PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek esan du Nafarroak «justiziarekin, egiarekin eta erreparazioarekin» egin behar duela aurrera, eta helburu hori lortzeko bidean UPN eta PP oztopo direla. «Nekaturik gaude ETA etengabe berpizteaz eta biktimak manipulatzeaz», salatu du. Azaldu duenez, PSNk konpromiso argia dauka «memoria historikoarekin eta demokraziarekin Nafarroan». Ildo berean, Nafarroako eskuinaren aurkako salaketari eutsi dio, eta inoiz baino akusazio argiagoak egin: «ETAren biktimen samina erabiltzen» ari direla esan du, eta horrek oztopatu egiten duela «Nafarroaren batasuna eta aurrerabidea».
«Sozialistok ETAren biktima gara. Urte askoan demokrazia defendatu dugu, eta zenbait alderdikide galdu ditugu, erbestera joan behar izan dutelako eta mehatxuak eta irainak egin dizkietelako», adierazi du Alzorrizek. Eta erantsi du PSNk terrorismoaren aurkako borrokari eutsi diola, «bere forma guztietan». Horregatik, gogor salatu du «ETAren ondorenarekin egiten ari diren manipulazioa». Haren arabera, «demokraziak ETA garaitu zuen, 2011n». Aurrera egin nahi du PSNko eledunak, «ahaztu gabe», eta horretarako formula zein den errepikatu du: egia, justizia eta erreparazioa.
«Ezin da jarraitu Nafarroa zuri-beltzean ikusten, eskuineko alderdiek sustatzen duten moduan»
RAMON ALZORRIZPSNko Antolakuntza idazkaria
«Ezin da jarraitu Nafarroa zuri-beltzean ikusten, eskuineko alderdiek sustatzen duten moduan», jarraitu du. Alzorrizek arbuioa azaldu die «gorrotoa» hauspotzen dutenei, «ETA etengabe berpizten dutenei». PSNko gidariak garbi esan du haren alderdiak ez duela nahi «UPNk eta PPk proposatzen duten Nafarroa itsusi eta zikin hori». Horren ordez, sozialistek zera proposatzen dute, «Nafarroa baikorra, geroa duena».