Amaia Goirigolzarri abokatu eta Sare Herritarreko kidea hil da, plataformak jakinarazi duenez. Sarkoma antzeman zioten 2016an, eta, ordutik, gaixotasuna ikusarazteko eta osasun sistema publikoan tratamendu egokiak ezartzea eskatzeko egitasmoetan aritu da.
Gaur Amaia Goirigolzarri Alegriak @agoiri1 utzi gaitu, bere bizitzagatik eta gu guztionagatik azken unera arte borrokatu ostean: Osasun sistema publiko hobe baten alde, sarkoma minbiziaren ikerkuntzaren aldeko erreferente, herrien eskubideen alde, bere euskara ederraren jagole pic.twitter.com/2APOB8zDDs
— Jon Maia Soria (@maia_jon) August 9, 2023
«Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde lanean aritu den emakumea» zela azaldu du Sare Herritarrak, sare sozialen bidez zabaldutako mezuan. Besteak beste, 2021eko urtarrilean eginiko mobilizazioetako mezu nagusia irakurtzeaz arduratu zen, Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiarekin batera.
Goirigolzarri, baina, presente izan zen bestelako aldarrikapenetan ere, lehen lerroan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko Erabakizaleak taldeko kide ere bazen. Talde hark, besteak beste, adierazi zuen euskal herritarrei dagokiela «euren etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea», eta Kataluniako prozesu independentista bultzatu zuten buruzagi katalanak «berehala» aske uzteko eskatu zuen, haiek behin-behinean espetxeratu zituztenean. Era berean, Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auzia berriro egitearen alde egitea salatu zuen 2020an, Euskal Herriko eta Kataluniako beste hainbat juristarekin batera. Bera arduratu zen manifestua aurkezteaz, Arantza Isasmendi abokatuarekin batera.
Goirigolzarriri zenbait metastasi antzeman zizkioten biriketan, 2020an, eta bi ebakuntza egin zizkioten. Orduan, kasua Osakidetzatik Bartzelonako Vall d’Hebron ospitalera bideratzeko eskatu zuen, alternatiba bila; Basurtuko ospitalean (Bizkaia) antzeman ez zioten metastasi bat detektatu zioten han. Ordutik, osasun sistema publikoak bere kasuan izandako jarrera salatu zuen, eta tratamendu egokiak bermatzeko urratsak egiteko eskatu.