Amaitu da isiltasuna

1936ko kolpe frankistan fusilatutakoak topatzeko prozesuak indarra hartu du, 2013an Nafarroako Memoria Historikoaren Legea onartu zutenetik. Aranzadi zientzia elkarteak hamasei pertsonaren gorpuzkiak aurkitu ditu Otsaportillon eta Iberon.

Iberoko Hiru Gurutzeen hobiko eremuan, pertsona itxurako siluetak ezarri dituzte hainbat fusilaturen omenez. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Herrialdea bizitzen ari zen egoera ezohikoarengatik hila. Hori jartzen du nire aitonaren heriotza agirian». Maite San Romanek ez zuen ezagutu bere aitona Francisco San Roman Galbete (Altsasu, Nafarroa, 1901-1936). Eta hari buruz ere ezer gutxi zekien, etxean ez zelako gaiari buruz hitz egiten. Sufritu zutena ahazteko baliatu zuten isiltasuna, Euskal Herriko beste hainbat etxetan bezala.

Urbasako basoko Otsaportilloko leizea 1936ko estatu kolpean fusilatutakoen hilotzak botatzeko beste leku bat izan zen, baina, egun, Urbasan fusilatu guztiak gogoratzeko ikur nagusi bilakatu da. Iberoko (Nafarroa) Hiru Gurutzeen eremua ere fusilatutako hainbat pertsonaren gorpuak estaltzeko baliatu zuten frankistek. Haiek hil ondoren aztarnak ezabatzen saiatu ziren gainera, gorpuak betiko ahaztuta gelditu zitezen.

Isilpean bai, baina ahaztuta ez ziren inoiz gelditu. 2015ean, Aranzadi zientzia elkarteak zortzi pertsonaren gorpuzkiak aurkitu zituen Iberoko hobian, eta beste horrenbeste Otsaportilloko leizean; lau identifikatu dituzte Otsaportillon, eta hiru Iberon. Urbasako basoko leizean identifikatu zuten gorpuzkietako bat Francisco San Roman Galbeterena da. 1936ko irailaren 25ean eraman zuten Urdiaingo etxetik, emaztea eta lau seme-alaba utzita, eta ez zen inoiz itzuli, haren biloba Maite San Romanek dioenez: «Nire aitonak Olatzagutiko porlandegian lan egiten zuen. Bere ideiak defendatzeagatik hil zuten, hainbat lankiderekin batera».

Preso hartutakoak, normalean, taldeka eramaten zituzten fusilatzera, eta azken aitortza egiteko apaiz bat ere eramaten zuten. Presoei garondoan tiro bat jo ostean, lekukorik ez uzteko, apaizak ere hiltzen zituzten. Aitonaren kasua berezia izan zela kontatu du San Romanek: «Bi tiro behar izan zituzten aitona hiltzeko. Bigarrena jotzen zioten bitartean, aitortza egin behar zuen Altsasuko kaputxinoak, Damaso de Izak, ihes egitea lortu zuen; urte luzez Hego Amerikan ezkutatu zen». Euskal Herrira itzuli zen kaputxinoa, eta haren bitartez jakin zuen San Roman familiak zer gertatu zitzaion zehazki bere senideari. Hala eta guztiz ere, San Romanek dio bere amona ez zela inoiz alarguna izan: «Familiari ez zioten eman nahi nire aitonaren heriotza ziurtagiria; desagertuta zegoela esaten zuten».

Jose Roa Garcia (Iruñea, 1887) 1937ko urtarrilaren 26an fusilatu zuten, Ezkabako gotorlekuan zazpi hilabete baino gehiago preso eman ondoren. Militantzia politikoak eraman zuen hara. 1936ko hauteskundeetan Nafarroan eskuinak erraz-erraz irabazi izanak eragindako iruzur susmoen ondorioz, bozak bertan behera geratu ziren, eta bi hilabetez kudeaketa batzorde bat ezarri zuten Iruñeko Udalean. Jose Roa batzorde hartako kide izan zela dio haren iloba Joaquin Roak; hain zuzen, sozialisten ordezkari: «Nafarroako alderdi sozialistaren sorreran parte hartu zuen, eta UGTko kidea ere bazen».

