«Amaierarik» gabeko ibilbidea

30 urte betetzen dira aurten Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordea sortu zela. Gaur, haien ibilbide luzea gogoratuko dute Baionan, 16:00etatik goiti, Polo Beyris aretoan.

1 DANIEL VELEZ / BERRIA.
Baiona
2014ko irailaren 27a
00:00
Entzun
EHGEBB Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordea, 1984ko uztailean sortu zen, «Ipar Euskal Herrian garai hartan bizi zen egoera salatzeko». Batzordea desagertuko den egunaz amesten dute; baina, gaur egun, «oraindik» eskubide urraketa etengabea dela ikusirik, «urrun» ikusten dute desagertze eguna.

«80ko hamarkada hasiera oso garai gogorra izan zen euskal militante eta, batez ere, iheslari politikoentzat, errepresio handia pairatzen baitzuten», adierazi du Annie Arroyo batzordeko kideetako batek. «Oso zaila da garai hori markatu duten egoerak ahaztea», gaineratu du. Horren adibide dira Jean Paul Larre Popo IKko militantearen desagertzea, estradizioak, deportazioak edota GAL. Orduan, alderdi sozialista zegoen Espainiako eta Frantziako estatuetako gobernu buru. «GALek beldurra sortu zuen Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Gobernuak, gizartea babestu beharrean, iheslarien estradizioak negoziatu zituen».

«Frantziaren isiltasuna beldurgarria zen», dio Arroyok. Gertakari horien guztien aurrean, estatuan babesik ez zegoela ikusirik, hainbat elkarte eta esparrutako 30 pertsonak, tartean Baionako Giza Eskubideen Aldeko Batzordeko kide batzuek, Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordea sortu zuten. Ekintza «ez bortitzen bidez», elkartasuna bultzatu eta desinformazioaren aurka borrokatzeko.

«Giza Eskubideen aldeko Ligari (LDH) zegokion lan hori egitea», dio Claire Frossard elkarteko kideak. Franco hil ostean, Felipe Gonzalezen gobernua zegoen boterean Espainian. Estatu demokratiko bat zela argudiaturik, LDHkoen ustez «ez zen gehiago arrazoirik espainiar gobernuak hartzen zituen erabakien aurrean borrokatzeko», dio Michel Bergek, beste kide batek. Horrek bultzatu zituen LDHeko 5-6 kide, kolektiboa utzi eta «beste militante» batzuekin Euskal Herriko Giza Eskubiden Babesarako Batzordea sortzera. Hala eta guztiz ere, bi urte hauetan, bi batzordeen arteko harremanak sendotu direla nabarmendu du Frossardek. Euroaginduaren aurkako dinamikan, iheslari politikoen dinamikan zein Bake Bidean, elkarrekin lan egiten ari direla azpimarratu du.

Estatuko zein tokiko Giza Eskubideen aldeko Liga «asko garatu da 80ko hamarkadatik», dio Claire Frossardek. Gaur egun, eskubide urraketak daudela «ulertu dute», baina orain dela 30 urte, LDH-a alderdi sozialistaren «aliatua» zen, eta Felipe Gonzalezen gobernua «laguna» zuten azaldu du.

30 urteko ibilbidea

«Denbora pasatu da, eta aitzina eraman dugun borroka eta bizi izan dugun guztia, momento horiek guztiek nahasturik daude gure oroitzapenetan», dio Jean Abeberryk, batzordearen sortzaileetako batek. 1981ean, François Mitterand lehendakari izandatu berri zuten. Hauteskunde garaian «hitzemandakoak ez zituen bete». «Euskal departamendurik ez, eta iheslari politikoen egoztea onartzen hasten dira, asilo eskubidea kenduz», zehaztu du Annie Arroyok.

1983an, GALen lehen atentatuak hasi ziren. 1984an, 40 iheslari politikoren gose greba egin zuten Baionako Katedralean. Urte berean, «hiru euskal militante Espainiaratu zituzten»... «Gertakari bortitz anitz pasatzen ari ziren Ipar Euskal Herrian, baina ez zen inongo sostengurik ez eta babesik lortzen», dio Arroyok. Horrek bultzatu zituen, alor desberdinetako 30 militante, Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordea sortzera. «Erreakzionatu behar zen»; gizartean zegoen isiltasuna hautsi nahi zutela gaineratzen du.

30 urteko ibilbidean, iheslariek pairatu behar izan zituzten eskubide urraketak salatzeaz gain, Ipar Euskal Herrian gertatzen zenaz informatzea zuten beste helburuetako bat. «Hedabide nagusiek egiten ez zuten lana egin behar genuen» nabarmendu du Arroyok. Eskubide urraketak zeuden garaian, eta, gaur egun, «oraindik» gertatzen direla nabarmendu dute kideek. Batzordea desagertuko den egunaz «amesten» dute, baina nabarmendu dute «zoritxarrez» oraindik zeregina dagoela. Madrilen oraintxe 28 gazteren aurka egiten ari den epaia, gaur egun «oraindik» gertatzen ari diren giza eskubideen urraketen adibide «argi» bat dela azpimarratu dute Giza Eskubideen Babeserako Batzordeko kideek.

Kari horretara, 30 urteko ibilbide luzea gogoratuko dute gaur, Baionako Polo Beyris aretoan,16:00etatik goiti. Daniel Velez argazkilariaren argazki erakusketa bat izanen da. 17:00etan, Giza Eskubideak Euskal Herrian gaiaren inguruko eztabaida antolatu dute, Giza Eskubideen aldeko Ligako ohorezko lehendakari Michel Taubinarekin. Bide beretik, «gaur egun gure artean ez egon arren», elkartearen sortzaileetariko bat izan den eta «gehien parte hartu duen» Camille Frossard kidea oroitaraziko dute. Giza Eskubideen aldeko hainbat borrokatan part hartua zen «aspalditik», kideek diotenez. Euskal Herria deskubritu zuenean, «errealitate berri bat ezagutu zuen, giza eskubideak urratuak ziren errealitate berri bat» nabarmendu du Jean Abeberryk bere kideekin batera: horrek bultzatu zuen Frossard, «buru-belarri aritzea» giza eskubideen alde.

Desinformazioaren aurka

Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako elkartearen helburuetako bat, Ipar Euskal Herrian zegoen desinformazioaren aurka borrokatzea zen. Orduan «benetan» gertatzen zena kontatu beharra sentitzen zuten. «Hedabide nagusiek iturri ofizialek erraten zutena baizik ez zuten argitaratzen, eta iturri horiek ez ziren inoiz gobernuaren aurka joaten», azaltzen du Arroyok.

Hutsune hori betetzeko beharra sentitzen zuten, eta Batzordea sortu eta bi urtera Jakilea hilabetekaria sortu zuten, lekukoa. «Jakilea, Ipar Euskal Herrian gertatzen zenaren lekukoa zen», azaldu du Abeberryk. Lekukotasun desberdinak biltzen zituen eta biltzen ditu egun ere. Horrez gain, informazio orokorragoa ere eskaintzen zuten, Euskal Herri osoan gertatzen zena kontatzea zuten helburu. Hala eta guztiz ere, Ipar Euskal Herrian gertatzen zenaz informatzen zuten. Gizarteak beraien herrian «egiazki» gertatzen zena jakiteko eskubidea eman nahi zioten. Eta diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.