Arabako Ingurumen diputatu Amaia Barredok agerraldia egingo du Arabako Batzar Nagusietan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde zenean «garbi jokatu» zuela adierazteko, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak jakinarazi duenez. Barredok berak eskatu du agerraldia, eta azalpenak «gardentasun osoz» emango dituela adierazi du. Sailburuordea zela Bergarako hondakin instalazio baten kudeaketan ustez egindako irregulartasunengatik ikertzen ari da fiskaltza.
Ahaldun nagusiak ziurtatu du Barredok lizentzia emateko erabakia hartu zuenean Eusko Jaurlaritzaren txosten juridikoak «egokiak» zirela. Gonzalezen esanetan, hartutako erabakia legeak babesten zuelako «uste osoa» zeukan Barredok. «Ikerketak bere bidea egin dezan utzi behar dugu, eta espero dut azkenean salaketa artxibatuko dutela».
Gehitu du ahozko epaiketara heltzen bada Arabako Ingurumen diputatu izateari utzi beharko diola. Hala ere, ahaldun nagusiak nabarmendu du erakundeetako ordezkariek «lasai» egon behar dutela erabakiak teknikoen irizpideen eta juristen txostenen arabera hartzen direnean: «Horrela aritu zen Barredo, egiten ari zen hori legeak babesten zuelako uste osoan».
Gonzalezek jakinarazi duenez, Barredok ez zuen EAJ jakinaren gainean jarri ez ziolako «garrantzirik» eman: «Uste zuen ez zela gai garrantzitsua, kontuan izanda erabakia gobernuaren beraren txosten juridikoarekin eta gobernuko abokatuekin hartu zela, alegia, legezkotasun berme guztiekin».
Auziaren garrantziaz geroago ohartu direla aitortu du ahaldun nagusiak, eta ezin dela ezkutatu: «Niri zera dagokit, ahaldun nagusi moduan: gertatukoaren egia ekartzea eta lasaitasun osoz behar diren azalpenak ematea, bai gizarteari eta baita batzar nagusiei eta oposizioari ere».
Oposizioaren agerraldi eskaeren harira, Gonzalezek gogorarazi du Arabako Foru Gobernuko kideek astearte honetan bertan hartu zutela kargua. Deitoratu egin du gobernuari ehun eguneko tartea utzi ez izana: «Egungo politikan ez dago arnasteko denborarik ere».