Irailaren 13an Gasteizko mutil bat desagertua zela salatu zuten haren ingurukoek, eta ikerketa bateratua abiatu zuten Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak. Ikerketaren ondorioa zera izan da: emakume batek eta mutil batek —ama-semeak dira— Burgosko (Espainia) etxe batean atxikita eduki dute gaztea, behartuta. Gaur askatu dute, eta ama-semeak atxilotu dituzte. Epaileak behin-behinean espetxera bidali ditu, legez kanpoko atxiloketa delitua leporatuta.
Gaztea atxikita egon zen gelako ateak giltzarrapo bat zuen kanpotik, gainerako geletara irtetea eragozteko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. «Atxikita egon zen denboran janaria murriztu zioten, eta garbitasun pertsonala ia erabat mugatu zioten. Gainera, gazteari ibilgailuko giltzak kendu zizkioten, ihes egiteko asmorik izan ez zezan», adierazi du Segurtasun Sailak, ohar baten bidez.