Alzehimerraren atzean dauden mekanismoak zein diren azaldu du nazioarteko ikerketa batek. Zehazki, gaixotasun horretan neuronak nola hiltzen diren ikasi dute. Amaia Arranz Ikerbasqueko ikertzaileak parte hartu du lanean. «Gure aurkikuntzak itxaropentsuak dira eta ikuspegi berriak zabalduko dituzte Alzheimerren gaixotasunaren ikerketan», dio ikerlariak.
Science aldizkarian argitaratu dute lana, gaur; eta 2017an argitaratutako bertze ikerketa baten jarraipena da. Lana egiteko xagu ereduen garunak erabili dituzte. Berez, animalia horiek ez dute alzheimerrik, gizakien gaitz bat da. Baina ikerketa egin ahal izateko gaixotasun horren zenbait ezaugarri garatuarazi dizkiete xaguei. Gainera, aztergai zituzten burmuinek gizakiaren burmuinaren antza gehiago izan zezaten, giza jatorriko neuronen transplanteak egin zizkieten.
Alzheimerraren ezaugarriak zituen ingurunea prest zutela, bertan gertatzen zena aztertzen hasi ziren. Hala, ikusi zuten giza jatorriko neuronak hil egiten zirela, baina xaguenak ez. «Badago zerbait giza zeluletan alzheimerraren ezaugarriak dituen giro batean daudenean hilarazi egiten dituena», dio Arranzek.
Gizakien neuronak hiltzen direla ikasteaz gain, jakin ahal izan dute nola gertatzen den: «Nekroptosia izeneko mekanismo batek eragiten du zelulak hiltzea». Arazoa zerk eragiten duen jakitean, gaitza sendatzeko edo haren sintomak agertzea atzeratzeko aukeren bila hasi ziren. «Animalia horiei sendagai batzuk eman dizkiegu, eta lortu dugu giza jatorriko neuronak ez hiltzea», borboildu du Arranzek.
Emaitza hori «oso garrantzitsua» dela azpimarratu du Arranzek. Izan ere, neuronen heriotza Alzheimerren gaitzaren ezaugarri nagusietako bat da, eta horrek eragiten du urritasun kognitiboa, dementzia. «Oso goiz da ezer esateko, baina pentsatzen dugu ikerketa honek alzheimerraren tratamenduak garatzen lagundu dezakeela», dio Arranzek.