«Ez da hau Pirinioetarako nahi dugun garapena». Aldude Mendia Koordinakundeko presidente Juan Luis Martinezenak dira hitzak. Talde horrek eta SEO/BirdLifek berriki Iruñean egindako agerraldian erran zituen, Magna enpresak Zilbetin (Nafarroa) magnesita ustiatzeko egin nahi duen meatze proiektuaren harira. Baztan aldean piztu zen, lehendabizi, minerala ateratzeko meatzea egiteko asmoa, Erdiz izeneko eremuan. Herritarren ezezko sendoak, ordea, Zilbetira begira jarri zuen enpresa. Ez da hori Pirinioetan sortu den proiektu bakarra. Aurizberrin (Nafarroa), silizea ustiatzeko meatzea egin nahi du Silices Navarra enpresak, Mendiaundia eremuan.
Zilbetiko eta Aurizberriko proiektuek, biek, Aldude mendiko zaintzagune bereziari eraginen liokete, eginez gero. Europak babestutako eremua da hori. Mineraletan aberatsa da Aldudeko mendigune paleozoikoa. Magnesita onena, antza, Baztan aldean dago. Horregatik, Magnaren proiektuaren aurka mugitu ziren herritarrek uste dute enpresak ez duela erabat baztertu han meatzea egiteko asmoa. Zilbetikoa abiarazteko, Nafarroako Gobernua alde izan dute, orain arte, eta behin mendigunea eremu horretan zulatuz gero, gainerako proiektuak garatzea errazagoa izanen duten beldur dira egitasmoen kontra Aldude Mendia Koordinakundean bat egin dutenak.
Beldur dira, ez delako meatzeek ekar dezaketen garapena Pirinioetako herrientzat nahi dutena. Bertan bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute, ozen; aurrera egiteko eskubidea; baina ez, ordea, edozein prezio ordainduta. Meatzeen aldeko apustuak, zalantzarik gabe, eragin zuzena izanen luke Nafarroako Pirinioetako herrien egungo ekonomia moldeetan, azken urteotan turismoa bilakatu baita ibar horietako motor. Abeltzaintzak eta egurraren ustiatzeak behera egin duten neurrian, ingurumenarekin, Pirinioetako paisaiarekin eta han bizi diren animaliekin eta landareekin lotutako turismoak nabarmen egin du gora.
«Europako Costa Rica»
Iberiar penintsulako hiru eremu biogeografikoak ageri dira Nafarroan: atlantikokoa, mediterraneokoa eta alpeetakoa. Horrek, aberastasun handia ematen dio. «Europako Costa Rica izan daiteke Nafarroa», nabarmendu du Koldo Villalbak. Iruñean jaio, baina Orbaizetan bizi da, Aezkoan. Itari Natura enpresaren jabea da. Ingurumen hezkuntza jorratu, eta bisita gidatuak antolatzen ditu Pirinioetan. «Trantsizio eremu batean dago Nafarroa, eta, ondorioz, eremu txiki batean hamaika ekosistema aurki daiteke. Animalien eta landareen aberastasuna ikaragarria da. Argi dut hemen sekulako aukera dela naturarekin lotutako turismoa».
Ez du hori bakarrik uste. Azken urteotan, landetxeekin eta turismoarekin lotutako bertzelako hamaika jardueraren kopuruak gora egin du Pirinioetako herrietan. Aezkoan, Iratiko oihana da, zalantzarik gabe, izar nagusia. Orbaizetako sarreratik urtean 50.000 bisitari sartzen dira 17.000 hektareako pagadi horretan, eta Otsagabiako bertze sarreratik —Zaraitzuko ibarrean—, bertze 50.000.
Erakundeak ere gero eta argiago ari dira turismoaren aldeko apustua egiten. Zaraitzuko Ibarreko Batzarrak, adibidez, Nafarroako Gobernuaren eta Europaren laguntza jaso du proiektu bat garatzeko, Zuberoarekin batera. Egitasmo horren bidez, Iratiko etxeak berritu dituzte. Uztailaren 23an inauguratu zuten azpiegitura bat: harrera eta informazio gunea, taberna, erakusketa gela eta bertze ditu. Zaraitzuko eta Zuberoako agintariek, halaber, zortzi kilometroko ibilbide bat prestatu dute elkarrekin, turistentzat.