Roa hil eta hainbat urtera, haren arrastoak bilatu zituzten hainbat senidek. Hainbat argibide aurkitu ondoren, Iberon egon behar zuela ondorioztatu zutela dio Joaquin Roak: «Badirudi nire aitonari oso preziatuak ziren gomazko bota batzuk eraman zizkiotela Ezkabara. Hil ostean, bota haiek Iberoko ehorzleari ikusi omen zizkioten». Jose Roa Iruñeko hiru falangista ospetsuk hil zutela uste du haren ilobak: «Jendea fusilatu eta gero, Iberoko errotara joaten omen ziren askaria jatera. Fusilatu ez ezik, hilketaren xehetasunez ere hitz egiten zuten mahaiaren inguruan».

Herritarrek salatuta

Silverio Astiz Lakuntza (Uharte Arakil, 1879) eta Silverio Astiz Ezkurdia (Uharte Arakil, 1915) aita-semeak 1936ko urriaren 28an atera ziren Iruñeko espetxetik, baina ez ziren inoiz etxera iritsi. Jose Mari Astiz haien senideak dio aitona herritar batzuen salaketagatik atxilotu zutela: «Uharte Arakilgo alkate izendatu zutenean, aurreko udaleko hainbat kidek dirua lapurtu zutela salatu zuen. Ez zioten hura salatzea barkatu. Osabari dagokionez, soldadutzara joan nahi ez izateagatik atzeman zuten, eta aitarekin zuen harreman estuagatik».

Astiztarren familian ere urte luzez kontatu gabe gorde zuten aita-semeekin gertatutakoa, eta hura bizi izan zutenei «ezer gutxi» atera ahal izan zietela azaldu du Jose Mari Astizek. 1983an, ordea, PSOEk Espainiako hauteskundeak irabazi eta Felipe Gonzalez presidente izendatu zutenean, Jose Mari Astizen aita, PSOEko militantea, bere aita eta anaia bilatzen hasi zela oroitu du Astizek: «Iberon egon zitezkeela uste genuen, baina han zeuden fusilatuen zerrendetan ez ziren agertzen ez bata, ez bestea».

Alta, Iberoko apaizak harremanetan jarri zituen euren senideei buruz argibidea eman ziezaiekeen pertsona batekin. Antza denez, 1936an, Arrotxapea auzoko adreilu fabrikan lan egiten zuen gizon batek ikusi zuen aita-seme batzuk lantegiko labera bizirik bota zituztela. Astiz eta bere aita gizon harekin bildu ziren, eta ontzat eman zuten hark esandakoa: «Gizonak emandako deskribapenak eta nire aitak emandakoak bat egiten zuten». Harrezkeroztik familian bilaketa «bukatutzat» eman zutela dio Astizek. Orain, DNA proben zain daude, nahiz eta esperantza «gutxi» duten senideak Iberon identifikatzeko.

«Hasiera baino ez»

Isiltasuna familian ez ezik herrian ere bazegoela adierazi du San Romanek, herritarrek sartu baitzuten aitona «zorioneko zerrenda» hartan. Orain, isiltasun hori amaitzeko lehen pausoak eman direla uste du San Romanek, baina nabarmendu du honek «hasiera baino ez» lukeela izan behar: «Nire aitak orain bai, hitz egingo luke gertatutako guztiaz». San Roman familiak argi du zer egin nahi duen gorpuzkiekin: «Erraustu egingo ditugu. Hala, zati bat Urdiainen gordeko dugu, eta bestea Otsaportillon, haren hobia hori izan baita beti».

Roatarrak ere euren senidearen gorpuzkiak itzultzeko zain daude. Bitartean, Joaquin Roak azaldu du memoria historikoaren legean biltzen den norberaren erreparazio eta aitortza adierazpenaren agiria eskatu diola Espainiako Justizia Ministerioari, bere aitona, amona eta osabarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.