Amaiera «lasai» bat

Aralarren zuzendaritzak alderdia desegiteko eginiko proposamenaren aurka ez dute zuzenketarik aurkeztu. Gaur zortzi egingo dute batzarra

Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusia eta Patxi Zabaleta presidentea, 2014ko batzarrean. JESUS DIGES / EFE.
jokin sagarzazu
2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Datorren larunbatean, hamabost urteko ibilbidea amaituko du Aralarrek. Alderdia desegiteko egungo zuzendaritzak eginiko proposamena eztabaidatuko dute zazpigarren biltzarrean parte hartuko duten afiliatuek. Hori izango dute bozketarako puntu bakarra, eta, ezustekorik ezean, aurrera aterako dute. Herrialdeetako zuzendaritzetako kideekin eta afiliatuekin eginiko bileretan kontrako iritzirik ez dutela jaso azaldu dio kazeta honi Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiak. «Bilera lasaiak izan dira; espero genuena baino harrera hobea izan du proposamenak».

Batzarrera begira, inork ez du aurkeztu alderdia desegitearen aurkako zuzenketarik ere. Osokoak baino ezin zitezkeen egin, « alderdi gisa jarraitu ala ez jarri duelako eztabaidan zuzendaritzak». Baina testua «zuzentzeko, txukuntzeko edota aberasteko asmoz», ekarpenak eta eskaerak egin zitezkeen, eta bakarra jaso dute, Aralarren Ezkerraberri fundazioaren geroaren ingurukoa; begi onez hartu du hori zuzendaritzak. Proposamenak egiteko epea azaroaren 10ean amaitu zen, eta afiliatuei azaroaren 20an bidali zieten dokumentazioa. Iruñeko Baluarte jauregian egingo dute batzarra, 09:15etik aurrera.

Uberak azaldu duenez, zuzendaritzako kideak «harrituta» daude osoko zuzenketarik ez eta proposamen bakarra jaso dutelako. Adierazi du Aralarren hori «ezohikoa» dela, eta agerian uzten duela erabakiak «babes zabala» duela eta batzarrak «espero bezala» egin dezakeela aurrera.

Zuzendaritzak bere txostenean dio «koherentziaz» jokatzen dutela deseginda, bete dituztelako sorrerako xedeak: ezker abertzale «zibil eta zabalaren» sorrera; ETAren borroka armatuaren bukaera; ezker abertzalearen barne demokrazia: «militante bat, boto bat»; eta lurraldetasunaren auzian aintzat hartzea Euskal Herriko hiru eremu administratibo nagusien erabaki esparruak.

«Aralarrek egin beharrekoak egin ostean, bada garaia iraganeko zikloa itxi eta ziklo berria indartzeko», dio testuak. Zuzendaritzaren ustez, EH Bilduk izan beharko luke orain Aralarreko kide izandakoen militantzia politikorako «tresna». EH Bilduk batzarra egin zuen ekainean, «berregituratzeko». Besteak beste, alderdien pisua mugatu du, militante propioen mesedetan, eta aurrekontu eta langile propioak izango ditu. Aralarren zuzendaritzak uste du alderdia deseginda «ekarpena» egiten dutela «abertzale aurrerakoi eta ezkerrekoen bateratzean». Dena den, Uberak azaldu du «ulertzen» dituela «besteen erritmoak eta arrazoiak» gauza bera ez egiteko. «Aitortu digute politikan ez dela oso ohikoa guk egin duguna; baina gure printzipioekin zintzo jokatzen ari garela uste dugu».

Pertsiana jaitsi

Afiliatuek alderdia desegitea erabakiz gero, zuzendaritzak aurreratuak ditu lan batzuk baliabide materialekin eta pertsonalekin—kargu publikoen soldatak, langileen kontratuak...— zer egin erabakitzeko. Asteartean zuzendaritzak egingo duen bileran itxiko dute lan horren parte bat; langile eta hautetsiena bereziki. «Aurrerago», ondasunen ingurukoak aztertuko dituzte. Uberak azaldu duenez, «pare bat» egoitza ditu alderdiak, eta zorrik ez du.

Afiliatu batek, berriz, eskatu du fundazioak jarraitzea: «Ezker subiranistan eragiten jarraitzeko eta politiken ildoak pentsatzeko ikerketa-gune eta ideien laborategi bihurtzea, hau da, Think Tank bat». Eskaera hori ez da bozkatuko, «ez baita ponentziari egindakoa», baina, Uberak jakinarazi duenez, hori egin duen afliatuarekin bilduko da datorren astean, zuzendaritzaren jarrera azaltzeko. Orain arte afliatuekin-eta eginiko bileretan hitz egindakoaren arabera, asmoa da beste urtebetez jarraitzea fundazioak, amaitu gabe dituen lanak buka ditzan. Bi zehazki: estatu eraikuntzarako estrategikoak diren alorren inguruan adituen iritziekin-eta osatutako liburu bat, eta Aralarren historiari buruzko beste bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.