Ama batek salatu du 18 urteko alabari sexu erasoa egin ziola bezero batek, Zallako (Bizkaia) taberna batean lanean ari zela. Biharamunean erasoa salatu zuten emakumeak, eta, orduan, kaleratu egin zuten. Amaren arabera, tabernako arduraduna biktima «isilarazten» saiatu zen. EITBk izan du jazotakoaren berri.
Amak sare sozialen bidez zabaldu du bideo bat, eta, bertan dioenez, alaba Zallako jubilatuen etxeko tabernako zerbitzaria zen. «48 urte inguruko» gizon bat salatu zuten asteburuan, sexu erasoak «behin eta berriro» egitea egotzita: «Ukituak, musu emateko saiakerak, borrokak eta mehatxuak» egin zizkion gizonak, amak kontatu duenez. Auzitara jo zuten, eta epaileak «gertaera larritzat» hartu zuela azaldu du amak; urruntze agindua ezarri zion bezeroari.
Langileak tabernako arduradunari kontatu zion gertatutakoa, eta urruntze aginduaren berri eman zion. Bada, hurrengo egunean kaleratu zuten gaztea: horrek «harritu» du gehien ama. Aurretik biktima «isilarazten» saiatu zela ere azaldu du, eta berak kontatutakoa zalantzan jarri zuela.
Enkarterriko talde feminista jakinaren gainean jarri du amak, eta aurreratu du taberna kudeatzen duen emakumearen «jarrera iraingarria» gaitzetsiko dutela. Elkarretaratzea egin dute eguerdian, Zallako udaletxearen aurrean.
Lan ikuskaritzaren aurrean ere salaketa jarriko duela iragarri du, alabak egiten zituen lanorduak baino gutxiago aseguratzeagatik —45 ordu egiten zituen astean, eta hamar orduz aseguratzen zuten— eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago ordaintzeagatik: 1.000 euro ordaintzen zizkioten.
Zallako Udaleko taldeek indarkeria matxista guztien aurkako «erabateko gaitzespena» adierazi dute ohar batean, eta agindu dute biktimaren esku jarriko dituztela behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak eta sanitarioak. Herritarrei dei egin diete elkarretaratzean parte hartzera.
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen
Gasteizen, berriz, Ertzaintzak 55 urteko gizon bat atxilotu du goizaldean, emakume bati ukituak egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, ordu bata aldera, gizon batek ukituak egin dizkio Arriaga-Lakua auzoko joko etxe baten kanpoaldean. Gero, emakumearen bikotekideak gizon hori jo du, eta borrokan hasi dira: bikotekidea alde batetik, erasotzailea eta haren bi lagun bestetik.
Ertzainak iritsi direnean lau gizonak identifikatu dituzte. Gero, atxilotu egin dituzte erasotzailea eta emakumearen bikotekidea. Bati sexu erasoa egitea egotzi diote; besteari, berriz, lesio delitua. Txagorritxuko ospitalera eraman dituzte aurrena, zauriak artatzera.