Ahots gozoa, baina doinu irmoa. Eta jario ederra. Emakumea 60 urteen mugan ibiliko da, hortxe-hortxe. Kafetegian bere hitzordu baten berri ematen ari zaio lagunari, zuzen-zuzenean telebisatu gabeko first date bat. Ez ozen, baina ondoko mahaitik arazo handirik gabe aditzeko moduan ari da hizketan. «Alarguna da. Lehenagotik ezagutzen nuen. Ni ere horrela nago, badakizu».
Gizona adi-adi dago, ezer esan barik. Andreak du hitza: «Oso atsegina izan zen arratsalde osoan. Gauean etxeraino eraman ninduen autoan. Kotxetik irten aurretik agurtu nuen eta ... ‘ez didazu musurik emango?’». Zur eta lur utzi zuen. «‘Ez duzu uste arinegi zoazela?’, esan nion. Modu onean, e? Gaztetan ez nuen musurik ematen lehen hitzorduan. Nolatan emango dut orain? Are gutxiago kotxe baten barruan!».
Emakumeari senarra hil zitzaion eta hark aitzina begiratu du. Zer egin behar zuen? Hala ere, gizaki batzuek oraindik ez dute ondo ikusten hautu hori. Gero eta gutxiago direla esango nuke. Eskerrak. Aspaldi da adineko gizon bati purrustada entzun niola andrazko alargunen kontra. Ospitale bateko gelan izan zen, seme heldua hantxe bertan baitzuen gaixo. «Arratsaldero ikusten ditut taldean, kafea hartzen. Eta pastelak. Ederki aprobetxatzen dira senarrek utzitako diruaz». Alboan emaztea zuen, isilik. «Zer pentsatuko ote du andreak?», esan nuen nire artean. «Kafea eta pastelak garraztuko zaizkio, astakilo hau lehenago badoa?».
Autoko gizona gustuko duela azaldu dio kafetegiko emakumeak lagunari, baina ez daki harekin erlazio bat hasiko ote lukeen orain. Denbora behar du. Gainera, seme-alabak ditu. Nagusiak dira, baina, hala izanik ere, harremana baldintza lezakete. Eta korapilatu. Tentuz ibili beharra dago. Bai, kontua ez da alargundu eta beste bikotekiderik ez izatea, antzina bezala —batik bat emakumezkoen kasuan: gizona hil ondoren bizi artean beltzez janztea zen haien patua—. Joanak dira garai haiek, baina pertsonak eta egoerak daude: «Eta etxekoek nire bikotekide berria gogokoa ez badute? Haiei kasu egin behar diet, neure burua sakrifikatu, eurek etxetik alde egin eta ni bakar-bakarrik geratu naizenean?». Ondorioak latzak izan daitezke, oso gutxitan bada ere. Gurasoen eta seme-alaben arteko hartu-emanak ozpin litezke eta betiko hauts.
Noiz histen dira dolu-prozesuak? Noiz sendiaren eta jendartearen begirada inkisitoriala? Mugarri argirik balitz...
Bada halako kasurik. Sueddeutsche Zeitung egunkariak gurasoekin erabat apurtu duten lau lagunen testigantzak argitaratu zituen urtarrilean. Horietako bat da Annabel (39 urte): «Guraso bereziak izan ditut. Lau urte nituenean bereizi egin ziren. Ama urte berean ezkondu zen berriz». Annabelek umeak izan zituenean haren aurka hasi zen ama, gaizki esaka, etxeko txikien aurrean. Tratu zaila beti. Laugarren haurra jaio eta azken saioa egin zuen neskak gurasoekin. Alferrik. «Geroztik ez nituen besarkatu ere egin nahi. Irailean biak blokeatu nituen eta haien zenbakiak ezabatu. Neure buruarentzat egin nuen eta neure umeentzat ere bai».
Noiz alargundu zen kafetegiko emakumea? Handik eta hilabete batzuetara beste harreman bat hasi balu, zer pentsatuko zuketen etxekoek? Eta ezkonbizitza sufrikarioa izan badu? Halakoetan bost piper gorri inporta dizkio norberari plantak egiteak, baina... Noiztik aurrera onartuko lukete familiak eta gizarteak alargunaren erabakia aurrera segitu eta bizia ostera ere bizitzen hasteko? Dibortzioak dakarren sumina eta alarguntzeak eragiten duen bihozmina ez dira berdinak, noski. Noiz histen dira dolu-prozesuak? Noiz sendiaren eta jendartearen begirada inkisitoriala? Mugarri argirik balitz...
Altxatu dira kafetegiko emakumea eta laguna. Zer egingo du andreak etorkizunean? Geroan baitugu gogoa. Berriro elkartuko da, noizbait, autoko gizonarekin? Hori da aukeretako bat. Ez bakarra, ordea. Aurrera joan ezinik gera liteke; blokeatuta, seme-alabek blokeatuko ote duten beldur. Eta lagunekin segituko du, arratsaldero kafea hartzen. Eta pastelak. Ez baitu musurik ematen kotxe baten barruan. Are gutxiago lehen hitzorduan.