatzen direla aldaketak, eta Hego Euskal Herrian jazotzen ari dena hori bera dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.