«Gure apustua da Irati natur parke bilakatzea», azpimarratu du Mikel Aoizek, Zaraitzuko Ibarreko Batzarreko kideak. Ibarreko arazo nagusia, oraindik ere, herrien hustea dela azaldu du Aoizek, eta arazo horri aurre egiteko, herritarrei bertan lan egiteko aukerak ematea da bidea, haren ustez. Aukera horien artean, turismoak ematen dituenak nabarmendu ditu. «Oso irtenbide garrantzitsua da».
Onartu du, hala ere, esparru horretan oraindik lan handia dagoela egiteko. «Udan etortzen da jendea, eta udazkeneko asteburuetan eta Aste Santuan ere bai, baina gainerako sasoietan zaila da jendea erakartzea». Neguan ere bisitariak hartzea da Aezkoako agintarien erronketako bat, eta Abodin, eski estazioaren osagarri, eskiatzaileentzako egoitza bat prestatzen ari dira. «Etxe txikia izanen da, argi baitugu turismoa ez dugula edozein modutan garatu nahi».
Lanpostuak sortzeko bidean ere, Iratira joaten diren bisitariei zazpi euroko sarrera kobratzen hasi da berriki Zaraitzuko Ibarreko Batzarra. «Garestia eman dezake, baina, sarrera horren truke, ibarreko dendetan lau euroko beherapena dute, eta mapa bat jasotzen dute doan. Jendeak bertan kontsumitzea nahi dugu. Ibarrean lo egiten duten bisitariek 1,5 euro baino ez dute ordaindu behar izanen sartzeko».
Zerbait gehiago eskaini behar zaio turistari. Hori argi du Koldo Villalbak. Eta azpimarratu du turismoan aritzen direnek prestatu behar dutela. Itari Naturak, adibidez, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskaintzen ditu bere zerbitzuak, apiriletik. «Familia bat, lagun talde bat, edo kanpotik landare jakin bat ikustera datorren aditua hartzeko prest egon behar dugu. Eskaintza berrituz joan behar dugu», erran du Villalbak.
Gauzatuz gero Zilbetiko eta Aurizberriko proiektuek izanen luketen eraginak kezkatzen du Villalba. Nabarmendu du auzia ez dela erraza. «Hemen bizitzea, askotan,irautea da; are gehiago oraingo krisi garaian. Jendeak lan egiteko beharra du. Hala ere, nekez uler daiteke halako proiektuek tokirik izatea zaintzagune berezi batean. Okil gibelnabarra bizi da, adibidez, Zilbetin». Galtzeko zorian dagoen babestutako hegazti bat da hori.
Okil gibelnabarra bezala, desagertzeko zorian direla sentitu dute, anitzetan, Nafarroako Pirinioetako herritarrek. 4.000 inguru bizi dira denera Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkarin. «Jende gutxi, administrazioak kontuan har gaitzan», salatu du Villalbak.
Garatzeko modua, gakoa
Sentipen hori bera du Diego Buenok ere. Ostalaria da, Izaban, Erronkarin. Turismoa du ogibide. Egungo krisiaren eragina anitz sumatzen ari direla azaldu du, baina baikor da turismoak Pirinioetako ekonomia garatzeko ematen duen aukerari buruz.
Garatzeko moduez zer erran badu, hala ere. «Naturak erakartzen du bisitaria, argi eta garbi, eta hari eutsi behar diogu». Esparru horretan, Nafarroako Gobernuak eta Erronkariko Ibarreko Batzarrak bultzatutako hainbat proiektu ez du begi onez ikusi. Zain Dezagun Larra plataformako kide izan zen, naturgune horretan egindako eski estazioaren aurka.
Contiendan eta Ferialen egindako aterpeen neurriarekin ez dago ados. «Behar baino anitzez ere handiagoa da. Eta ez du erakarri lehen baino jende gehiago. Ez digu mesederik egin; ez du lanposturik sortu». Naturguneen Legea aldatu zuen gobernuak Larran eski estazioa egiteko, babestutako eremua baita.
Negurako da elurra. Udan, kultura bilakatu da Erronkarin turisten deitzaile. Lau museo badira ibarrean, eta Burgiko almadiaren Egunaren gisako bestak hagitz ezagun bilakatu dira. Kultura ere gorde eta erakutsi beharreko altxorra dela azpimarratu du Fernando Hualdek, Izabako ikerlariak. Altxorra ez bukatzea da kontua.
Nafarroako Pirinioak (eta II). Ingurumena eta turismoa
Altxor handi bat gordetzeko
Nafarroako Pirinioetako ibarretan, gora egin du, nabarmen, ingurumenarekin lotutako turismoak bertako ekonomian duen pisuakKezka agertu dute hainbatek inguruko meatze proiektuek izan dezaketen eraginaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu