Negoziazioak Nafarroan

Alzorriz: "Pedro Sanchezek nire hitzak berretsi ditu"

Jose Luis Abalosek edo Carmen Calvok zentzuzkotzat eta interesgarritzat jo zuten Esparzaren eskaintza, baina gaur PSNko Antolakuntza idazkariak esan du ez dituela entzun. "Ez diogu botorik emango Esparzari", berretsi du, irmo.

Maria Txibite eta Ramon Alzorriz, aste honetan Nafarroako Parlamentuan. IñIGO URIZ, FOKU
joxerra senar
2019ko ekainaren 7a
12:29
Entzun

Foku guztiak Nafarroara begira daude, PSNk zer egingo duen zain. Atzo egon ziren mugimendu politikoen jakitun, Sanchezen hitzei tinko heldu die Ramon Alzorrizek, PSNko Antolakuntza idazkariak. Sanchez prest agertu da Navarra Sumako hautagaiaren proposamena entzuteko, baina Espainiako gobernabidera mugatu zuen soilik. "Nire hitzak berretsi zituen. PSN eta PSOE gauza bera gara", adierazi du, eta bere mezua zuzendu dio Navarra Sumari: "Utz diezaiotela Nafarroa erabiltzeari. Ez dezatela Kataluniako sumina hona ekarri. Bakea nahi dugu, ez dugu suminik nahi".

Gaur eguerdian Ezkerra eta PSNko ordezkariak bildu dira Nafarroako Parlamentuan. Bilerak ordubete pasatxo iraun du. Gero, Alzorrizek hitz egin du kazetarien aurrean, eta aurreko bi egunetan bezain tinko mintzatu da, eskuinaren gobernu bat ahalbidetuko ez dutela argi utziz.

Esparzak asteazkenean iradoki zuen prest zegoela Espainian Pedro Sanchezen abstentzioa ahalbidetzeko abstentzio bidez, trukean Nafarroako Gobernua eskuinaren eskuetan utziz gero. Hori ikusirik, Alzorrizek "traidoretzat" jo du Esparza, atzo egin bezala. 2012an, UPNk gobernutik kanporatu zituelako edo aurtengo Espainako aurrekontuak ez dituelako onartu traizio egitea aurpegiratu dio. Bere hitzetan, Espainiako Kongresuan UPNren botoak ez dira erabakigarriak, edo bederen ez dute Unidas Podemoseko edo EAJren botoak baino gehiago balio.

Hala, Espainian zein Nafarroan, "erantzukizuna" eskatu dio Navarra Sumari: "Hemen askotan eskatu zaio alderdi sozialistari erantzukizunez jokatzeko. Orain ardura ere badu Navarra Sumak". Alzorrizen arabera, 23 parlamentariko gehiengoa Navarra Sumaren 20ko gehiengoaren gainetik dago. "Konpromiso irmoa dugu aurrera egiteko".

Marisa de Simonek, Ezkerrako parlamentariak, adierazi du ordezkari bakar bat izanda ere, ahal duten guztia egingo dutela eskuinak gobernatu ez dezan. Herritarren gehiengo batek, ezkereko politika aurrerakoien alde egin dutela deritzo. Etorkizuneko hipotesiez ez du ezer aurreratu nahi izan.

Berriozarko Udalean, bertako taldeak autonomia duela aipatu du, baina euren irizpidea da "lehen indarraren eskuetan" (EH Bildu) uztea alkatetza, eta inondik ere, bat ez egitea eskuinarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.