Euskal Y-aren Nafarroako lotunearen inguruko eztabaida agenda politikoan da berriz ere. Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) lotunearen inguruko zurrumurruek indar hartu bazuten ere, alderdi sozialistako kideek Gasteizen aldeko apustua berretsi dute egunotan, noiz-eta euskal erakundeak Espainiako Garraio Ministerioaren txostenaren zain dauden honetan. Argi hitz egin du Ramon Alzorriz PSNko eledunak: «Gasteiztik pasatu ezean, ez da egingo».
Alzorrizen esanetan, euskal Y-a Ezkion lotzea ez da posible, «ez fisikoki, ezta ekonomikoki ere». Argudiatu du ez dela bideragarria «Aralar alde baterantz zein besterantz hogei kilometro zulatzea, akuiferoak suntsitzea eta ingurumenari eraso egitea», eta PSNk ez duela onartuko halakorik egitea.
Hitz horiek erreakzio ugari eragin dituzte, eta kontra azaldu dira Geroa Bai, UPN eta PP. Geroa Baiko eledun Pablo Azkonak «zuhurtzia» eskatu die sozialistei: «Gai serio eta garrantzitsua da Nafarroarentzat». Hain zuzen, koalizio horrek Gipuzkoako lotunearen alde egin izan du, eta Azkonak nahi hori berretsi du gaur ere, argudiatuta «mapari erreparatu» besterik ez dagoela hura defendatzeko.
Hala, Espainiako Garraio Ministerioari zuzendu zaio, eta eskatu dio ondo aztertzeko azken hilabeteetan mahai gainean jarri den alternatiba. Abenduan, Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarri idazkariak adierazi zuen Nafarroako AHTa eta euskal Y-a Aralarko mendilerroan barrena lotzeko proiektu alternatibo bat aztertzen ari dela ministerioa, eta inguruetan prospekzioak egiten ari dira orain.
Barkosen galdera Madrilen
Alzorrizen adierazpenen harira, Garraio Ministerioarentzako zenbait galdera erregistratu ditu Geroa Bai-ko eledun Uxue Barkosek, Espainiako Senatuan. Ezkioko lotuneari buruzko txostena bukatu ote duen galdetu dio Barkosek Espainiako Gobernuari. Zehazki, «prospekzioen bukaera data zehatza» eta txostenaren edukia eskatu ditu, eta galdetu du ea txostenean jasota dagoen «akuiferoak suntsitzeari buruzko aipamenik».
UPNk eta PPk, berriz, salatu dute PSNk ez diela nafarren interesei erreparatzen auzi horretan, eta PSOEk eta PSE-EEk erabakitzen dutena onetsiko dutela Nafarroako sozialistek. PSEk Gasteizen alde egingo duela dirudi. Gipuzkoako ordezkari instituzionalek halakorik adierazi ez badute ere, argigarriak dira El Correo egunkariak asteburuan argitaratutako elkarrizketetan Javier Hurtadok eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako sailburuak esanak. Lehena Arabako PSEko burua da, eta, Alzorrizen antzera, esan zuen AHTa Gasteiztik pasatu ezean ez dela egingo. Bigarrena, berriz, gipuzkoarra da, eta, hain argia izan ez bazen ere, norabidea berdina izan zen: «Mundua ez da eroriko AHTa ez bada Nafarroara Gipuzkoatik barrena iristen».
EAJn ere, lurraldeen arteko eztabaida piztu du AHTaren gaiak. Hain zuzen, gatazka horiei egin die erreferentzia EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko eledun Adolfo Araizek: «Ez dugu zalantzarik: Gasteizekiko konexioa hobetu egin behar da. Baina gainerakoak lurralde mailako eztabaida alderdikoiak dira; Arabako erakundeetako ordezkariek gauza bat esaten dute, eta Gipuzkoakoek, beste bat». Hitz horiekin batera, «tren sozialaren» aldeko apustua berretsi du: «Egungo plataforma aprobetxatuko duen tren eredu bat».