Berria Taldea

Amagoia Mujika izango da BERRIAko zuzendaria, Martxelo Otamendiren ordez

BERRIA Taldearen akziodunen batzarrean jakinarazi dute nor izango den zuzendari berria. Euskaldunon Egunkaria-n, Egunero-n eta BERRIAn aritu da kazetari eta arduradun Mujika. Udazkenean BERRIAk egingo duen «jauzi garrantzitsua» xehatu du batzarrean. Otamendi Administrazio Kontseiluan sartuko da. Bea Zabalondok eskerrak eman dizkio eta oroigarri bat eman diote.

Amagoia Mujika Tolaretxipi. BERRIA
Jon Ordoñez Garmendia - Arantxa Iraola
2023ko ekainaren 3a
10:24
Entzun

BERRIA Taldeak akziodunen batzarra egin du gaur goizean Andoainen, eta han jakinarazi du nor izango den uztailetik aurrera BERRIAko zuzendari: Amagoia Mujika Tolaretxipi kazetaria (Andoain, 1971) izango da Martxelo Otamendiren lekukoa hartuko duena. Otamendik erretiroa hartuko du hiru hamarkadaz Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari izan ostean. Mujika (@mmuxika) BERRIAko zuzendariorde da 2019. urteaz geroztik, eta BERRIAko bigarren zuzendaria izango da. BERRIAk bihar Mujikari eta Otamendiri batera egindako elkarrizketa argitaratuko du.

Kazetaritza litzentziaduna da Mujika, eta eskarmentu handia du. Praktikak Euskadi Irratian egin zituen, eta gero Aiurri aldizkarian aritu zen. 1995ean hasi zen Euskaldunon Egunkaria-n lanean, eta hura itxi arte aritu zen bertan, Agenda, Gizartea, Politika eta Kultura sailetan. Egunkaria-ren itxieraren ondoren, Egunero-n aritu zen lanean, 2003ko ekainaren 21ean BERRIA argitaratzen hasi zen arte.

Hogei urte hauetan BERRIAko erredakzioan aritu da, Mundua eta Webgunea sailetan eta lurraldeetako Hitzetako arduradun. Donostiako Musika Hamabostaldian ere aritu zen lanean denbora batez, komunikazioan.

Erredakzioko zuzendaritza taldean sartu ondoren, 2019. urtetik BERRIAko zuzendariordea izan da Mujika. Iaz, Ukrainako gerra hasi berritan, herrialde horren eta Poloniaren arteko mugara joan zen berriemaile. Aurretik nazioarteko beste gertaera garrantzitsu batzuetan ere izan da berriemaile berezia; besteak beste, Kataluniako erreferendumean eta Hugo Chavez hil osteko Venezuelako lehen hauteskundeetan, 2013an.

Azken aldian buru-belarri aritu da lanean Mujika BERRIA ematekoa den «jauzi garrantzitsuan». Jauzi hori zertan datzan xehatu du akziodunen batzarrean: erredakzioaren funtzionamendua aldatuko da, eskaintza digitala indartzeko, euskarri digitaleko erabiltzaileen esperientzia hobetuko da, irakurleari edukiak pertsonalizatzeko aukera emango zaie, BERRIA entzuteko espazio bat sortuko da, podcastekin eta artikuluen audioak entzuteko ahots sintetiko neuronal batekin, gertuko informazioak leku propioa izango du webgunean eta azpiegitura tekniko berri bat sortu da, zerbitzu hobea emateko sarean, azkarragoa eta egonkorragoa.

Andoainen akziodunen aurrean jauzi digital horren beharra azpimarratu du Mujikak. «Aldi konplexua bizi dugu, eta aldi hau ulertzeko inoiz baino beharrezkoagoa da kazetaritza. Kazetaritza hobea egiteko helduleku bat izango da berrikuntza hau». Azaldu du «begirada propioa» izango duen kazetaritza bat behar dela, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako sortutakoa, garaiko erronkei erreparatuko diena: «feminismoaren begirada, gutxituen eta baztertuen begirada, klima larrialdiaren begirada...».

Paperean, duela bederatzi urte BERRIAn egin zen gogoeta sakonaren ondoren egindako apustua berretsiko du BERRIA Taldeak, Mujikak azaldu duenez. «Mundu osoko egunkariak ari dira aldatzen, krisi ekonomikoen eta kazetaritza krisiaren eraginez. Testuinguru horretan inoiz baino inportanteagoa bihurtu da BERRIAk papereko eskaintza horri eustea, euskaldunek merezi eta behar duten zerbitzua emateko».

Ikusi gehiago:Izan BERRIAlagun

Akziodunen batzarrean Bea Zabalondo BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko lehendakariak esker oneko hitzak izan ditu Otamendirentzat.«Egun hau berezia da niretzat, BERRIA osatzen dugunontzat, hemen gauden guztiontzat. Ohore handia, zinez», esan du, hunkituta: «Ezaguna zaigu Martxelok konbentzimendu osoz defendatu duela beti informazio askatasuna, eta horregatik larrutik ordaindu behar izan duela herri honek euskarazko egunkaria izatea. Profesional eredugarria izan da Martxelo euskal hedabideen historian».

Zuzendariaren dohainen gorazarrea egin du. «Berarekin bost minutuko solasaldia nahiko da ohartzeko zer jakituria zabala duen, zer memoria, zer gaitasun analisirako eta zein erraz bururatzen zaizkion egunerokoa interpretatzeko gakoak. Nondik ateratzen du hori guztia? Zer materia gris klase heredatu edo landu du buru horretan? Zer neuronak egiten dituzte hain konexio eta lotura fin bikainak? Ezaugarri horiek janzten dute». Irudi bat ekarri du gogora, 2003ko otsailean, Euskaldunon Egunkaria itxi eta gero, kartzelatik irten berri, «txikituta» utzi zuten gizon harena. «Orduan ere irmo hartu zenuen BERRIAren lema, atzerako imintziorik egin gabe. Eta hura ez zen soilik eredugarria izan, maitasun keinu erraldoia izan zen». Oroigarri bat eman diote Otamendiri, eta akziodunen txalo artean jaso du.

Estimatu ditu Otamendik Zabalondoren hitzak. Urteotan egin duen bideari dagokionez, «askatasuna» goraipatu du, batez ere, eta propio eskertu die akziodunei: «Eskerrik asko emango diguzuen askatasun eta lanerako konfiantzarengatik». Esker onak izan ditu lan taldearentzat ere: «Egunkari bat zuzentzea erraza da zuek bezalako jendearekin». Eta konfiantza erabatekoa erakutsi du zuzendari berriaren ardurapean egunkariak izango duen eboluzioan: «Amagoia Mujika Tolaretxipik BERRIA eramango du inoiz egon ez den maila batera».

Sorburuak ere gogoratu nahi izan ditu, 1990ean Euskaldunon Egunkaria-ren oinarriak jarri zituzten gizon eta emakumeak, haiek abiatu zuten «abentura zoragarriaren» tamaina goraipatu egin du.

Amagoia Mujikak ere biziki eskertu du Otamendiren ekarpena, eta harekin lan egitea «luxu» bat dela nabarmendu du. Haren ondoan beti zer ikasia badela gogoratu du.

Aurrerantzean Martxelo Otamendi Administrazio Kontseiluko kide izango da. Berarekin sartuko dira Eider del Canto eta Iñaki Lazkano. Erika Lagoma, Txema Ramirez de la Piscina eta Idoia Torregarai aterako dira.

Ikusi gehiago:'Euskaldunon Egunkaria' auziko epailea eta epaitua, mahaiaren alde berean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.